Poolan Devi, loreen jainkosa, bandoleroen erregina

Emakume indiar honek 43 urte ditu orain. 1995ean alderdi politiko bat sortu zuen, kasta marjinatuen alde lan egiteko eta, geroztik, diputatu da. Emakume honen bizitza gogorra izan da, hunkigarria.

Indiako Chambal ibaiaren ondoan jaio zen, urak mendeku-egarri aseezina sortzen duen ibai madarikatu horren ondoan, behe-kastako familia batean. Hamaika urte besterik ez zuela, aitak Puttillal izeneko tipo nazkagarri bati entregatu, edo saldu egin zion behi baten eta bizikleta baten truke. Handik pixka batera, Puttillal senarrak zapuztu eta arbuiatu egin zuen Phoolan gaixoa. Gurasoen etxera itzuli behar izan zuen. Hain gazte bizi-alargun geratzeak, arazo handiak ekarri zizkion, batez ere atzetik zebilzkion gizon izena merezi ez zutenen aldetik. Nahi zutena lortzerik ez eta haren izena zikindu eta fama txarra gupidarik gabe zabaldu zuten. Gauzak horrela, aitak berriro Puttillal higuingarriari itzuli zion. Ordurako hau berriro ezkondua baitzen, esklabu-lanetara behartu zuen. Gau batean, hirira joateko aitzakian atzipetu eta ibai-bazterrean abandonatu zuen Phoolan zoritxarrekoa. Eta berriro gurasoen etxera.

Familiarteko liskar itsu batean, salatu egin zuten Phoolan dohakabea, eta borrokaren errua egotzi. Hilabete bat pasa zuen kartzelan. Han, bortxatua eta torturatua izan zen, behin eta berriz.

Handik atera, eta bandolero-talde batek bahitu egin zuen. Buruzagiak beretzat nahi zuen emakume gazte hura. Baina, Vikram buru-ordeak okasioak izan zituen bere buruzagiarekin eta hil egin zuen. Orduan, Phoolan beretzat hartu zuen.

Bandolero haiek ez zuten gaiztakeria asmo txarrez egiten, aberatsei kendu eta pobreei ematea zen kontua. Phoolan ere horretan aritu zen, gizaseme jantzian, bibote eta guzti. Inguruko terratenienteek Vikram hil egin zuten eta Phoolan preso sartu. Nola ez dakigula, ihes egitea lortu zuen, eta bere bandolero-talde propioa antolatu zuen.

Handik hilabete batzuetara, Behmai-ko sarraski famatua gertatu zen, 32 terrateniente akabatu zituzten. Frogarik gabe, baina Phoolan ere kartzelan sartu zuten.

Ordurako sona handia zuen eta jendeak mirespena handia zion lurralde osoan, batez ere kasta marjinatuen artean, “bandoleroen erregina” esaten zioten. Bandolero-talde hura hain sendoa eta gogorra izanik, agintariek, arazoa konpontzeko, negoziatzea erabaki zuten. Eta hala, 7.000 pertsonaren aurrean entregatu ziren Phoolan eta kideak. Hamaika urte kartzelan eduki ondoren, 1994ko abuztuan libre utzi zuten.

Phoolan Devi Loreen Jainkosa (horixe esan nahi du izenak), bandoleroen erregina deitua, kasta marjinatu baten familian sortua, hamaika urterekin Puttillal higuingarriari saldua, hamaika aldiz bortxatu eta torturatua, behin baino gehiagotan kartzelaratua, pobreen alde gaiztakeria asko egina, han ari da orain Indian, diputatu parlamentuan, beste bide bat hartu eta marjinatuen alde gogor lanean.

HIZTEGIA

ATZIPETU.- Engainatu.
BAHITU.- Secuestrar.
BIZI-ALARGUN.- Divorciado/a.
BORTXATU.- Violar.
BURUZAGI.- Jefe.
DOHAKABE.- Zoritxarrekoa. Desgraciado/a.
EGOTZI.- Leporatu. Atribuir.
ERRU.- Hobena. Culpa.
GUPIDA.- Errukia. Compasión.
HUNKIGARRI.- Zirraragarria. Emocionante.
LISKAR.- Borroka, sesioa.
MENDEKU.- Venganza.
MIRESPEN.- Admiración.
NAZKAGARRI.- Higuingarria. Asqueroso/a.
SARRASKI.- Triskantza. Carnicería.
ZAPUZTU.- Rechazar.




2001-05-01
16362625
1263