Ehun urte Verdiren operak kantatzen

Giuseppe Verdiren heriotzaren lehen mendeurrena ospatzen da aurten, operaren jenioa eta Italiako nazioaren sorrera eragin zuen Risorgimentoren sinbolo den artista handiarena.

Giuseppe Verdi 1813ko urriaren 10ean jaio zen, Po ibaiak inguratzen duen Parma herrian, Italiako iparraldeko Emilia Reggia eskualdean. Gurasoak ez ziren aberatsak, pobreak ere ez. Aita ostalari xume bat zen, ama irulea. Ez zen lehendik familia hartan musikarako inolako tradiziorik. Giuseppe mutil koskorra zela, On Pietro Baistrocchi herriko Bikarioak oinarrizko gai batzuk sartu zizkion buruan, eta bihotzean: irakurtzen irakatsi zion, latinezko gauza batzuk eta musika pixka bat ere bai, Parrokiako organista baitzen.

Hamar urte egin zituenean, gurasoek sorlekutik gertu zegoen Bussetoko institutuan matrikulatu zuten. Pietro Selettirekin humanitateak ikasi zituen, eta Ferdinando Prevosi Bussetoko kapera -maisuarekin harmonia eta kontrapuntua. Bazen herri hartan elkarte filarmoniko txiki bat eta Antonio Barezzi merkatari aberatsa zen elkarte horretako burua. Flauta-jole amorratua izaki, asko lagundu zion Verdi gaztetxoari zaletasuna sortzen, eta musika lantzen. Berehala hasi zen konposizio xumeak eta errazak egiten. Verdi ez zen geldirik egotekoa, eta beti aurrera egiten zuen, batere kikildu gabe. Ausardia ere erakutsi zuen. adibidez, Rossiniren Sevillako barberua operarako obertura berri bat egin zuenean.

Pixkanaka-pixkanaka txiki geratu baitzitzaion Busseto herria musikagile gazteari, 1832ko udaberrian Milanera joan zen, kontserbatorioan ikasteko asmoarekin, Bussetoko adiskide batzuen laguntzari esker. Baina, Verdiren atsekabea ez zen nolanahikoa izan, ez baitzuten kontserbatorioan onartu; alde batetik atzerritarra zelako, Parmako dukerrikoa baitzen, eta ez Lombardiakoa. Beste oztopo bat adinaren kontua izan zen, gehienez 14 urte behar ziren han izena emateko, eta berak 18 zituen. Gainera, aztertzaileen ustez, piano-azterketa ez zen hain ona izan. Dena dela, eman zioten diru-laguntzarekin Milanen geratu zen. La Scala antzokiko kantariei laguntzen aritzen zen. Vicenzo Lavigna musika-maisua prest azaldu zen, Verdi gazteari eskolak emateko. Garai hartan eskola haietan ez zen musika-konposatzen irakasten. Hori eskolatik kanpo egin behar zen, nork bere kontura probak eginez, intuizioa eta sena landuz, antzokietara opera entzutera joanez, partiturak kopiatuz, pianoa joz, eta abar.

Hiru urte eman zituen Milanen opera-partiturak ikasten: Paisiello, Mozart, Donizetti, eta beste zenbait. Horrezaz gain, Haydnen eta Mozarten kamera-musika asko aztertu zuen eta ikasi (Beethovenen kamera-musika ez omen zuen hain gogoko). 1834an, 21 urte zituela, ospe handia lortua zuen aristokraten eta filarmonikoen artean.

Baina Verdi konformagaitza izaki, beste asmo handi batzuk zituen buruan, musika ikastetik musika egitera pasa nahi baitzuen, berak egindako opera bat estreinatzea zuen amets. Horretarako, batera eta bestera mugitu beharra zuen, antzokietako arduradunak bereganatzeko. Presa ere handia zuen, ikusten baitzuen lan horietan berandu samar hasia zela. 25 urte zituen garai hartan, eta adin horretan Rossinik hogei bat opera estreinatuak zituen, eta Donizettik 20 urte egin baino lehen antzerki-obra batzuk eginak.

Lortu zuen azkenean La Scala mitikoan Oberto conte di San Bonifazio bere lehen opera estreinatzea, eta jendea oso pozik atera zen. Baina, hasieran gauzak ez dira askotan hain samurrak izaten, eta ustekabeak ere maiz gertatzen dira. Bere lehenengo operaren arrakasta gozatu ondoren, Un giorno di regno bigarren operarekin sekulako porrota izan zuen, lur jota geratzeraino. Gainera, egun haietan semea eta alaba hil zitzaizkion, eta handik hilabete batzuetara, emaztea.

Hala eta guztiz ere, ez zuen etsi, ta gogoz heldu zion berriro lanari. 1842an, 29 urte zituela, Nabucco ospetsua estreinatu zuen. (Nork ez du dutxan opera honen pasarteren bat edo beste abestu). Opera horrek egundoko arrakasta izan zuen, 57 bider antzeztu zen La Scalan, Vienan, garai hartako hiriburu politiko eta kulturalean, aurkeztu baino lehen.

Berrogeigarren hamarkadaren erdi-aldera, Verdi oso ospetsua zen, haren musika Europako antzoki pribilegiatuen zirkuituan entzuten zen. 1844an, sekulako fama lortu zuen Ernani operarekin. Venezian estreinatu ondoren, Italiako 60 antzokitan antzeztu zen. Baina, zalantzarik gabe, Verdi bere trilogia entzutetsuarekin heldu zen famaren gailurrera: Rigoletto (Venezia, 1851), Il trovatore (Erroma, 1853) eta La Traviata (Venezia, 1853). 1853tik 1871era arte beste zazpi opera egin zituen. Jadanik munduko bazter guztietan ezaguna zen Verdiren musika bikaina: Atenas, Paris, Madril, Buenos Aires, New York, Australia...

1859an bigarren aldiz ezkondu zen, Giuseppina Streponi kantariarekin. Lehendik ere elkarrekin bizi ziren, jendearen esamesei inolako jaramonik egin gabe. Geroxeago, Cavour ministro piemontear eta Italiako Batasunaren arkitektoak, postu bat eman zion Italiako Parlamentuan. Gazte-garaiko Verdi errepublikarra, benetako abertzale egin zen, eta Risorgimento giroan sortutako nazio gaztearen sinbolo bihurtu.

1871ean Aida opera ospetsua Gabon egunean estreinatu zen, El Kairon, Frantziako ekoiztetxe ospetsu baten kontura, Suezko Kanalaren inaugurazioa ospatzeko.

1887. urtean Otello ikusgarria burutu zuen, eta Falstaff 1887an. Lan horietarako hain suharki maite zuen Shakespearegana jo zuen. Dramaturgo ingelesaren antzera, pertsonaia-galeria hilezkorra utzi digu Verdik bere azken lanean. Opera honen amaieran, pertsonaia guztiek fuga bat kantatzen dute, Verdiren gazte-garaiko doinuak eta fugak gogoraraziz: 'Tutto nel mondo è burlà / l'uomo è nato burlone, burlone...'

1901eko urtarrilean hil zen Milanen.




2001-06-03
16353704
1913