Pedro Ziga eta Bertizko Jauregia

Ondare zoragarria utzi zien Pedro Ziga Mayok Nafarroako Aldundiari eta Elizari. Egun guztion gozagarri da Bertizko Jaurerria. Nor zen, ordea, Pedro Ziga Mayo?

Pedro Regalado Valentin Ziga Mayo, hori zen bere benetako grazia, Iruñean jaio zen 1867an. 82 urterekin hil zen. Pedro jaio aurretik, gurasoek oihal -denda bat jarri zuten abian 1859an, Iruñean.

Bortz anai-arreba izan zituen Pedro Zigak. 1894an Zuzenbide Doktore titulua eskuratu zuen Madrilen, ikasketak Bartzelonan hasi bazituen ere. Dorotea Fernandez Morales-ekin ezkonduta aberats bihurtu zen Pedro Ziga, eta ez zuen legelari gisara aritu beharrik izan. Ez zuten seme-alabarik izan Pedrok eta Doroteak. Badirudi saminduta bizi zela horregatik Dorotea, gaisotu arteko samina zuela barruan. Horregatik, neskamea hartuko du Pedro Zigak, emazteari lagun ziezaion, Elisa Kast Setz, alemaniarra. Pedro Ziga hiltzean Elisa bizi zen artean, eta etxe bat utzi zion. Nahi duen solairuan bizitzeko esaten dio Elisari testamentuan.

Elisa emakume adoretsua zen; esaten zuenez, bera izan omen zen Nafarroan gidatzeko baimena lortu zuen lehen emakumea. Zigatarrak Bertizen ekainaren bigarren hamabortzalditik azarora bitarte izaten ziren, abuztuko hogei bat egun salbu. Negua Madrilen pasatzen zuten gehienetan.

 

Zaindutako tokia

Bertizko Jaurerriak 20,4 km2 ditu, eta Parke Naturala da1984az geroztik. Jaurerriak egun duen itxura, hein handi batean, Pedro Zigari zor zaio. 1900-1949 urte-tarte horietan bera izan zen jaurerriaren jabe; hil arte, beraz. Dorotea 1938an zendu zen. Zigak, Berriz erostean, lorategiak handitu zituen 3,4 hektarea osatu arte. Urtero udaberrian, lorontziak ekartzen zituzten lore berriekin. Jauregia eta kapilla ere berritu zituen..

Kanpoko arbola baino ugariagoa da bertakoa, pagoa batez ere, eta haritza. Kanpoko arbolen artean badira Amerikatik ekarritakoak, Txinatik... Bertizen dago, baita ere, Libanoko zedro handia, 165. Foru Dekretuak Monumentu Natural izendatua 1991n. Bertizko berezko fauna honako animaliok osatzen dute: basurdea, azkonarra, erbinudea, kattagorria, basakatua, azeria, sagarroia eta orkatza. Orkatza galdu egin zen, ehiztarien erruz Zigaren ustez, baina berriro han da. Behin, langile batzuk Bidasoatik amorrain batzuk hartu omen zituzten Bertizko urmael ederrean botatzeko. Zigak urmaela ustutzeko esan zien langileei, eta itzultzeko amorrainak ibaira. Bidenabar esan, zezenketak ez zituela deus maite. Beste behin, moja batzuk lore eske joan, eta ezetz, ez zutela han moztutako lorerik eramango inora, ez mojak ez beste inork, esan omen zien.

Bertizko jabetza Nafarroako Aldundiari eman arren, zati bat, jauregia eta lorategia, elizaren esku geratu ziren. Hala zioen Zigaren azken-nahiak: 'Fundazio batentzat izanen da, bertan erretiroa izan dezaten hamabi apez adindu edo ezinduk'; Bertizarana eta Baztan bailaratakoek lehenbizi, eta, modurik baldin bada, Bidasoa eskualdea deitzen den horretako bertze horietakoek ere bai'. Fundazio hori aurrera eramateko Juntaren buru Iruñeko Elizbarrutiko gotzaina izendatu zuen. Fundazioaren esku geratu zen liburutegia ere. Hala dio Andoni Esparzak erreportaje hau egiteko baliatu dugun Bertizko Jaurerria (Bidasoa Ikerketa Zentroaren Koadernoak, 3. zenbakia) liburuak: 'Ziga kultura handiko gizona zen, eta gaztelania eta euskaraz gain, bertze hizkuntza batzuk ere bazekizkien: haren liburutegian badira liburu franko frantsesez, ingelesez eta alemanez'.

Bertizko Aizkolegiko txaleta, aldiz, betiko ixteko esaten du hilburukoak. Baldin eta Aldundiak ez badu astronomi zentro bat jarri nahi. Herri xeheak esaten zuen Zigak txaletetik Iparraldeko hondartzetako emakumeak ikusten zituela katalejo indartsu batez. Izan ere, txaleta tontor batean dago, eta udan ikusmira ederraz goza daiteke handik: esandako hondartzak, Pirinioak, Orhi mendia... Hori udan, neguan lainoarekin...

 
Hilburukoa

Hain paraje gustagarria zaintzeko asmoz, baldintza estuak jarri zituen hilburukoan. 

1) Guztiz galerazita dago arbolak eta arbola-adarrak moztea.

2) Ezin da ehizan egin, ez arrantzan, azeria edo hegazti harrapariak harrapatzeko ez bada.

3) Ezin izango da barrutian fabrikarik, harrobirik edo antzekorik paratu.

4) Ezin ibiliko da barrutian autorik, motorik edo karruajerik, bertako zerbitzukoak salbu. Ezta 'mendi-festarik' antolatu ere, maiz 'gehiegikeria onartezinak' ekartzen baitituzte 'moralaren aldetik'.

5) Hartzaileak ezin izango ditu lurrak saldu ezta errentan eman. 

Beraz, beldurrik gabe esan liteke, Pedro Zigak oinarri sendoak jarri zituela Bertizko Jaurerria ez zapuzte aldera. Egun Euskal Herriko naturgunerik estimatuenetakoa da, zalantzarik gabe. Argazkia: Bertizko Jaurerria. Arturo Vinuesa mediku nafarrak eskuz egindako akuarela.




2001-11-01
16353695
2381