Somorrostro hernaniarra

Ez dago argi zergatik deitzen zioten Somorrostro Salvador Segurola Imazi, baina gudu karlistan hartu omen zuen parte, eta hortik omen zetorkion goitizena.

Esan bezala, Salvador “Somorrostro” ezizenez zen ezaguna. Nicanor Zabaleta arpa jolearen irakasle izandako Pilar Mitxelena Olanok honela zuen gogoan: “Ez du bekainik, ez betilerik, ez ile-arrastorik (aurpegian). Sudurra, ezpainak, bekainak galdu egin dira, eta haien ordez, bi zulo txiki ditu, eta nekez baina, arnasa hartzeko balio dute, ze gizon honek ikusi ikusten du, baita jan ere. Gorra da ia”. Begietako zuloetan bi begi txiki-txiki zituen, eta garondoan ile bakan batzuk besterik ez. 1835an jaio zen.

Ez dago argi zergatik deitzen zioten Somorrostro. Zomorro + rostro hitzekin sortutako ezizena dela diote batzuek, baina gudu karlistan Somorrostroko guduan hartu omen zuen parte, eta hortik zetorkiola goitizena: hori uste du behintzat Donostiako Manteo Ospitalean lan egindako Manuel Celaya medikuak. 1961ean Celayak dio Somorrostrok ez zuela minbizia, baina orduko jende xeheak hala uste zuela. Eta Celayak eta hala esaten omen zuten zerbait larria gertatzen zenean: “Hori ez da ezer Xomorrostrori gertatu zaionaren aldean”.
 
Harakin batek haragia ematen omen zion, gordinik, eta bolo-bolo zebilen Somorrostrok bere aurpegian jartzen zuela sendatzeko, baina medikuak dio ezetz, jan egiten zuela haragi hori.

Dama Panchita
 
Donostiara 17 urterekin etorri zen hernaniarra, eta geroxeago, Miserikordian sartu zen. Somorrostrok zioen Miserikordiako lagunak izutu egiten zirela hura ikusita, eta baztertua sentitzen zenez, edateari eman ziola, eta horregatik bota zutela Miserikordiatik. Mojak zeuden Miserikordian. Baina beste batzuek zioten edariak jeniotxartu egiten zuela eta egun batean moja bati buruko oihala kendu ziolako bota zutela handik. Bi ikuspegi horiek jasotzen ditu Ricardo Izagirre (Tristán de Izaro) idazleak bere “Somorrostro” y su leyenda liburuan.
 
 Pilar Mitxelenaren aitak, Manuel Mitxelena Mugikak, bazuen izeba bat, Dama Panchitaz ezaguna, Mugika Azazola abizenez. Dama Panchita hau “Champon-enea” baserriko jabea zen, eta kolono bati alokatu zion. Jabea eta maizterra konforme zeuden Somorrostro baserrian bertan edo baserriko ukuiluan bizi zedin. Dama Panchita hil zenean, Manuel Mitxelenak baserriko zelaietan etxe bat egingo du, Villa Ascensión, eta etxe horren gibelean txabola bat egingo dio Salvador Segurolari, Egiako galtzadan. Sukaldetxo bat zuen, ohe bat, gurutze bat, aulki bat, mahaitxo bat... Eta ortu txiki bat ere bai. Inguruko baserrietako lurretan egiten zuen behar Somorrostrok, eta baserrietako trapu zaharrak biltzen zituen, besteak beste.
 
  
 
Ricardo Izagirre (Tristán de Izaro). Argazkia: Euskomedia Fundazioa
 
Ondo hartzen zuten baserritarrek, eta esnea ematen zioten, barazkiak, fruta pixka bat, arrautzaren bat edo beste... Pilar Mitxelenaren amak arropa ematen zion, eta aitak sosen batzuk ardotarako eta. Lan egiten zuen baserrietan egiten zuen otordua zenbaitetan Somorrostrok, eta bazkaltiar askok, baserritarrek soilik ez, erreparoa izaten dutenez inoren koilarak eta erabiltzeko, Somorrostrok bereak eramaten zituen beti aldean. Izugarri gustatzen zitzaion barraskiloak bildu, garbitu eta jatea. Bazen Somorrostrok bildutako barraskilorik erosi nahi ez zuen franko, hala ere.
 
Nahiz badirudien baserritarrek begirunez hartzen zutela, Donostiako Udalak ez zion uzten goizeko zortzietatik aurrera kalean ibiltzen, jendea izutzen omen zuela eta. Udalak egunero pezeta bat ematen zion. Goizeko zortziak baino lehen, hantxe ibiliko zen kaian, arrantzaleek arraina ematen zioten eta.
 
Bere kasa sendatu?
 
Somorrostroren garaian minbizia barruak jaten zituen karramarro txiki batek sortzen zuela, horixe uste zuten. Cancer hitza latinezko cancrem hitzetik dator, eta cancrem karramarroa zen. Eta karramarro horrek haragia behar omen zuen minbizia uxatuko bazen. Baina Somorrostrok esan zion Tristán de Izarori mendiko sendabelarrek sendatu zutela bera; bizitzeko moduan irautea zen sendatzea, alegia. Eta diru-mordoa eskaini ziotela sendabide horren ordain, baina Somorrostrok ez esaten zein ziren belar horiek, eta zer egiten zuen belar horiekin!
 
Umeak burlaizez
 
Tristan de Izarok oilagorretatik etxerantz zetorrela egin zuen topo, ezustean, Somorrostrorekin, idazleak dioen gisaz, Shalvador Sudur-Motzarekin. 55 urte zituen orduan Salvador Segurolak. Ume batzuk “Somorrostro!”, “Somorrostro!” ari ziren oihuka burlaizez, eta odoldua zuen aurpegia, kopetan harri-koxkor batek jota. Odolkiak ordainetan izaten baitira, makilarekin hanketan jo zuen umeetako bat Somorrostrok. Ehiztariak txabolara lagundu zion Segurolari. Gizon garaia omen zen hernaniarra, eta indartsua. Ia begiak tapatzerainoko txapela ei zeraman buruan. Azaroa zen. Eta gaueko haize hotza zirrikitu guztietatik sartzen zen Somorrostroren txabolan. Lotailu ilin batekin lotu zuen kopeta mindua, ez omen zion utzi inori lagun ziezaion. Izan ere, egun hartan beste hiru lagun zeuden hernaniarrarekin eta ehiztariarekin; hirurak Miserikordian ezagutu zituen Somorrostrok.
 
Somorrostrok berak prestatuko barraskiloak jaten zituzten bitartean, zera esan zion Tristan de Izarori, Gorrieneako lurretan, trenbide-ondoko arraskara joaten zela garbitzera, eta arropa Miserikordian garbitzen ziotela, eta arbola baten ondoan laga, eta berak ezin zuenez etxe hartan sartu, zikindutako arropa ere arbolaren ondoan uzten ziela mojei, udan nahiz neguan. Udan hil zen Somorrostro, 1913ko uztailaren 20an, Monteo Ospitalera gaixorik eraman eta hilabetera. Jainkoak bere altzora “deitu” zionean, Somorrostroren txabola erre egin zuten, eta bertan zeukaten guztia, besorik gabeko eta gurutzerik gabeko Jesukristo salbu. Jesukristo hori Groseko hondartzan aurkitu omen zuen. Beharbada, itsasoak ekarria. Jesukristo hori Manuel Mitxelenak jaso zuen, Pilar Mitxelenaren aitak, eta gero Pilarren semeak, Jose Angel Calles Mitxelenak. Egun Jesukristo hori Jose Angel Calles eta honen emaztearen, Elvira Correaren etxean dago.
 
 
 
 
 
 
Pertsonaia hau eta beste batzuk aipatzen dira, baita ere, Alberdania argitaletxearen Zelebrezko tropa liburuan.
 

 

 

 

 

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

ALDEAN.- Ondoan. A su vera.
ALTZO.- Magala. Regazo.
ARRASKA.- Lavadero.
BARRASKILO.- Caracol.
BAZKALTIAR.- Comensal.
BEKAIN.- Ceja.
BERTARATU.- Bertara joan.
BETILE.- Pestaña.
BOLO-BOLO.- Ahoz aho. De boca en boca.
BURLAIZE.- Trufa, burla.
EDATEARI EMAN.- Edanari eman. Empezar a emborracharse.
ERREPARO.- Reparo.
GARONDO.- Lepogaina. Nuca.
GIBELEAN.- Atzean.
GISAZ.- Gisara. Tal como.
GOILARAK ETA.- Cucharas y demás.
GOR.- Sordo/a.
GUDU.- Batalla.
HILABETERA.- Al mes.
JENIOTXARTU.- Ponerse de mala leche.
JENDE XEHE.- Pueblo llano.
KARRAMARRO.- Cangrejo.
LARRI.- Gaitza. Grave.
LOTAILU.- Venda.
MAIZTER.- Inquilino/a.
ONDO HARTU.- Begi onez hartu. Tener buena acogida.
OTORDU.- Eguneko janaldi bakoitza. Comida, o cena.
SENDABELAR.- Hierba medicinal.
SALBU.- Ezik. Salvo.
SOS.- Diru xehea. Calderilla.
ODOLKIAK ORDAINETAN.- Donde las dan las toman.
ORDAIN.- Truke. A cambio.
UXATUKO BAZEN.- Uxatze aldera, uxatzeko.
ZIRRIKITU.- Zirriztua. Rendija.

 

 


Interesatzen zaizu



C1
2014-08-20
16345222
79