Eurovision, Europa libreago bateranzko bidea?
Urtero lez, aurten ere iritsi da Eurovision jaialdia. Aurtengoa 59. edizioa izan da eta Kopenhagen, Danimarkako hiriburuan egin da. 37 herrialde izan ditu lehian, nahiz eta finalean 26 soilik ikusi genituen.
Danimarkarren antolakuntzak sekulako ikusmina piztu zuen; izan ere, euren helburua pasa den edizioan suediarrek egindakoa hobetzea zen. Bizilagunen lekukoa hartuta, saio paregabea eskaini ziguten.
Astearteko lehen finalerdian 10 herrialde sailkatu ziren eta ostegunean beste 10. Lehenengo finalerdian kanpoan geratu ziren titulurako hautagai potentzial asko, besteak beste, Estonia edo Belgika. Finala festa giroz jantziko zuen Portugal ere kanpoan geratu zen, baina txanponaren beste aurpegian San Marino dugu, historian sartu zena hirugarren aldiz segidan artista bera bidaltzeagatik, eta hirugarren honetan lortu zuen Valentina Monettak, azkenean, finalerako txartela. Faborito handiek ere arazorik gabe egin zuten aurrera: Armeniak, Suediak edota Hungariak berak.
Baina lehen finalerdi hartan zeresana eman zuena ez zen artista izan, ezta abestia ere; zaleek Errusiarrekiko izan zuten erreakzioa izan zen. Errusia Tolmachevy bikiek ordezkatu zuten; publikoarentzat ezagunak ziren jada, izan ere, 2006an jaialdiaren gaztetxoen bertsioa irabazi zuten. Errusiar bikien saioaren ondoren txistuak entzun ziren, baina txistu horiek are nabarmenagoak izan ziren aurkezleek Errusia finalerako herrialde sailkatuetako bat zela jakinaraztean. Ukrainako egoera eta Moskuko gobernuak onartu berri duen lege homofobikoa izan ziren txistualdien ardatz. Finalean, txistuak are gogotsuago jo zituzten zaleek, oraingoan, bikiek punturen bat jasotzen zuten bakoitzean.
Bigarren finalerdiari dagokionez, Israel izan zen finalerako txartelik gabe geratzean harridura sortu zuena. Aurrekoan ez bezala, atsedenaldiko emanaldia izan zen ikusmira sortu zuena. Jakina da australiarren festibalarekiko zaletasuna; horri heldu zioten antolatzaileek. Australiarrak gonbidatu zituzten, euren ordezkaritza bidal zezaten. Jessica Mauboyek eta bere herrikideek 5 minutuko emanaldi ikusgarria eskaini zuten, topikoz jositako lehen zati batek eta bigarren kantu serioxeago batek bete asetu zuen hegoaldeko lagun haien parte hartzeko grina.
Gogotsu iritsi zen larunbateko finala. 26 herrialde aurrez aurre eta garaile bakarra. Ukrainak ireki zuen ikuskizuna bere hamster gurpilarekin. Errusiaren aldean txalo-zaparrada galanta jaso zuen hark.
Gauari kolore ukitua eman ziotenak islandiarrak izan ziren, euren jantzi koloretsuekin eta indarrarekin. Paula Seling eta Ovi errumaniarrak 2010eko 3. postua hobetzera joan ziren, baina ez ziren orduko ikuskizunaren mailan egon. Armeniako Aram MP3 izan zen hurrena agertokian, entseguak hasi ziren arte zaleen gogokoa izandakoak ez zuen huts egin.
Austriako Conchita Wursten emanaldia tolerantziaren eta errespetuaren sinbolo izan zen. Gaueko txalo-zaparradarik handiena jaso zuen, beste gauzen artean, LGBT kolektiboarengan ekitaldiak duen arrakastaren ondorioz.
Sana Nielsen suediarrak ere makina bat txalo jaso zuen, zazpigarren aldia baitzen Eurovisionerako aukeraketara, hots, Melodifestivalenera aurkezten zena. Ruth Lorenzo espainiarrak argi-jokoak erabiliz euri-zaparrada irudikatu nahi izan zuen, eta baita lortu ere. Hungariarren kantak gai biziki gogorra jorratzen zuen, genero biolentziarena. Alabaina, mezu positiboa zuen: tunel orok duela irteera. Herbehereek 60ko hamarkadako country balada bat aurkeztu zuten eta Europari erakutsi zioten askotan sinpletasunean datzala arrakasta.
Bestalde, negatiboki nabarmendu zena Polonia izan zen, milaka zalerengan kontrako sentimendua piztu baitzuen. Ahotsak eta abestiak inoiz baino garrantzia handiagoa duten festibalean emakumearen irudi lotsagarria eskaini zuen.
Beste behin, argi geratu zen abestia, abeslaria, argi-jokoa, jantzia edo koreografia perfektuak ez direla nahikoa trofeoa eskuratzeko. Hori guztia izateaz gain, irabazleak zerbait berria eskaini behar du eta 59. edizioa ez zen gutxiago izan. "Diva bizardunak" europarren bihotzak konkistatu zituen, mendebaldetik ekialdera eta iparraldetik hegoaldera. Europa libreago baten aldarria egin zuen Conchitak eta ordainetan txalo-zaparrada jaso zuen.
Arestian aipatutako Errusiari eginiko txistuak eta poloniar eszenografia ez ziren izan polemika bakarrak, urteroko gatazkak azaleratu ziren. Horietako bat, hizkuntzarena da. Asko dira, bizi garen mundu globalizatuan Eurovisioko hizkuntza ingelesa dela defendatzen dutenak; hortaz, ingelesez abestu beharko litzatekeela uste dutenak. Baina aurkako iritziak ere geroz eta ugariagoak dira. Espainian, esaterako, aukeratutako kantaren zati bat ingelesez abestuko zela jakitean, RAE (Espainiako Errege Akademia) kexatu egin zen. Baina hizkuntza handiez gain, hizkuntza gutxituek ere izan dute tokia ekitaldian: Katalana, korsikera, irlandera... Noizko euskara Eurovisionen?