Jean Pierre Armand eta Panda Hartza

Askotan usaindu ditugu Daviden loreak, kanpoko loreak, Corydalis flexuosa "Pere David". Eta sarri galdetu dugu zergatik ote duten izen hori. Bada aurkitu zituenak, David zuelako deitura, Izena, berriz, Jean Pierre Armand. Eta Ezpeletakoa zen. Txinan aurkitu zuen lore hori. Baina beste zerbait ere aurkitu zuen, alafede, panda hartza!

Animaliei eskainitako alean ezin bada falta Aita David gisara ezagun dena mundu osoan, batez ere zientzialarien artean. Iaz mende bat bete zen hil zela, 74 urterekin.

Milne-Edwar zoologoak 1861ean Lazarotarrek zientziaren alde lan egin zezaten eskatu zien. Eskaintza horren haritik, Aita David Txinara abiatuko da. 1862-65 urteetan geografo arituko da Mongoliako paraje ezezagun batean. 1869an Sechuan-en (Txinara egin zuen bigarren bidaian) ezagutzen ez zuen piztia baten larrua aurkitu zuen, eta Parisa bidali; panda hartza batena zen. Baina Txinatik kanpo animalia hori bizirik ikusteko aukera ez da 1937a arte iritsiko. Ezpeletarra izan zen panda hartza bizirik ikusi zuen lehen europarra eta animalia horren berri mundura zabaldu zuena, nolabait esateko.

Beste animalia batzuk ere aurkitu zituen Ezpeletakoak, zomorro bitxi bat, ibis bat, txoriak, arrabio bat, makako bat, orein antzeko bat, Elaphurus davidianus izena duena. David-en omenez… Latinezko izen hori Parisen jarri zioten zientzialariek. Armand David bitartekari zela, orduko Txinako enperadoreak hainbat elaphurus davidianus saldu zituen Europan, horietatik 18 Londondik hurre, Woburn Abbey lursailean, eta hantxe ugaldu ziren, espezial. Horrela lortu zuten desagertzeko arriskuan zegoen piztiak irautea.

Panda hartza ere halaxe dago, betiko galtzeko arriskuan, 1.000 eskas baitaude aire librean, eta beste 100en bat zoologikoetan. Eta hobe dute biziaraztea panda, ze Txina turismoari ateak zabaltzen ari da, eta horretarako, beren burua “pandaren herri” gisa saldu nahi dute, besteak beste. Baina horretarako bizirik behar dute hartza.

Txina eta Europa ere alderatu zituen. Bere azterketei esker, jakingo du Txinan arrain-espezie gehiago daudela Europan baino, zomorroekin, aldiz, alderantziz gertatzen dela. Eta zomorroen antzera landareekin ere.

 

Ordura arte inork ikusi gabeko animalia eta landare

Landaretza eta faunaren ikerketa aipatzen delarik, ezin da bazterrean utzi aita Daviden ekarria, batez ere Txinan. Ia 1.300en bat txoriren berri eman zuen eta, beste 9.500 zamarki eta mumurena, 200 ugaztunena… Horietatik asko ordura arte inork ikusi gabeak ziren, zientziak ez zuela horien berri, alegia…

Egin zuen ikerketa eskergari esker, XIX. mendeko naturalista handienetakotzat hartuko dute Aita David. Horregatik, herrialde horri zer ikertu ugari eskaini ziolako, ez da harritzekoa Txinan bertan Armand museoa eraiki nahi izana, eta bere sorterrian, Ezpeletan, Armand Daviden Lagunen Elkartea sortu izana. Elkartekoak, herkidearen bidaiei jarraiki, Txinan izan zirenean, Baoxing Frantziako Zientzia Akademiak taldekide urgazle izendatu zuen… baditu sari gehiago ere. Izan ere, Parisko hainbat museo ederki hornitu zituen Aita Davidek. Naturista zen, baina zoologo batez ere, eta geologiaz ere dezente zekien, botanikaz, meatzeei buruz.

 

Beste euskaldun bat aitzindari

Aita David Txinara joan arte, zientzialariek gutxi zekiten hango naturari buruz. Beste euskaldun batek, Jean-Babtiste Duhaldek emandako ikuspegia salbu.  

 

HIZTEGIA 

100EN BAT.- 100 goiti-beheiti. 100 más o menos.
ALDERATU.- Konparatu.
ANTZERA.- Berdin.
ARRABIO.- Salamandra.
AURKITU.- Descubrir.
ERAIKI NAHI IZANA.- El haber querido construir. Desear construir.
ESKAS.- Hortxe-hortxe. Escasos/as.
ESPEZIAL.- Oso ondo.
EZIN BADA FALTA.- Ezin falta bada. No podía faltar.
HARI.- Bidea. Al hilo.
HARTZ.- Oso/a.
HERKIDE.- Herri berekoa.
HIL ZELA.- Hil zenetik.
HOBE DUTE.- Más les vale.
HORNITU.- Bete. Proveer.
KANPOKO.- De exterior.
LAN EGIN ZEZATEN.- Lan egiteko.
MUMU.- Mozorroa. Insecto.
ORDURA ARTE.- Artean. Hasta entonces.
OREIN.- Ciervo.
SALBU.- Excepto.
SORTERRI.- Jaioterria.
UGALDU.- Ugaritu.
UGAZTUN.- Mamífero.
HURRE.- Gertu.
ZAMARKI.- Crustáceo.
ZER IKERTU.- Ikertzeko.
ZOMORRO.- Mozorroa. Insecto.

 




B2
2001-06-01
16341450
7206