Irène Némirovisky (Kiev, 1903-Auschwitz, 1942)

Irène Némirovisky idazle ukrainarra judua zen jatorriz, eta frantsesez idazten zuen. Kiev-en etorri zen mundura 1903ko otsailaren 11n, eta hil Auschwitz-eko kontzentrazio-eremuan 1942ko abuztuaren 17an.

Némirovskytarrak oso aberatsak ziren. Aita judua zen, Léon Némirovsky bankari ukrainarra. Amak, berriz, Faïga-k -Fanny ezizenez-, ez zuen sekula jakin zer zen ama-sena, ez zuen alaba oso begiko. Horregatik Irènek, jada pertsona heldu, behin baino gehiagotan adierazi zuen amari zion gorrotoa, ez zelako alabaz arduratu, eta ardura hori tutore batek eta beste irakasle batzuek har zezaten utzi zuelako. Alaba bakarra izanik, haurtzaro bakarti eta zorigaitzekoa izan zuen.
Andereño frantziar bat izan zuen irakasle, oso irakasle ona. Beraz, ama-hizkuntza frantsesa zuela esan daiteke. Udan amak Kosta Urdineko edo Miarritzeko hotel handios batean ostatu hartzen zuen bitartean, eta aita Europan negoziotan eta inguruko kasinorik gehientsuenetan zebilen bitartean, berak eta neskame-morroiek ostatu xumeetara joan beharra zeukaten. Miarritzen ikasiko zuen euskaraz hitz egiten Irènek. Errusiera, ingelesa, alemanera, suomiera, yiddis eta suediera ere hitz egiten zituen. 


1917ko Errusiar Iraultzak San Petersburgon harrapatu zituen Némirovskytarrak, ihes egitera behartuz. Urtebete ezkutuan eman zuten boltxebikeen ekaitza noiz baretuko zain. Garai hartan Irènek Oscar Wilde-ren lan guztiak irakurri zituen, baita Huymans, Platon, Maupassant-enak ere. 1918ko abenduan Finlandiara joan ziren; bertan urtebete eman ondoren, Suediara, eta 1919ko uztailean Parisen jarri ziren bizitzen. 16 urte zituen Irènek, eta ikasten segitzeko aukerari heldu zion berriro. 1926an Letretan lizentziatu zen, Sorbonan. Ordurako idazten hasia zen.


Irène dantzaldi askotara joaten zen, eta horietako batean ezagutu zuen Michel Epstein ingeniari izandako bankaria. 1926an ezkondu ziren. Bi alaba izan zituzten: Denise 1929an eta Élisabeth 1937an. Familia Parisen bizi zen.


1929an Grasset argitaletxera bidali zuen David Golder eleberria. Ez onartua izateko beldurrez, gutun-azalean ez zuen ez izenik ez helbiderik adierazi. Argitaratzaileak albiste bat jarri behar izan zuen prentsan egilea ezagutu ahal izateko. Hor hasi zen bere literatur ibilbide arrakastatsua, Frantziako idazle entzutetsuenetakoa bihurtuko zuena. Nobela horretako heroia aitaren, Lèon-en, antz handia duen bankari bat da. Aita ezin aberatsagoak izugarri maite du alaba, eta izugarrizko gorrotoa dio emazteari. Alaba, berriz, ezin txolinago da, nahikeriaz betetako neskatila. Liburuak arrakasta handia izan zuen. Eleberri honekin antzezlan bat egin zen, eta baita Julien Duvivier zine-zuzendariaren pelikula aparta ere. Coucteau edo Paul Morand bezalako idazleek goretsi egin zuten eleberria. Idazle oso ezberdinen gustukoa izan zen, adibidez, Joseph Kessel juduarena, baina baita Robert Brasillach idazle antisemitarena ere (hau 1945an fusilatu egin zuten, arrazakeriaren alde idazteagatik).


1930ean Le Bal argitaratu zuen (Dantzaldia, Txalaparta, 2006). Neskato bati nerabezarotik helduarora igarotzeko urratsa zein nekeza zaion du gai nagusia. Eta Danielle Darrieux zine-zuzendariaren lehen filmak eleberri hau izan zuen oinarri.  Gauzak horrela, idazlea literatur aholkulari bihurtu zen, eta Joseph Kassel-en eta Jean Coucteau-ren adiskide. Maiz familia zuen inspirazio-iturri. Idazteko moduari dagokionez, Ivan Turgueniev zuen eredu, eta honen teknika kopiatzen saiatzen zen, hau da, idatzi aurretik edo idatzi bitartean dokumentazio-lana egitea.


Idazleak bazekien frantsesez mintzatzen, Frantziako gizartearen onespena zeukan, bertan integratua zegoen, baina hala ere, frantziar gobernuak nazionalitatea ukatu egin zion 1938an. Hurrengo urtean sendi osoa katoliko egin zen.
Baina Bigarren Mundu Gerrak patu latza ezarri zion. Irènek Vichy-ren gobernuak 1940ko urrian onartutako juduen kontrako legedia pairatu behar izan zuen: ez zioten ezer argitaratzen uzten, eta senarrak ezin zuen bankari bezala lan egin. 1940 eta 1942 urte bitarte horretan Issy-l’Évêque herrixkan aurkituko zuten babesa. Haurtzaroan irakasle izandakoaren jaioterria zen herri hori, eta irakaslearen sendiarengana bidaliak zituen Irènek bi alabak 1939an. Aldi hartan idatzi ere egiten zuen, baina esan bezala, argitaratu gabe. Bai berak eta bai senarrak papar-hegalean izar horia zeramatzaten.


1942ko uztailaren 13an jendarmeek preso hartu zuten idazlea. Lehendabizi Pithiviers-ko kontzentrazio-eremu frantziarrera eraman zuten, eta gero Auschwitz-era. Michelek ez zuen onartu nahi emaztearen erbesteratzea. Etsita, Pétain mariskalari idatzi zion esanez Irène pattal zebilela osasunez, eta uste baitzuen lan behartuetara eramana izan zela, bere burua eskaini zuen emaztea ordezkatzeko. Baina urrian senarra ere atxilotu egin zuten eta Auschwitz-en hil, 1942ko azaroaren 6an. Ez ziren hiru hilabete Irène hil zena, tifusak jota.


Alabek zorte hobea izan zuten. Jendarmeak hauek harrapatu nahian, eskolara joan ziren, baina frantziar guztiek ez zuten bat egin naziekin, izan ziren bestelako heroiak ere: maistrak ganbaran ezkutatuta izan zituen 5 eta 13 urteko neskatoak. Eta pasadizo arriskugarri batzuen ondoren, Nizara iritsi ziren. Han bizi zuten amona, etxe handi batean. Baina honek ez zien aterik ireki nahi izan, aholku bat besterik ez: “Zuen gurasoak hil egin direnez, umezurztegi batean bizi behar duzue.” 1989an hil zen amona; Parisko bere etxeko kutxa gotorrean bi liburu besterik ez zegoen: David Golder eta Jézabel, biak ere bere krudeltasun izugarria ageri-agerian uzten dutenak. Alaba gazteena, Élisabeth Gille, Danoel argitaletxeko “Présence du Futur” saileko zuzendari izatera iritsiko zen, eta bertan Le Mirador argitaratu zuen, haur batek amestutako amaren biografia.


1946-48 urte tartean Irène Némirosvsky zenaren liburu pare bat argitaratu ziren, eta gero handik aurrera, ezta ezertxo ere, geroz eta handiagoa zen ahanztura, gerra arteko Paris hiriaren ahanzturaren pareko.


Baina eurek jakin gabe, amak utzitako hainbat paper eta oharrekin batera, bi alabek bost hamarkadatan izango dute gordeta amak idatzitako eskuizkribu bat. Toulouse-n bizi zen bietan zaharrena, Denise, eta berak izan zuen denbora luze honetan, pentsatuz amaren egunerokoa-edo izango zela. Minak eta amorruak ez zioten uzten irakurtzen, ordea. Eta irakurri zuenean ez zen jabetu nobela zenik, hasieran ez behintzat. Oharrak beldurgarriak ziren. 1990. urtean hasi zen amak utzitako paperak aztertzen, eta ikusita bertan zegoena, erabaki zuen argitaratzea, lehendabizi Frantzian, 2004an liburu salduena bilakatuz, eta gero mundu zabalean, hizkuntza garrantzitsuenetara itzulia izan delarik: Suite française.
 

Suite française

Irène Némirovsky idazlearen eskuizkribu galdua argitaratu zenean, izugarrizko zalaparta sortu zen Frantziako eta Europako argitaletxeetan. Kritikarien txaloak jaso zituen lan honek eta idazleak Renadout saria post-mortem. Ale-zaparrada saldu zen, eta XX. gizaldiko idazlerik handienetako bati buruzko jakin-mina piztu zen. Giro ezohikoan sortutako nobela ezohiko honek Europan XX. mendean izandako unerik esanguratsuenetako bat kontatzen du. Nobelak asko du autobiografiatik. Eta hasi, Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek Paris okupatu aurretiko egunetan hasten da.


Laster datoz lehendabiziko bonbak, eta horiekin batera milaka familia errepide bidean ihesi, autoz, bizikletaz, oinez. Gertatzen dena zehaztasun handiz kontatzen du. Pasadizo batzuk zirraragarriak dira, beste batzuk, barregarriak: burges aberatsen zenbaiten ezinegona, maitale zokoratuak, bide-bazterrean utzitako xaharrak, herri xehe babesgabea bonben azpian, ura, jatena edo gasolina lortzeko trikimailuak… Alemaniarrek Frantzia okupatzen duten neurrian gizartea nola zapuzten doan ikusten da, nola sortzen ari den sasoi berri bat, ordura arteko gizartearen gainbehera. Inbaditzaileek inbadituen gorrotoa eragingo dute, baina ezkutuko maitasun-istorioak ere izango dira, eta baita bi aldeen arteko bategite agerikoak ere.


“Zuzenean” idatzitakoa dirudi Suite françaisek, kronika moduan. Fresko bat ematen du, era guztietako pertsonaiak dituena, eta giza izaera zein desberdina eta konplexua den azaltzen duena. Batzuk, bizi-irauteko, egoerara moldatzen saiatzen dira, beste batzuk egoeraz baliatzen, baina bada bere ideiei tinko eutsi eta bizia arriskatuz besteengandik arduratzen direnak ere. Historia handira egokitzen ditu pertsonaien bizitza osatzen duten istorio txikiak.


Nobelak bost zati izan behar zituen arren, idazleak bi besterik ez zituen idatzi: «Tempeté en juin» (Ekaitza ekainean) eta «Dolce». Lehenengoak paristarren ihesa kontatzen du. Némirovskyk noraezean doan herri hori deskribatzen du, aberriaren etorkizunaz baino jateaz eta lo egiteaz arduratuago dagoen herri baten milaka oilokeria eta zikoizkeria. Bigarren zatia herri okupatuaren erretratua da, armistizio garaiko hilabeteak azaltzen dira, nazien txotxongilo den gobernua. Deskribapena oso ondo egina dago, zehatza da, ederra bere sotilean.


Jatorri judua izateagatik, idazlea eta bere familia jazarpena jasaten ari zen, eta nobela egoera horretan idatzia izan arren, idazlea nahikoa objektiboa da, ez du melodramarako joera gehiegizkorik. Harritzekoa da nola lortzen duen hori. Jaungoikoa askotan aipatzen du, baita katolikoen —Frantzian gehiengo dira— jarrera ere. Batzuk hipokrita azaltzen dira, baina badira jarrera eredugarriak ere, katolikoen artean ere badira heroiak. Halaxe idatzi zuen bere oharretan: berarentzat garrantzizkoena egunoroko bizimodua zen, hori, Jauna eta artegintza. Alemaniarrekin ere objektiboa izaten saiatzen da, Hitlerren eromenean ia konturatu gabe sartuta dauden soldadu alemaniarren giza alderdia aurkitzen saiatzen da; soldaduok duten onena emateko gauza dira, baina baita txarrena ere. Oso nobela ederra da, eta ez da bidezkoa ez nobela, ez idazlearen bizitza, zapuztu izana.

 

 


 
HIZTEGI LAGUNGARRIA:


ALDI.- Sasoi. Epoca. Époque.
ALEMANIARREK PARIS OKUPATU AURRETIKO EGUNETAN.- En los días previos a la ocupación de París por los alemanes. Pendants les jours précédents l´occupation de Paris par les Allemands.
ALE-ZAPARRADA.- Ale asko eta asko. Infinidad de ejemplares. Beaucoup d´exemplaires.
AMA-HIZKUNTZA .- Lengua materna. Langue maternelle.
AMA-SENA.- Instinto maternal. Instint maternel.
AMORRU.- Rabia. Rage.
ANDEREÑO.- Maestra. Maîtresse.
BATEGITE AGERIKO.- Acuerdo visible. Accord visible.
BEGIKO (IZAN).- Atsegina izan. Resultar agradable. Être agréable.
BERE BURUA ESKAINI.- Ofrecerse a sí mismo/a. S´offrir soi même.
BESTEENGANDIK ARDURATU.- Preocuparse por los/as demás. Se préoccuper des autres.
ERBESTERATU.- Exiliar. Exiler.
ESKUIZKRIBU.- Manuscrito. Manuscrit.
EZIN ABERATSAGO.- Rico/a a más no poder. Il/elle on ne peut plus riche.
EZIN TXOLINAGO.- Ezin txoriburuagoa. Ligera de cascos a más no poder. Elle est on ne peut plus écervelée.
EZINEGON.- Egonezina.  Aflicción, inquietud. Inquiétude.
GAINBEHERA.- Cuesta abajo, declive. En déclinant.
GANBARA.- Desván. Grenier.
GAUZA IZAN.- Gai izan. Ser capaz. Être capable.
GORETSI.- Goraipatu. Aclamar. Louer.
HANDIOS.- Ampuloso/a. Enflé/e.
HERRI XEHE- Pueblo llano. Le menu peuple.
JAKIN-MIN.- Curiosidad, deseo de saber. Curiosité.
JATEAZ ETA LO EGITEAZ ARDURATUAGO.- Más preocupado/a de comer y dormir. Plus preocupé/e de manger et dormir.
JAZARPEN.- Persecución. Persécution.
JOERA GEHIEGIZKO.- Joera larregia. Execisiva tendencia. Tendance abusive.
KONTZENTRAZIO-EREMU.- Campo de concentración. Champ de concentration.
KUTXA GOTOR.- Caja fuerte. Coffre-fort.
LAN BEHARTU.- Trabajo forzado. Travail forcé.
MOLDATU.- Egokitu. Amoldarse. S´adapter.
NAHIKERIAZ BETETAKO.- LLeno/a de caprichos. Plains des caprices.
NEKEZA.- Zaila. Difícil.  Ardu/e.
NERABEZARO.- Adolescencia. Adolescence.
NESKAME-MORROI.- El servicio, criados y criadas. Les domestiques.
NOLA ZAPUZTEN DOAN.- ¡ Cómo se va perdiendo! Comment il/elle  en train de se perdre.
OILOKERIA.- Cobardía. Làcheté.
ONESPEN.- Beneplácito. Approbation.
PAIRATU.- Jasan. Soportar. Souffrir.
PAPAR-HEGAL.- Solapa. Revers.
PAREKO.- Similar.- Pareil.
SAIL.- Sección.- Section.
SUOMIERA.- Suomi. Finlandais.
TRIKIMAILU.- Jukutria. Jugarreta. Machination.
TXOTXONGILO.- Títere. Guignol.
UMEZURZTEGI.- Orfanato. Orphelinat.
URTE BITARTE HORRETAN.- Urte tarte horretan. Durante esos años. Pendants ces années.
ZALAPARTA.- Revuelo.- Tapage, vacarme.


C1
2012-10-19
16341440
3025