Doris Lessing, politika eta gizarte gaiekin konprometitutako idazlea

Doris Lessing Nobel sariduna 1919an jaio zen Kermanshan, Iranen (Inperio Britainiarraren menpeko Persian). Aita-amak britainiarrak zituen. Aita ejertzito britainiarreko kapitaina zen, baina Lehen Mundu Gudaren ondorioz elbarri geratu zenez, Persiako banku inperialean bulegari aritu zen. Ama erizaina zen. 1925ean, Doris-ek sei urte zituela, familia osoa Zimbabwera (garai hartako Rodesiara) joan zen bizitzera, artoa, tabakoa eta zerealak landatuz aberastuko ziren esperantzaz. Oso bizimodu latza izan zuten eta amak itogarriak ziren arau zorrotzak ipini zituen etxean. Han eman zuen bere haurtzaro eta nerabezaroa Doris-ek. Ikasketei dagokienez, komentu katoliko batean lehenik eta ondoren, Salisburyn (Harere, Zimbabweko hiriburua) neskentzat bakarrik zen institutu batean aritu zen ikasten.

Garai hartako oroitzapenak gorabeheratsuak dira oso: poza eta mina nahasian ageri dira. Batetik, bere amarengandik jaso zuen heziketa estu eta gogorrak eragindakoak eta, bestetik, Henry anaiarekin batera natura deskubritzen eta gozatzen emandakoak. Baina, ordukoak dira baita ere arraza-diskriminazioa deskubritu zituenekoak ere.

Amarekin zituen etengabeko sesio eta liskarrek ezinegon handia sortu zioten bere baitan erabat gogaikarriak zitzaizkiolako eta ondorioz, ikasketak hamahiru urterekin utzi egin zituen. Doris-ek, beste zenbait idazle-emakume hegoafrikarren antzera (Olive Schreiner eta Nadine Gordimer, esaterako) bere kasa jarraitu zuen ikasten, autodidakta gisa. Doris-ek berak gerora aitortu duen bezala, badirudi zorigaiztoko haurtzaroak fikzio-idazle sortzaile direla, baina sasoi hartan ez omen zitzaion hala iruditu. Garai hartan gogoan zuen ideia bakarra idazle izatea ez, baizik eta ihes egitea baitzen. Izan ere, amak sortzen zion estutasunaz gain, aitak guda garaian bizi izandako istoriorik garratzenen kontakizunek ere bere gain eragin handia izan zuten: "Gu guztiok gudak egindakoak gara, gudak bihurrituak eta behartuak, baina ahaztua dugula dirudi" idatzi zuen Doris-ek.

Hamabost urte zituen klinika batean erizain-laguntzaile modura lanean hasi zenean. Hango ugazabak politika eta soziologiari buruzko liburu asko utzi zizkion. Horrezaz gain, Londresetik bidalitako Dickens, Scott, Stevenson, Kipling eta beranduxeago deskubritutako D.H. Lawrence, Stendhal, Tolstoy eta Dostoievski-ren irakurgaiek bere irudimena elikatzen zuten. Ordurako hasia zen maitasunezko istorioak idazten eta Hego Afrikako aldizkarietan saltzen.

1937an Salisburyra joan zen eta han urtebetez telefonista aritu zen. Hemeretzi urterekin Frank Wisdom-ekin ezkondu eta bi haur izan zituen, baina handik urte gutxira etxetik alde egin zuen, harreman hark desegingo zuen beldurrez. Berehala "Left Book Club"eko bazkide egin zen, "denetarik irakurtzen zuen" komunista talde bat. Talde hartako buruzagi nagusia Gottfried Lessing zen, Doris-en bigarren senarra eta bere hirugarren semearen aita izango zena.

Baina, guda ondorengo urte haietan komunisten mugimenduarekin etsia hartua zegoen eta 1954an politika-lerro hori erabat baztertzea erabaki zuen. Ordurako, 1950ean, bigarren senarra utzi eta seme txikiena hartuta Londresa jo zuen, bere idazkiak besapean. Urte hartan bertan Belarra kantari argitaratu zuen, bere lehen eleberria. Haren atzetik beste asko etorri ziren, bere esperientzia fikzio bihurtzeko trebezia erakusteaz gainera, antikolonialismoa edo feminismoa defendatzearen fama eman ziotenak, berak etiketa guztiak arbuiatu arren.  

Doris Lessing-en fikzioa erabat autobiografikoa da, Afrikan bizi izandako gogorapenetatik eratorritakoa. Haurtzaroko oroitzapen eta politika eta gizarte gaiekin izandako konpromisoez baliatuz, kulturen arteko borrokez, arraza desberdinen arteko injustizia larriaz, gizabanakotasunaren kontzientzia eta taldearen ondasunen arteko gatazkaz idatzi izan du. Bere istorio eta eleberriak Afrikan garatzen dira eta gehienak berrogeita hamar eta hirurogeiko hamarkadaren hasieran argitaratuak dira. Sutsuki salatu zuen zuriek beltz afrikarrei egindako neurririk gabeko kaltea eta Hego Afrikan garatutako zurien kulturaren antzutasuna. Salaketa hauek ez ziren ondo hartuak izan eta horregatik 1956.etik aurrera Hego Afrika eta Hego Rodesian sartzea galarazi zioten. 1995ean itzuli zen eta besoak zabalik zituztela hartu zuten, ordurako idazle entzutetsua izaki.


Doris Lessing-ek gainerako pertsonak baino askeagoa, libreagoa izan dela uste izan zuen beti, idazle bihurtu zelako. Bere ustez, idazteak beste ikuspegi bat eskaini zion eta bere sinesmenen alde borroka egitera eraman zuen. Besteak beste, aginduzko kultur eta biologi usteen aurka gogotik aritzera.


"Urre-koloreko koadernoa" (The Golden Notebook, 1962)


Hauxe da agian famarik handien eman zion eleberria, izan ere, aldarrikapen feministen ikur bihurtu baitzen. "Urre-koloreko koadernoa"n bere esperientzia kolonialistak, beste emakumeekin izandako harremanak, Salisbury eta Londreseko giro progresista eta marxistan edukitako hausnarketak, eta idazle eta iraultzaile gisa izandako zailtasun eta desilusioak ageri dira. Zalantzarik gabe, joan den mendean literatur ingelesak emandako harri bitxietako bat. Eleberriaren hariak izaera autobiografiko handia izateaz gain, hiru esparrutara garamatza: politika gaietan jarrera aktiboa izateko beharrera, emakume helduaren psikologiara eta belaunaldien arteko borrokara.

Eleberri hau feminismoaren Bibliatzat eta literatur obra klasikotzat hartu izan da, baina idazleak berak esan izan du bere asmoa ez zela politikoa izan baizik eta literarioa: "Tradizio ingeleseko emakume-idazleak jakin badaki, eta edozein modutara eskertu beharko luke, badela zerbait emakume-borrokarik egin gabe bere lanak argitaratu eta balioesteko bidea irekiko diona. Ingalaterran emakume-idazleak mendez mende izan ditugu. Baina, honen jakitun naizen eta eskertzen dudan aldetik, neure egin nahi dut Virginia Woolf-en uste hura: emakume-idazleak libre izango dira idazten hasi eta emakume modura ari diren edo ez beren buruari galdetzen ez diotenean."

Doris Lessing Amerikako Arte eta Letren akademiko eta Amerikako Estatu Batuetako Arte eta Letren Institutu nazionaleko kide zen. Honetaz gain, Royal Society of Literature-ko ohorezko kide ere bazen. Literaturaren munduko sari handienetakoak irabazi zituen: nagusiena, Nobel Saria 2007an. Idazleak zuen emakumeen eskarmentua transmititzeko eta zibilizazioen arteko banaketa pasioz eta indarrez narratzeko gaitasuna azpimarratu zuten sari-emaileek.


C1
2009-03-27
16278947
5055