Giuseppe Verdi musikaria

2013ko urrian 200 urte bete ziren Verdi jaio zela, 1813ko urriaren 10ean jaio baitzen. Giusepppe Verdi XIX. gizaldiko opera-sortzaile bikainetakoa izan zen. Bere lanak oso ezagunak dira: Nabucco, Aida, La Traviata, Rigoletto, Otello...

 

 

Verdi Roncole herrian jaio zen, eta egun Roncole Verdi bezala ere ezagutzen da herria: Parma herrialdean dago. Musikagile erromantikotzat jotzen da Verdi. 30 opera inguru egin zituen, bestelako musika ere bai. Opera ezagunak: Nabucco, La Traviata, Rigoletto, Otello, Il Trovatore, Aida, edo Hernani (Victor Hugoren Hernani lanean oinarritua). Diputatua ere izan zen Verdi. Milanen hil zen, 1901eko urtarrilaren 27an.

 

 

 

 

 

 

Lehen urratsak

 

Giuseppe Fortunino Francesco Verdi jaio zenean, Parma dukerrian, dukerri hau Frantzia zen. Hala izan zen 1814ra arte. Gurasoak behartsuak ziren: ardo-saltzailea zuen aita, ama irule. Roncoleko apaizaren bidez Pietro Baistrocchi organo-jolea ezagutu zuen, eta honek Verdi txikiaren musika-zaletasuna preziatu zuen, eta bere dohainez jabetu. Bera izan zuen lehen musika-irakaslea. Espineta jotzen zuen orduan Verdik. Baina aitak bezero batengana bidali zuen semea, Bussetora, lanean hasteko, ez zion eta etorkizunik handirik ikusten musikari gisara. Bezeroa aberatsa zen, kultura handikoa eta abegikorra: Antonio Barezzi (goiko argazkian). Verdiren mezenas bihurtu zen, eta handik urte batzuetara, aitaginarreba. Barezzik mutila Ferdinando Provesi organo-jolearen eskuetan jarri zuen, ikasle. Provesi umearen heziketaz, ez soilik musikalaz, arduratu zen; ia seme bat bezala zen beretzat.

Verdi 1832an Milango kontserbatorioan sartzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Maila gutxi nonbait. Baina kontserbatorioko musikagile eta irakasle bat, Vicenzo Lavigna, bihurtu zen bere irakasle onenetakoa, eta bizi osorako lagun. Bere bidez Milango goi mailako musika-giroan murgildu zen Verdi. Milanen zegoela, Rossiniren Cerentola obraren interpretazioan hartu zuen parte, eta noizbehinka Busseton musika-emanaldiak eskaintzen zituen, berak sortuak. Barezzik mezenas segitzen zuen izaten.  Verdi hasia zen bere lehen opera idazten. Opera hau bukatzeko lasaitasun bila Bussetora itzuli zen. Bertan bost “gauza” lortu zituen: kontserbatorioan lana, ezkontzea, aita izatea, lehen opera amaitzea eta opera hau Milanen estreinatzeko promesa.

Heriotzak

Opera estreinatu baino lehen Virginia alaba hil zitzaion eta handik gutxira Icilio semea. Operak arrakasta izan zuen, ez apartekoa, baina tira! Tamalez, gutxira andrea hil zitzaion. Urtebeteko epean hiru heriotza. Abailduta, hurrengo enkargua onartzeko lagunek konbentzitu zuten Verdi. Eta erabateko porrota izan zen. Eta hainbat lagunek konbentzitu zuten Merelli enpresaria, Milango La Scala Antzokiko burua, honek Verdiri opera gehiago eskatzeko. Merellik Verdiri libreto bat eman zion,  Nabuccodonosor, gero Nabucco bezala ezaguna. Sekulako arrakasta lortu zuen opera honek, baina musikagatik soilik ez, politikagatik ere bai. Izan ere, 1814-1859 urte-tartean Milango konderrian Austriak agindu zuen, eta Italiako batasuna nahi zutenek beren protesta-kantu egin zuten Verdiren opera. Lan honek Biblia du oinarri, eta esklaboek Va pensiero abesten dute.

Kanta Italiako nazionalisten metafora bihurtu zen. Eta herriak VERDI!!!! oihukatzen zuen Austriaren aurka; esaten zuten VERDI siglak zirela: Vittorio Emanuele Ré D’ Italia.

Ordutik aurrera aparra bezala igoko da Verdiren ospea. Adibidez, handik gutxira Venezian izugarri txalotuko diote Hernani opera… Erroma, Paris, Londres… 35 urterekin ia mundu guztian da ezaguna Verdi, nahiz kritikari batzuek salatu Wagner-en ukitu handiegia zuela. Verdi asko bidaiatzen hasi zen, eta maiz zuen bidaide Giuseppina Strepponi sopranoa (ezkerreko irudian), (gerora bigarren emaztea). 1859an ezkondu ziren, eta handik bi urtera Verdi diputatu izendatu zuten. Baina lan gutxi egin zuen politikan. Senar-emazteek adopzioan hartu zuten Verdiren lehengusu txiki bat, Filomena: bere oinordekoa. Verdik bere testamentua egin zuen urtean Musikarientzako Atseden Etxea (Verdik eginarazia) inauguratu zuen. Etxeari, besteak beste, Verdiren operek mundu osoan lortutako egile-eskubideak ematen zizkion. Verdi 1901eko urtarrilaren 27an hil zen. Segizioa hilkutxarekin pasatzean herria Nabucco operako esklaboen kanta abesten hasi zen. Hona kanta bi aldiz kantatua, aurrena abesbatzak eta gero antzoki guztiak, eta italiarrak negarrez.

Hobeto ulertuko duzue Verdirekin gertatu zena bideo hau ikusita: gozatu. 


B1
2013-10-01
16235958
7072