Txomin Agirre, lehen euskal nobelagilea

Txomin Agirre idazlea 1864ko maiatzaren 4an jaio zen Ondarroan eta Zumaian hil zen, 1920ko urtarrilaren 14an. Bere biografia laburra duzu segidan.

Txomin Agirre 1864an jaio zen, Ondarroan. Apaiz izan nahi zuen, baina apaiz-ikasketak garestiak ziren bere gurasoentzat. Gainera, Bigarren Gerra Karlistaren ostean (1872-1876) Hego Euskal Herriko ekonomia eta politika makal zeuden, Foruak ere kenduta baitzeuden. Eskerrak Bilbora joan zen meza-mutil! Gasteizen Teologia eta Filosofia ikasita, Karrantzara eta Zumaiara joan zen abade eta azken herri horretan hasi zen literatura idazten.

Aberri, akeita, ikastola, urrutizkin, bultzi, Nekane, Imanol…

XIX. mende-bukaeran eta XX. mende-hasierako hamarkadetan, puritanismoak indar handia hartu zuen euskal hizkuntzan. Euskal idazle batzuek uste zuten erdarazko eta latinezko hitzak erabiltzea euskarari eraso egitea zela. Beraz, urrutizkin, Andoni, txadon, bultzi… (eta ez telefono, Antonio, eliza, trena) esaten eta idazten zuten. Baina hitz berri horiek guztiak arrotzak ziren jendearentzat, ulertezinak.
Testuinguru horretan, zer egin zuen Txomin Agirrek?, nola jokatu zuen? Bada, tarteko bidea hartu zuen: herri-esapideak eta hitzak idatzi bai –erdal jatorria izan arren batzuk–, baina hitz sortu berriak ere bai, batez ere hitz teknikoak. Esan gabe doa Txomin bizi izan zen garaian ere bazegoela euskararen eta euskal kulturaren kontrako jendea.

Auñemendiko lorea, Kresala eta Garoa nobelak
Bizi-giro hori izan arren, Txomin Agirrek ez zuen etsi. Hala, Auñemendiko lorea nobela historikoa idatzi zuen 1897an, ondarroarrez, Euskalzale aldizkarian. Nobelan, Riktrudis neska euskalduna duke franko batekin ezkonduko da. Portun gazteak, neskaz maiteminduta, dukea hilko du. Portuni senarraren hilketa barkatu eta moja sartuko da alarguna.
Kresala liburuan, berriz, Ondarroa ageri da, Arranondo itsas herri bezala. Bi gaztek euren maitasuna defendatuko dute gurasoen kontra. Nobela kostunbrista da. Hurrengo eleberria, Garoa izenekoa ere estilo berekoa da. Garoak artzainen eta nekazarien giroa islatzen du, idilikoa. Giro horri lotuta ikusten du Agirrek euskara. Euskara, kristautasuna, baserria/itsasoa, natura…; eta horien aurka erdara, industria, hiria, sozialismoa…
Hiru eleberri horiek euskal nobelagintzaren abiapuntutzat jotzen dira.

 

Idazle soilik ez
Txomin Agirrek eleberriak idazteaz gain, zenbait aldizkaritan ere parte hartu zuen. Euskal-Esnalea erakundeko kide zen Agirre; erakunde horrek izen bereko aldizkaria argitaratzen zuen eta euskal literatura-lehiaketa, hitzaldi eta hizkuntzaren aldeko egun arrakastatsuak sustatzen zituen. Euskalerriaren alde ere erakunde eta aldizkaria zen eta Txomin Agirre izan zen sortzaileetako bat. Jaungoiko-zale eta bizkaierazko Euskalzale aldizkarietan ere idatzi zuen.

1919an Euskaltzaindiko kide egin zuten. 1920an hil zen. Zumaiako kale batek eta Donostiako beste batek bere izena dute, eta Ondarroan dago Txomin Agirre ikastola.

Txomin Agirre aztergai
2018ko otsailean, Bilbo Zaharra euskaltegiak Bilbo Zaharra Forum jardunaldiak antolatu zituen Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon. Bertan, Kresala nobela aztertu zuten.
Jardunaldi horietan bertan Bernardo Atxagak esan zuen Agirre idazle ona zela, baina katolizismoaren nagusitasuna aldarrikatu zuela bere nobeletan, ideologia bat: euskaldun fededun. Dena den, idazle askok bere ideologiatik idazten dute: «Nik ere bai» –gaineratu zuen Atxagak. Eta beste hau ere erantsi zuen: «Progreei entzun diet euskal literaturari buruz esaten 1940ra arte denak apaiztxoak izan zirela. Arbuio hori egiten zaio euskal literaturari askotan, eta ez dugu onartu behar. Esaten badute Agirre izan zela kapilautxo bat, bada, ez, barkatu, ez zen izan kapilautxo bat; zen pertsona konplexu bat, oso zirkunstantzia berezi batzuetan, ideologia benetan itogarri batean murgilduta, eta giro krudel batean. Errespetu bat izan behar diegu».
 


B2 B1
2018-05-28
16144105
2394