Ile-apaindegira zenbatero joaten zara?

"Tolosan, esaterako, 60 ile-apaindegi baino gehiago ditugu."

Aulkian eseri eta dardarka: “Zer egingo dit? Gustatuko zait? Orain ere laburregi moztuko dit, ziur nago”. Gero eta gehiago kostatzen zaigu ile-apaindegiko atea gurutzatzea, eta, joaten garenean, beldur izaten gara: “Puntak mozteko bakarrik esan diot, baina beteko du?”, “Hori da nik eskatutako kolorea?”, “Patillak ez dizkit nik nahi bezala utzi”, “Zenbat ordaindu beharko dut?”… Baina beste askorentzat, euren bizitzan aldaketa erradikala edo asmo berriak azaleratzeko modua ere bada; etapa berri baten hasiera adierazteko, hain zuzen ere.

Moztu, tindatu, garbitu, orraztu, kizkurtu, leundu… Hori guztia eta askoz gehiago egiteko aukera ematen du ile-apaindegiak. Tolosak (Gipuzkoa) 19.000 biztanle baino gehiago ditu: “60 ile-apaindegi baino gehiago ditugu herrian”, kontatu digu Amaia Agerrik. Berak Koxka ile-apaindegia ireki zuen 2009. urtean Tolosan.

BEZEROAK
Bizartegira joateko ohitura zuten lehen gizonezkoek: ilea eta bizarra moztera. “Helduenek bertara joaten jarraitzen dute, ohiturari eusteko; gazteenak txikitan etortzen hasten badira, bide beretik jarraituko dute; eta, tarteko adinean, ordea, denetarik dago. Hala ere, gizonezko-kopurua handitu egin dela esan dezakegu”. Batzuek orrazkera bereziak eskatzen dizkiete ile-apaintzaileei, baina oraindik ere gehienek beharra dutenean soilik joaten dira.

Oraindik ere emakumezkoak dira Amaiaren bezero gehienak: “Adin guztietako pertsonak etortzen dira, baina gehienek 50 urte baino gehiago dituzte. Bezerorik fidelenak horiexek dira. Hala ere, egia da gazteak gero eta gehiagotan etortzen direla: hiru hilean edo lau hilean behin, gutxi gorabehera”.

MODAREN JARRAITZAILE
Moda etengabe aldatzen den gurpil bat da, baina jarraitzen dugu? “Adinean aurrera egin ahala, erosotasunari gero eta gehiago erreparatzen diogu. Batzuetan aldizkariekin etortzen zaizkigu edo sakelakoan famatu baten argazkiarekin. Nire ustez, garrantzitsuena da bakoitzak argi izatea zer geratzen zaion ongi, bakoitzaren aurpegiarentzat zer den egokiena”, azaldu digu.

Lehen baino ile-apaindegi gehiago daude gaur egun; konpetentzia handiagoa da.

Une honetan, ilerako oso kolore argiak daude modan; ia zuria den ilehoria, adibidez. Gainera, ile-zuriak tindatu gabe erakustea ere tendentzia bilakatu da. Arroparekin gertatzen den bezala, orrazkerak lehenengo postutik azkenekora igaro daitezke garaiaren arabera. “Galdetzen diguten bezeroei pentsatzen duguna esaten diegu. Izan ere, gugan konfiantza duen jendeak gure gomendioei kasu egiten die. Fidelizazioa modu horretan sortzen dugu”.

NOIZ JOATEN GARA?
Duela urte asko, Tolosan oso ile-apaindegi gutxi zeuden: “Hiru edo lau izango ziren; eta orain, berriz, asko daude”. Orduan, ia asteroko bezeroak joaten ziren eta diru dezente irabazten zuten ile-apaintzaileek. “Gaur egungo konpetentzia oso handia da eta nik, horren aurrean, zer egiten dudan? Eskaintza bereziak egiten ditut; horiei esker, bezero berriak erakartzen baititut. Bestela, ile-apaindegiak ez luke iraungo”, adierazi digu Amaiak.

Konpetentzia-maila ez da aldatu den gauza bakarra: “Korrika bizi gara, jendeak ez du denborarik zain egoteko: gimnasiora, haurren bila, mandatuak egitera… Presaka bizi gara. Bezeroek ez dute pazientziarik, ezta gogorik ere. Horregatik, gehiago kostatzen zaie etortzea”.

Krisiak ere modu negatiboan eragin die: “Ireki genuenetik ez dugu ia preziorik igo. Gainera, lehen astero etortzen zen adineko emakumea orain 10 edo 15 egunean behin etortzen saiatzen da. Poltsikoari erreparatzen diogu”.


Eta zu noiz joan zinen azkenekoz ile-apaindegira? Zein orrazkera egin zenuen? Garestia iruditu zitzaizun? Moda jarraitzen duzu? Zergatik uste duzu jendea lehen baino gutxiagotan joaten dela ile-apaindegira?
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1.    Noiz ireki zenuen Koxka ile-apaindegia? 
2009an ireki nuen, orain dela zortzi urte eta erdi pasatxo, eta justu krisisa (krisia) hasita zegoen eta orduzkeo (ordutik), pixkanaka pixkanaka ikusten ari gara hobetuz dihoala egoera.

2.    Emakumezkoak etortzen dira gehien?
Bai, gehienbat bai. Gizonezkoak ere etortzen dira baina beharra daukatenean. Bestela, ez. Adin guztietako pertsonak etortzen dira, gehienbat bezero, maiztasuna gehiago da… 50 urtetik gorako jendea. Baina, gero eta gazte gehiagori gustatzen zaie polita egotea.

3.    Bezeroek aldizkarietako orrazkerak eskatzen dituzte?
Rebista (aldizkaria) baino gehiago gaur egun mobilarekin (mugikorrarekin) argazki hau. Eta etorri edo lehenagotik whatsappez bidaltzen dizkidate eta “zein iruditzen zaizu izango dela hoberena (onena)? Hau, bestea, edo, zein joango zitzaidan niri ondo (zein geratuko zitzaidan niri ondo)?” Eta asko, klienta (bezero) askok whatsappez bidaltzen dute.

4.    Lehengo eta oraingo ile-apaindegiak oso desberdinak dira?
Oso desberdinak dira. Garai batean, asteroko klienteekin (bezeroekin) dirua asko mugitzen zen eta ondo ateratzen zen. Aurrera joaten zen pelukeri (ile-apaindegi) bat, baina, gaur egun, nobedade (berrikuntza) berriak asko sartu beharra dauzkazu aurrera ateratzeko. Eta  nobedade (berrikuntza) horiek ekartzen dizkizute klienteak (bezeroak), bestela hilda zaude. Zailagoa da, bai, gainera, konpetentzia askoz gehiago dago: lehenago hiru pelukeria (ile-apaindegi) edukitzen bazenituen Tolosa batean adibidez, eta gaur egun, 60, 100 egongo gara?

5.    Zein desberdintasun dago adinekoen eta gazteen artean?
Adinekoek nahi dute aste osoa irautea, edo gehiago edo izatea, eta gazteek nahi dutena da erosoa baina modernoa. Adinekoek, adibidez, ahal den erosoena izatea. Ez ematea lanik. Gazteek koleta bat (mototsa bat) egiten dute eta errazagoa da. Benga, ia, moño batekin ondo nijoa (noa), eta heldu batek adibidez, ia nahi du nik horrela uzten baldin badet, horrela uztea, eta ahal baldin bada, pelukeritik (ile-apaindegitik) ateratzea egunero nik etxean eginda.
 

B2
2018-04-27
  • Zinea Sortzen
16143164
00:03:11
4001