Antonio Forges: binetagile txuri-gorria

Antonio Forges, batez ere, ilustratzaile bezala izan da ezaguna, baina irratian, telebistan eta zineman lan egindakoa da, eta Euskal Herriarekin ere lotura zuzena izan du.

Antonio Forges, batez ere, ilustratzaile bezala izan da ezaguna, baina irratian, telebistan eta zineman lan egindakoa da, eta Euskal Herriarekin ere lotura zuzena izan du. 2007an hasi zen Tolosa Naturaldia ekimenera etortzen eta 2014an Bilbon eta Iruñean erakusketak egin zituen. Bilboko Athletic zalea zenez, futbol-taldeak omendua zuen ordurako. Horrezaz aparte, jatorri hernaniarreko emaztea zuen…

Antonio Forges Madrilen jaio zen, 1942an. Bere benetako izena Rafael Antonio Benito Fraguas de Pablo da. “Fraguas” katalanez “Forges” da. Txikitan ikasle txarra izan omen zen, baina irakurle amorratua. 14 urterekin TVEn hasi zen irudi-teknikari gisa. 1964an argitaratu zuen bere lehen marrazkia Pueblo egunkarian. Forgesek satira eta kritika soziala landu zituen, besteak beste. Bitxia da, baina Arriba egunkari frankistako kultura-orrialdetan ere marrazkiak argitaratu zituen. Berak zioen zentsoreek ez zutela Arriba irakurtzen.

Beste  komunikabide askok argitaratu zuten bere lana: Hermano Lobo, El Jueves, Lecturas, Interviú, El Mundo… Gai asko jorratu zituen bere marrazkietan: politika, informatika, historia, zezenketen krudelkeria,  futbola, matxismoa …

1992an, Eusko Jaurlaritzako Emakundek eskatuta, Sorkunde pertsonaia sortu zuen, emakumeen alde egiteko.  

1994an Forgesi buruzko artikulu luze bat kaleratu zen, Pilar Galán-ek idatzia:  “La creatividad léxica: Los neologismos en A. Fraguas de Pablo (Forges)”.  Izan ere, Forgesek bere ekarpena egin zion hizkuntzari. Marrazkietan biraoak-eta sartzen zituen. Biraoaren gainean X gorri bat jartzen zuen, ezkutatuz bezala, baina irakurtzeko moduan. Horrez gain, herriko hizkeratik hitzak moldatu zituen. Adibidez, berak sortuak dira bocata eta tocata  hitzak. Edo tontérrimo, estupendérrimo, muslamen, tontocool, incrédibol…

Bere binetetan ohikoak ziren horrelako hitzak, bai El Mundo egunkarian –1995ean utzi zuen–, bai  El Paísen. Azken egunkari honetan eguneroko txistea argitaratu zuen 23 urtez.

Tolosan marrazten, Bilbon omendua… 

2007an Tolosako Naturaldia ekimenera etortzen hasi zen, Joaquín Araujo naturagilearen eskutik. Urte hartan, Araujok ordubeteko hitzaldia ematen zuen bitartean, Forgesek 20 bat marrazki egin zituen, eta marrazkiak pantaila batean ikusi zituzten ikusleek. Berrikuntza bat izan zen hori, jendeak aurrez aurre ikustea bat-batean marraztutakoa. 2013an, Tolosako Naturaldiaren kartela Forgesek egin zuen (irudian). 

Hurrengo urtean, 2014an, matxismoaren kontrako erakusketa egin zuen Bilboko metroan.  Urte horretan, marrazkilari 50 urte zeramala ospatzeko, hainbat erakusketa egin zituen. Adibidez, Iruñean hilabete osoz, Nafarroako Komikiaren V. Azokaren harira.  Ikusleek han ikusi zituzten Forgesen hainbat pertsonaia: Mariano burgesa, bulegari haserretua, politikari ustela, uharte bakarti eta aspergarriko naufragoak, yupi amerikartu inozoa, amona ezjakin informatika zaleak, futbolarekin zozotuta dagoen zalea…   

Forges bera ere futbol zalea zen, Bilboko Athletic atsegin zuen. Talde txuri-gorriaren aldeko Madrileko peña batek Forges omendu zuen hiriko Euskal Etxean orain urte batzuk. Forges Euskal Herriarekin ez zuen soilik futbolak lotzen, baita emazteak ere, hernaniar jatorriko Pilar Garrido andaluziarrak. Pilar Garrido Errealaren aldekoa da futbolean.  Beraz, etxean giro polita zuten derbyetan-eta. Forgesek Telmo Zarra futbolaria miresten zuen, eta berak sinatutako kamiseta bat zeukan. Talde txuri-gorriak San Mameseko museoan Forgesen hainbat bineta ditu, eta hiltzean bere web ofizialean doluminezko hitzak jarri zituen. Forgesek horrela definitzen zuen bere burua: erdi-katalana, erdi-galiziarra, txiripaz Madrilen jaioa eta Bilboko Athleticekoa. Bilboko taldeak Brontzezko Lehoia emanez omendu zuen marrazkilaria bere garaian, “JA! Bilboko Barrea” komiki-festibalaren baitan.

Forges 2018ko otsailean hil da, eta binetagile eta ilustratzaile askok omendu egin nahi izan dute, marrazkien bidez. Horietako bat Patxi Huarte izan da, Zaldieroa. Forgesek sortutako pertsonaiak imitatuz, bi bineta egin ditu Berria egunkarirako. Huartek ez du soilik Forgesen marrazteko modua imitatu, hitz egiteko modua ere bai, eta binetetako batean pertsonaiak euskararekin jolasten jarri ditu marrazkigile nafarrak, Forges hizkuntza zalea gogoan.  

 




B2
2018-02-26
16141495
1472