Gero eta alergikoagoak gara?
Galdera horri erantzuten saiatzeko, erreportaje honetan daukazu Esozia Arroabarren alergologoak eman digun azalpena.
Doministikuak, mukiak, azkura, malkoak… Sintoma horiek guztiak edo batzuk baditugu, agian errinitisa daukagu. Zer da hori? Gaixotasun alergiko bat da, eta munduko populazioaren % 25 inguruk dauka. Zerk sortzen du? Polenak, akaroek, etxeko animalien ileek, aire lehorrak, keak…
Errinitisaz gain, hainbat alergia-mota existitzen dira: urtikaria, dermatitisa, asma, sinusitisa… Baina zer da alergia bat? Erantzun inmunologiko desegoki bat da: kaltegarritzat hartzen ez dugun substantzia batekiko gehiegizko erantzuna da, ordura arte gure gorputzak ematen ez zuen erantzuna, hain zuzen ere. Erreakzio alergikoa eragiten digun substantzia horri alergeno edo sortzaile deitzen zaio, eta alergeno ohikoenak polena, hautsaren akaroak, zenbait animalia edo hainbat elikagai izaten dira.
Gaur egungo gizartean, lehen baino alergikoagoak gara? Galdera horri erantzuteko, Esozia Arroabarren (Baztan, 1974) alergologo eta pediatrarengana joan gara. Berak Nafarroako Ospitalean egiten du lan.
ALERGIEN SORRERA
Alergia bat sortu ahal izateko, faktore askok eragiten dute: genetikak, klimak, infekzioek… “Atzo, substantzia horrekin kontaktuan egoteak ez zigun kalterik eragiten, baina bat-batean, bigarrenean, hirugarrenean edo hamargarrenean, kontaktu horrek erreakzioa sortzen digu; ondorio bat du. Ordutik aurrera, substantzia horrekin harremanetan jartzen garen bakoitzean, alergiari dagozkion sintomak agertuko zaizkigu”.
Alergia batzuen kasuan, oinordekotzan jaso dugun zerbait izan daiteke: asmaren edo elikagaiei diegun alergiaren kasuan, esaterako. “Botikei diegun alergia, berriz, ez zaigu gure aurreko belaunaldiengandik etorriko. Beraz, senideek eduki izanak ez du esan nahi guk edukiko dugula. Genetikak lotura izan dezake, baina ez da nahitaezkoa”.
Alergia bat guztiz sendatzea ia ezinezkoa da, hala ere, erremedioak existitzen direla esan digu Arroabarrenek: “Lehenik eta behin, alergia sortzen duen substantziarekin kontaktua gutxitzea gomendatzen dugu. Bestetik, sintomak arintzeko botikak eskaintzen ditugu: jarabeak, pastilak, antihistaminikoak… Hala ere, sintomak benetan jasangaitzak izanez gero, txertoak eta mihipeko sendagaiak ere baditugu. Ezin da esan guztiz sendatzen dutenik. Hala ere, jende anitzek hobekuntza handia nabaritzen du”.
GERO ETA GEHIAGO
Orain lehen baino alergikoagoak gara. Gainera, gero eta gehiagok alergologo baten kontsultara joatea erabakitzen dute: “Kutsadurak, klimak edo Mendebaldeko bizimoduak zerikusia izan dezakete, baina ez dakigu zein den arrazoi zehatza. Gainera, orain jendea lehen baino kontzientziatuagoa dago, eta, nire ustez, horregatik etortzen dira gugana. Eskaria handitu egin da zalantzarik gabe”.
Esan bezala, Mendebaldeko bizimoduak alergiekin zerikusia du, eta, orduan, zer gertatzen da Afrikan? Ez dago alergiarik? “Lehenik eta behin, herrialde txiroetan, alergiek eragindako mukiek ez dute euren bizitzan lehentasunik, gaixotasun eta arazo larriagoak baitituzte. Bestalde, egia da ezin direla hangoa eta hemengoa parekatu. Izan ere, medikuntzan erremedio batek balio duen ala ez jakiteko, bi pertsona aukeratzen dira eta biek hainbat ezaugarri bete behar dituzte: alergia edo diagnostiko berdina, bizigiro berdina, bizi diren lekuko kutsadura edo klima… Beraz, Afrikakoa eta hemengoa zentzu horretan ezin dira alderatu”. Etorkin asko joaten dira alergologoaren kontsultara: “Euskal Herrira iritsi eta alergiak agertzen zaizkie”.
Eta zure ustez, lehen baino alergikoagoak gara? Zergatik? Herrialde txiroetan bizi direnek ez dute alergiarik? Edo ez diete garrantziarik ematen? Eta zuk baduzu alergiarik? Zein alergia ezagutzen dituzu?
1. Zer da alergia bat?
Alergia da erantzun inmunologiko desegoki bat, sustantzia kaltegarria ez dena jende atopiko baten kasuan, erantzun desegoki bat sortzen du. Gaixo horien defentsak erotu egiten dira, uste dute zerbait ondokoarendako kaltegarria ez dena kaltegarria dela, defendatu (babestu) nahi dute eta erantzun hori kaltegarria da eta gaixotasun bat edo bat baino gehiago sortzen ditu.
2. Alergia bat nola sortzen da?
Teorikoki badaude faktore anitz sartzen direnak: genetikak parte anitz dauka, baina ez da gauza bakarra. Erraten dute faktore klimatikoak badaudela, infekzioek lagundu (lagun) dezaketela… Baina alergia agertzearen prozesua izaten da lehenik zuk kontaktua edukitzen duzu alergikoa bihurtuko zaren gauza hori (horrekin), eta une batez, kontaktu horrek ez dizu kalterik egiten, baina zure defentsek erantzun inmunologiko bat prestatzen dute. Hori da lehenengo fasea bezala: sentsibilizazioa. Eta de repente (bat-batean), ez dakigu zergatik, ez dakigu bigarren aldian izango den, edo hirugarrenean edo hamargarrenean, kontaktu horrek erreakzioa sortzen du. Momentu (une) horretatik aitzina, kontaktua edukitzen duzun bakoitzean, jada alergiako sintomak sortuko dituzu.
3. Gero eta alergikoagoak gara? Zergatik?
Alergia gero eta gehiago ikusten da, hori egia da. Eta gero eta jende gehiagok eskatzen du alergiako kontsulta batera joatea. Biek (biak) gehitu dira: alde batetik, gaixotasunen maiztasuna igo egin da eta jendearen demanda (eskaera) baita ere. Ez dakigu anitz, ez dakigu ongi. Denek erraten dute multifaktoriala dela: kutsadurak ikustekoa duela, klimak ikustekoa duela, bizimodu okzidentalak pila bat ikustekoa duela… Baina kausa bakarra ez dago, gauza anitz gehitu egin behar dira, baina denak ados daude gero eta gaixotasun alergiko gehiago ikusten dituela (dituztela).