Summerhill Neillek Ingalaterrako hegoaldean sortu zuen eskola-barnetegia da, eta bertan elkarrekin bizi ziren bost eta hamazortzi urte bitarteko neska-mutilak. XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan sona handia lortu zuen.
Neillen ustez, emozioen garapen egokia garrantzitsuagoa da adimen-aurrerapena baino. Emozioei dagokienez, haur osasuntsu batek etorkizunari aurre egin diezaioke, baita eskola arruntetako haurren ezagutza eta baliabide intelektualen mailara iritsi ere.
Haurren arteko lehiakortasunaren aurka zegoen. Neillentzat funtsezkoena oreka emozionala zen, haurrak pertsona zoriontsuak izatea, hezkuntzaren azken helburua, alegia.
Haren sistema hainbat printzipiotan datza, besteak beste:
• Haurraren ontasunean fede irmoa.
• Hezkuntzaren helburu gorena zoriontasuna da.
• Maitasuna eta onespena elkarrekin bizitzeko oinarriak dira.
• Haurraren gorputzaren eta sexualitatearen garrantzia.
• Irakaskuntza erlijiosorik ez, sinesteko askatasunaren oinarri gisa.
Printzipio horietatik abiatuz, eskola arruntetatik ondoko ezaugarrietan bereizten da:
• Ez dago azterketarik, ezta notarik ere.
• Ez da derrigorrezkoa klaseetara joatea.
• Batzarra da kudeatzeko organo gorena.
• Ez dago ez erretolikarik, ez zigorrik.
• Haurren eta helduen arteko trataera berdintzailea.
Eskola hau bestelako pedagogien ikono bihurtu da, haurrak zer ikasi aukeratzeko eta erabakitzeko duen askatasuna garrantzitsuena baita.