1936ko uztailak 17. Espainiar militar talde batek estatu kolpea egin du Errepublika eraitsi eta erregimen faxista bat ezartzeko. Loiolako kuarteleko militarrek kolpearekin bat egin dute baina herritarrek aurka egin diete.
Iruñetik, errekete karlistak, guardia zibila, armada eta espainiar Falangea indar matxinoei laguntzera abiatu dira, estrategia argi batekin: mugaren kontrola hartu eta Irundik Donostiarantz egitea, beren kideekin bat egiteko. Errepublikaren aldekoek, baina, bidea moztu diete Endarlatsan, gerraren norabidea aldatuz.
Erresistentzia horren aurrean, matxinatuek Oiartzunera jo dute, hura menperatu eta handik Donostiara egiteko. Bidean tropek, komandante zitalak buru, indarkeriazko arrasto basak utziko dituzte, herritarren eguneroko bizitza errotik aldatuz...