«Absurdoa logikari zaio ortziko zulo beltzak materiari zaizkiona. Absurdoa eta ortziko zulo beltzak logikaren eta materiaren ukoa, muga eta antitesia dira; baina aldi berean, bien ala bien alfa eta omega. Kosmosa kaosaren salbuespena da, logika absurdoaren salbuespena den bezalaxe. Kaosa eta absurdoa dira ereduak; kosmosa eta logika, berriz, salbuespenak.
Absurdoko kontuak ez dira kontu absurdoak. Ele hauen xedea ez da zentzugabekerian edo kontraesanean murgiltzea, baizik gizakiaren grinak herriaren ikuspegi “nor-anizkotik” aztertzea eta deskribatzea, norbanakoaren ikuspegitik beharrean; talde ikuspegitik alegia. Maitasuna, sexua, agintea, biziraupena, sinesmena, pobrezia, gorrotoa, zentzu ona eta abar, norbanakotik harantzago badauden fenomenoak baitira.»