Ikerketa hau 2023an hasi zen forma hartzen, Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Labayru Fundazioak eskaintzen duten Santiago Onaindia bekari esker.
Lourdes Iriondo euskal kantagintzaren eta euskarazko haur literaturaren esparruetan aritu zen sortzaile gisa. Lan eskerga egin zuen euskal kulturgintzan 1960 eta 1970eko hamarkadetan, eta garai hartan itzal handia lortu zuen gizartean.
Bere obra ikertzeari ekiten dionak oraindik ere hainbat arazo edo paradoxarekin egin dezake topo.
Esate baterako, oso ohikoa da euskal kantagintza berriaren esparruan ekarri zuen astindu estetikoa aipatzea; alabaina, oso gutxi dira bere obrari xeheki begiratu diotenak, eta aipamen ohikoetatik harago, ez dago obra horren inguruko azterketa sakonik. Haur literaturaren esparruan ere antzeko egoera aurkitzen dugu: egindako lana onartu bai, baina, aztertu, ez hainbeste.
Zer gertatu da, bada, figura horren eta bere obraren transmisioarekin?