Liburu honen argitalpenarekin, Hernaniko Udalak eta Hernaniko herriak zor historikoa kitatu nahi dute, 1936 eta 1959 urteen artean Gerra Zibila eta Lehen Frankismoa ezagutu eta pairatu zuten guztiekiko. Tamalez, urte asko igaro dira gertaera haietatik, eta garai hura bertatik bertara ezagutu eta sufritu zuten lekuko asko eta asko jada ez daude gure artean. Liburu honek eurentzako omenaldi bat ere izan nahi du, gertatu zenaren egia eta oroimena berreskuratuz.
Gerra Zibila eta ondorengo frankismoa izan ziren Hernanik, eta Euskal Herriak, XX. mendean bizi izan zituzten gertaera krudel eta tragikoenetako batzuk. Liburu honekin izen-abizenak jarri nahi dizkiegu sufritu zutenei, era guztietako zigor eta errepresioak nozitu zituztenei, izan heriotza, erbestea, kartzela, kontzentrazio esparruak, lan behartuak edo beste edozein...