Egungo nazioarteko errealitatea ulertzeko ondo ulertu behar ditugu nazioarteko erakundeak, berebiziko garrantzia baitute gaur egungo munduan era herrialdeen arteko harremanetan. Estatuek nazioartean aktore nagusia izaten jarraitzen badute ere, beren botere erlatiboa murriztu egin da nabarmen, unibertsalizazioak eta globalizazioak planteatu dituzten erronkei aurre egin beharrak eraginda.
Agerikoa da nazioarteko erakundeek estatuen arteko harremanak korapilatu dituztela; era berean, estatuen eta erakundeen arteko harremanak inork pentsa zezakeen baino konplexuagoak dira. Nazioarteko erakundeetako jarduna edozein estaturen atzerri politikaren funtsezko atal bilakatu da. Horrez gain, nazioarteko erakunde bakoitzak urratzen du bere ibilbide autonomoa –estatu kideengandik apartekoa-.
Prozesu kontrajarri horiek guztiek zaildu egiten dute nazioarteko egoeraren analisi sendoa egitea. Ildo horretatik, eskuliburu honen asmoa da euskal literatura akademikoa nazioarteko erakundeen mundura hurbiltzea, kalitatezko euskarri zabala eta sakona eskainiz.
Nazioarteko erakundeen eskuliburua hau, berez, Zuzenbideko Graduko ikasleek oinarrizko bibliografia modura erabiltzeko egina den arren, Politika Zientzia edo Nazioarteko Harremanetan sakondu nahi duen edonorentzat ere baliagarri da, bertan azaltzen diren kontzeptu, prozesu eta erakundeak jorratzen baitira beste ikasarlo horietan ere.