Produkzio industrialaren ereduak gizarteak duen bizi kalitatean hobekuntza ekarri arren, kontsumoaren eta energiaren eta baliabideen erabilera aseezina dakar. Testuinguru horretan, Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolak erantzukizun funtsezko bat hartzen du bere gain: profesionalen prestakuntza osoa, eta ez soilik alderdi teknikoetan, baizik eta ingeniaritzaren gizarte erantzukizunari dagokienetan ere.
Hala, eskolaren balioetan gailendu egiten dira baliabideak erabiltzeko orduan eduki beharreko eraginkortasunarekin eta ingurumen balioen errespetuarekin erlazioa dutenak. Garapen jasangarriaren printzipioetan inplikatuta gaude, hau da, ingeniaritza arloko prestakuntzan, baina, funtsezko xedea ahaztu gabe, hau da, “gaur egungo belaunaldien beharrak asetzea etorkizuneko belaunaldiek beren beharrak asetzeko dituzten aukerak arriskuan jarri gabe”.
Bizi garen mundua hobetzen ahaleginduko diren profesionalak hezi nahi ditugu; horretarako, gaitasun teknikoen prestakuntzaz gainera, giza trebetasunetan eta balioetan ere hezten ditugu, printzipio horiei esker, sormenez, pertsonen bizitzaren hobekuntzari eta gizadiaren aurrerabideari lotutako erronka teknologiko eta sozialen ebazpenean inplika daitezen.
Horregatik aurkezten dugu “Ingeniaritza Jasangarriaren Jardunaldia eta Erakusketa”, gure inguruneko enpresa txiki eta handiek lantzen dituzten produktu eta zerbitzu berriak gure Ikastegian erakutsi ahal izateko. Helburuetako bat da gure eskolako ikasleek harremanak sortzea enpresekin, enpresetako praktikak eta gradu amaierako lanak ekarriko dituzten sinergiak sortu ahal izateko. Era berean, aukera hau baliatu nahi izan dugu gure ateak euskal gizarteari eta ikastegiei irekitzeko, jardunaldian parte hartu eta erakusketa ikus dezaten, ingeniaritza jasangarriaren kultura sustatzeko asmoz.