1962an Gabriel Arestik ‘Mailu batekin: Biola batekin' deituriko lana aurkeztu zuen Euskaltzaindiak eratzen zuen Lizardi Sarira. 31 poema ziren guztiz. Ez zuen saria irabazi.
1965ean berriz, original bera poemen ordena moldatuz, hori bai, aurkeztu zuen lehiaketa berara. Izena ere aldatu zion. ‘Euskal Harria eta beste 30 olerki' deitzen zen aldaki berria. Oraingo honetan "Jardin Txikerra" ezizena erabili zuen eta, orduan, bai, orduan irabazi. Ezagunak dira mahaia osatu zutenen izenak: Manuel Lekuona, Pierre Lafitte, Juan San Martin, Nemesio Etxaniz eta Mikel Lasa.
Baina lehen ahalegin haren, ‘Mailu batekin: Biola batekin' haren aztarnarik ez zen geratu. Behin, baina, hurbildu nintzen Euskaltzaindira Sebastian Gartzia lagunarekin batera eta Josune Olabarrik, erakundearen artxiboko arduradunak, esan zidan: "Hemen Arestiren lan argitaragabea daukagu". Esku artean izango zuen, ziurrenik, makinaz jotako originala eta erakutsi egin zidan. Mesfidati agertu nintzen orduan. ‘Mailu batekin: Biola batekin' entzunez batera, gogora etorri zitzaidan 1964an ‘Egan' aldizkarian Arestik plazara emaniko "Mailu batekin" garai bateko bere poesiaren antologia. Izenburuak antzekoak baziren, edukiak ez ziren berberak.