Novedades - Liburutegia
-
-
15/02/2023 | 249
Horma, mural bihurtuta, jada ez da objektu bizigabea, inboluntarioa, haren gerizpean gertatzen zenaren arrazoirik eta errurik gabea. Irudi eta koloreen bidez eraldatu eta gertakarien kronikalari edo aldarrikari bihurtu da, historian protagonismoa hartuz. Gure kasuan, Euskal Herriko historia garaikidearena. Eta zehazkiago, jasandako zapalkuntza eta errepresioaren aurrean herriak agertutako erresistentzia eta borrokatik eratorritako gertakariena. Muralaren filosofiak paretak anonimoak eta mutuak izateari utzi eta asalduraren eta askatasun oihuen subjektu bilakatzea lortu du. Zenbaitetan, abusuak eta bidegabekeriak salatzeko diana akusatzaileak dira. Beste batzuetan, erregimen menderatzaileek urratzen dituzten eskubideak aldarrikatzeko leiho irekiak. Esan liteke auzo, herri zein hiri-aldirietako erakusleihoak direla eta bertako beira-arasetan geure burua behatu eta gure nahi eta errealitateen zatiak islatuta ikus ditzakegula. Euskal Memoriak, euskal herriaren memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin bat, era anonimoan, bakarka zein taldean, muralaren adierazpen grafikoa borroka kultural, sozial eta politikoan “kausadun errebeldiarako” tresna gisa sustatu duten horiek omendu nahi izan ditu liburu honen bitartez. Irakurleak bere eskuetan duen lana horma-irudiari eskainitako lau hamarkada baino gehiagoren emaitza da. Euskal Herriko horma biziak lanaren egileak 4.000 horma-irudi baino gehiagoren argazkiak atera ditu garai horretan. Liburuki honetan adierazgarrienak jasotzen dira, guztiak ezin izango baitziren argitaratu. Beraz, ez da ikerketa akademiko bat, inurri lana baizik. Egilearentzat, une historiko bakoitzeko herri-sentimenduaren adierazpen zuzenak dira muralak. Aurrekaririk gabeko bilketa-lana egin du, eta, emaitza ikusita, ahaleginak merezi izan du.
-
-
-
-
-
-
-
-
13/02/2023 | 270
Antonio Gramsci (Ales, Sardinia, 1891–Erroma, 1937), politikari sozialista, hizkuntzalari gisa trebatu zen Turingo Unibertsitatean. Ikasketak utzi, eta kazetari aritu zen 1914tik aurrera, eta protagonista gisa esku hartu zuen Italiako «biurteko gorri» iraultzailean, 1919-20 bitartean. 1921ean, Italiako Alderdi Komunista sortzen parte hartu zuen, zeinaren idazkari bihurtu baitzen ondoren. 1922-26 artean, Internazional Komunistako buruzagi gailenen artean jardun zuen. Erregimen faxistak 1926an kartzelaratu zuen, eta, hil zenean (1937), ohar sorta mardul bat utzi zuen, zeinak Quaderni del carcere (Kartzelako koadernoak) izenburuarekin argitaratu baitzituzten 1948-51 bitartean.
Quaderni del carcere Antonio Gramscik 1937an hil zenean utzitako testu-bilduma nabarmen bat da. Hainbat formatutako 33 koaderno eskolastiko dira, 1929 eta 1935 artean sortuak. Kartzelan idatzi zituen, baldintza kaskarretan; izan ere, liburu eta aldizkari gutxi zituen eskura, eta etengabeak ziren espetxe-agintarien konfiskatze-mehatxuak. Koadernootan, Italiaren historiari buruzko ikerketa zabal baten inguruabarrak eman zituen Gramscik, Europako eta munduko historiaren esparruan eta hainbatetan birformulatu eta egokitutako lan-planetatik abiaturik. Haren xedea ez zen iraultzak Mendebaldean izaniko porrota azaltzea bakarrik, baizik eta sakonagotik hausnartu nahi izan zuen Mendebaldeko zibilizazio osoaren krisi politiko, sozial eta kulturala. Ikerlan honen arkitekturan –zatika idatziriko lana da, baina ez barne-sistematikotasunik gabea–, askotariko gaiak jorratzen dira, hala nola antropologia, ekonomia, historia, literatura-kritika eta teoria politikoa. Alabaina, guztiak daude loturik marxismoa «praxiaren filosofia» gisa birformulatzeko proiektuarekin; hots, mundu garaikidea ulertzeko eta eraldatzeko gai den filosofia gisa. Nonahi aitortzen dira gaur egun ikuspegi horren zabaltasuna eta originaltasuna. Hori horrela, xx. mendeko pentsalari zorrotzenetakotzat jotzen da Gramsci, eta, horretaz gainera, gaur egun gehien irakurtzen diren italiar autoreetako bat da.