Oroitzapen-album berezia da hau. Ez da familia bakar batena, askorena baizik. Hainbat pertsonaren, nafarrak guztiak, irudi-mosaiko batek osatzen du, nork bere bizitza-historia bereziarekin, baina erabaki komun batekin: mundu hobe bat bilatzea bere lurraldetik urruti, literaturak eta zinemak mito bihurtutako Far West idor hartan. Album hau elikatzen duen materiala Laia Ikerketa Taldea XX. mendearen bigarren erditik aurrera nafar batzuek Estatu Batuetara egindako emigrazioari buruz egiten ari den lan zabalago batetik dator. Oraindik egiten ari dira lan hori, eta Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren laguntza izan du.
Argitalpen honen bidez, omenaldia egin nahi zaio emigratzaileari. Kasu honetan, Amerikako Mendebaldean euskal artzainaren esperientzia bizi izan zuten edo bizi izan duten nafar guztiei egin nahi zaie omenaldia. Batez ere Mendialdekoak dira pertsona horiek, eta horietako askok bizipen horien oroitzapenak iraunarazten laguntzen dute, elkarte hauetan, besteak beste: Euskal Artzainak Ameriketan, Lesakan, Elutseder, Erron, hots, AEBetara migrazio-fluxurik handiena izandako nafar haranetako batean, eta Iratiko Bortuak, Aezkoako Kultura Elkartearekin lotua.