Garaziko euskara dugu mintzagai saio honetan, baina irakurleak ez luke ulertu beharko afera honen azpildura eta goien-barren guztiak sakon edo aski ezagutzen ditugunik. Alderdi batetik, ez dakigu xuxen nola erlazionatu den historikoki Garaziko jendearen mintzoa ondoko ibar edo eskualdeetako hizkuntza-ezaugarriekin, franko mende lehenago, testurik ez zen aldi haietan, Euskara Batu Zaharra zatitzen hasi ondoko garai zaharragoan. Susmatzen ahal dugu nondik etorri zaizkien Garaziko hiztunei berrikuntzak azken garaian, baina ez dakigu guztizko zehaztasunez, ez dakigu ere noiztsutik ari den bere-berezko berrikuntzak garatzen, ezta hauek zein diren edo noraino eta noiz hedatu diren ere, informazio hori guztia eskas dugu, eta, horregatik, Garaziko mintzoaren ezaugarriez idazten abiatu orduko, halako herabetasuna jabetzen da gutaz, ahalkea eragiten du gugan, baina argi da jakintzagaietan aitzinatzeko dakigunetik baizik ezin abiatu garela, ezin abiatuko gara ez dakigunetik, gure ezjakina da egiazki akuilatzaile, ezin bestela. Hartara, herabe ala ez, etorkizun hurbilean garaztarren eskuara hobeki ezagutuko dugulakoan eta bestek ikerlan hobeak argitaratuko dituelakoan abiatuko gara.