GATEPACeko Ipar Taldea : Inguruabar politikoak
Ez da erraza GATEPAC erakundearen inguruan ekarpen berririk egitea, asko eta askotarikoak baitira hari buruz publikaturiko lanak. Zer dakar berritik, bada, liburu honek? GATEPACeko euskal adarraren inguruabar politikoen ikuspegi bat dakar batik bat, inork ez baitio oraindaino taldearen eta garaiko gorabehera politikoen arteko erlazioari heldu; ez, behintzat, beren-beregi eta taldea bere osoan hartuta. Harrigarria da. Izan ere, GATEPAC sortu eta amaitu bitarteko urteak asalduzkoak izan ziren, diktadura bat eraitsi berritan eratu eta matxinada militar baten osteko gerrarekin iraungi baitzen erakundea. Bi gertakari horien artean zer agituko, eta Espainiako Bigarren Errepublika. Hain zuzen ere, balio errepublikanoak errotuen eta zabalduen zeuden jendarteetan izan zuen arrakastarik handiena erakundeak. Hortik euskal taldeak betetasuna iristeko erakutsitako nekeak, hain izan zen eta gorabeheratsua ‘Euskadi’ izeneko proiektu politikoaren eta Espainiako Bigarren Errepublikaren arteko hurbilketa-prozesua. Zer ikusirik ez, bistan da, Katalunia errepublikanoaren baitan jaiotako taldeak hasieratik erakutsitako ibili adoretsuarekin.
Erpin politiko nabarmeneko fenomenoa da esku artean darabilguna. Ez da soilik urte haietako giro politikoa. Ez da bakarrik GATEPACeko euskal adarreko kideei aro gatazkatsua bizitzea egokitu zitzaienik. Ipar Taldeko arkitekto askok erlazio estua izan zuten politikarekin eta alderdi politiko jakin batzuekin, are burukide gisa ere. Alabaina, ez ote diren Ipar Taldeari buruzko lanetan eta ikerketa-saiakeretan ertz politiko horiek ostenduta gelditu. Ados baizik ez gara egoten ahal gaitzesten dutenekin politikaren eremutik aparteko gauzen politizazioa. Haatik, hori bezain tamalgarria deritzogu inguruabar politikoei ez ikusiarena egiteari, baldin eta ertz politiko ageriko auzi bati buruz ari bagara. Begi bistakoa da omisioa GATEPACeko Ipar Taldeari buruzko lanetan, eta harrigarria da nola ez zaion orain arte heldu, zeren eta ikuspegi politikotik erreparatuta, bestela ikusten baitira taldearen baitako gorabeherak, baita hobeto konprenitzen ere taldekide bakoitzaren ibilbidea. Hortik ere badu lan honek, kide guztien erretratua osatzeko gogoa, alegia, sarritan gertatu izan baita Aizpurua eta aitzindarien distirak ostenduta nortasunik gabeko arkitektoak balira bezala eman izana gainerakoen berri; izen bat besterik ez taldeko partaideen zerrenda maiztuan, behin eta berriz errepikatua harako liburu hartan, honako entziklopedia honetan.