Autor: Ibon Manterola, Amaia Rodriguez-Aguirre, Maddi Sarasua et Régine Elosegui
Seaskako ikastoletako murgilketa ereduan hizkuntzen trataera bateraturantz
Ipar Euskal Herrian euskararen bilakaera soziolinguistikoak duen norabidea ikusita, murgilketa bidezko euskararen irakaskuntza eta murgilketako irakasleen prestakuntza erabateko lehentasuna duten esparruak dira (Casenave & Idiazabal 2019). Euskararen ezagutzaren beherakadari aurre egiten lagundu du euskarazko eskolatzeak (Coyos 2021) eta aurrerantzean ere hala egin beharko du, familiako zein komunitateko hizkuntza transmisioaren atzerakadak ez duelako etenik eta koofizialtasun ezaren ondorioak larriak direlako (Urteaga, 2021). Adibidez, Ipar Euskal Herriko ikasleen bi herenak ez du gaur egun oraindik inolako harremanik euskararekin bere ikasketa ibilbidean zehar (Lascano 2023).