irudia
Autor: egilea, Maitane Azurmendi ; testuak Igor Meltxor

Bihotzen taupadak

Kaixo, lagun, eta ongi etorri Maitane Azurmendiren mundu liluragarrira. Zorionekoa ni, elkarrekin gozatu ahalko baitugu bere marrazkiez. Ondo irakurri duzu, bai: marrazkiak dira. Izan ere, Maitanek beti esan izan du berak “marrazkiak” egiten dituela. Baina ez okerreko ideiarik egin, sentimenduz eta mezuz blai baitaude,  Maitanek sentitzen eta ikusten duen guztia islatzen duelako bere marrazkietan. Ziurrenik, horixe da bere emozio eta sentimenduak adierazteko eroso egiten zaion modu bakarra, beti galdu izan baita hitzen zurrunbiloan.

Itsasotik mendira, burutik bihotzera, Lurretik Ilargira, bizitzatik heriotzara, Nepaletik bere jaioterrira, Mungiara… Erabat “kontrajarriak” diren toki eta espazioak dira, elkarrengandik oso urrun daudenak, baina elkartu egiten dira Maitaneren arkatzak egindako trazatuaren pean, eta horrela, marrazki bilduma zoragarriak sortzen ditu. Liburu honetan jasotakoa duzu  bat.

Kolore-aukera xumearen alde eginda, beltza eta gorria, eta sinpleak diruditen trazatuekin (ni neu ez nintzateke mendi baten zirriborroa egiteko gai ere izango, eguna mendiak behatzen eta haien xuxurla entzuten pasatzen dudan arren, gero igotzeko), sentimendu asko azaleratzen ditu Maitanek, gehienok hitzen bitartez ere adierazi ezin ditugunak.

Esku artean duzun altxorrak Maitaneren emozioetan barrena eramango zaitu, askotan emozio horiek barrua urratzen badiote ere, bizitzea tokatu zaigun mundu honetan gerrak, bidegabekeriak eta berdintasunik eza nagusi baitira nonahi. Poztasuna, tristezia… alanbre arantzadunarekin josita, edo soka batekin, kafe-zurrusta batekin, ortzi-mugarekin, bihotzera daraman zain batekin…