Euskal Herriko pentsamenduaren gida
Liburu honen sorrera eskutik helduta dator aurten euskal pentsamenduaren inguruan garrantzitsua eta berritzailea izan den beste proiektu batekin, 2012-2013 abian jarri berri den «Euskal Herriko Pentsamendu Kritikoa XX. eta XXI. mendeetan» graduondokoarekin alegia. Graduondoko hori, esku artean dugun gida hau bezala, euskal eremu akademikoan antzematen dugun hutsune bat betetzeko helburuarekin sortu da.
Euskal pentsamenduaren inguruko irizpiderik ezak, sistematizazio- eta transmisio-lanik ez egoteak, pentsamendu eta pentsalari arrotzen lanak bakarrik ikasi eta lantzea dakarkigu. Gureak, bertakoak, ezagutu gabe eta ahanzturan galtzen direlarik. Euskal pentsalaririk inoiz izan ez den irudi okerra zabaltzen da eta pentsamendua beti herri txiki batentzat inportatu beharreko zerbait dela ulertarazi. Baina hori errealitatearen desitxuraketa interesatu bat baino ez da.
Liburu honek, umil eta muga guztiekin bada ere, aipatu hutsune hori neurri apal batean betetzen hasi nahiko luke. Euskal Herriko pentsamenduaren azterketa eta eraikuntzan ezinbestekoa suertatzen da edozeinentzat eskuragarri eta ulergarri izango den idatzizko materiala produzitzea