• Autor: Karlos Santisteban
  • Tipo: Otros
  • Palabras clave: ume, haur, ipuin, guraso, alaba, haurdun, senar-emazte, itsaso, karlos, altzari, santisteban, aborto, sehaska, lo-kanta, 1984, ur-jauzi

Umetxo urdina


HABE aldizkariaren 55. alean eman zen argitara ipuin hau, 1984an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Senarra goizean lanerako irtetera zihoanean, ahots batek geldiarazi zuen.

-Baina, Manolo, umetxoa agurtu gabe joango al zara?

-Egia da, maite, egia da, barka ezazu, presaka nabil eta ez naiz konturatu.

Manolo umetxoaren logelara abiatu zen.

Umetxoek edukitzen dituzten gela pinpirin horietako bat zen, dena jostailuz eta panpinaz betea. Paretak kolore urdinez pintaturik zeuden, zeruko kolore urdinez, eta altzari guztiak kolore berekoak ziren, baina altzarietan marrazturiko zuhaitz, txakur, umetxo, izar, ilargi bete eta abarrek kontrastea ematen zioten tonu bakarrari, Leiho zabalak zeuzkan logelak, itsaso urdin aldera begira. Gauetan batez ere, itsasoaren mugida entzun zitekeen oso garbi. Leiho zabal haien aurretik gortinak zeuden, sotilki zintzilik, erdialdekoak uhindura ugariz, itsaso kolorekoak, eta haize boladek higiarazten zituztenean itsaso bera zela ematen zuen, itsasoa baina bertikala. Ertzetako gortinek, aldiz, ez zuten tolesturarik eta ongi ezin adieraz daitekeen kolore batekoak ziren; ez ziren zuriak, grisak ere ez, ezta koloregabeak ere, nola adierazi haien kolorea? Bai, erreka baten kolorekoak ziren, hain zuzen ere, ur-jauzi bat ziruditen, itsasoaren ondoan ur-jauziak gela hartan.

Lehen lehorrean bizi ziren, hiri ziztrin eta zaratatsu batean, baina Joxefa haurdun geratu zenean aldatzea erabaki zuten. Zoratu egin zen bere sabelean bolatxoa handitzen hasi zitzaionetik.

-Gure alabatxoak -ziur dakidalako neskatxoa izango dela- toki lasai eta osasuntsua behar du, Manolo, ondo hezi behar dugu eta -errepikatzen zion egunero Joxefak.

-Bai, bai, aldatuko gara, maite, bai -erantzuten zion gogo handirik gabe.

Baina Joxefak bila eta bila ibili ondoren, berehala aurkitu zuen leku egoki bat eta aldatzeko konbentzitu zuen.

-Orain bai gaudela ondo, Manolo! Lehen egunetik erakutsiko diot itsaso ederra geure umetxoari; zoriontsua naiz, Manolo, zoriontsua!

-Bai, maite -ihardesten zion automatikoki, bere eskuez sabel puztu hura suabeki laztantzen zion bitartean.

Egunero joaten zen Josefa jantzi-dendetara arropatxoak erostera: gantxiloz egindako bragatxo eta txupintxoak, kolore guztietako txoritxoak ilerako, belusezko zapatatxo txiki-txikitxoak, sehaskarako maindirexka eta burusitxoak... denetatik. Erditzeko oraindik bost hilabete falta zitzaizkionean, bazuen amaetxe oso bat hornitzeko adina arropa. Bere umetxoaz aparte ez zegoen ezer bizitzan; laster izango zuen alabatxoa zen haren ardura bakarra.

Erditu ondoren, bere hitza bete zuen Joxefak. Lehen egunean bertan logelako leihoak ireki zituen eta itsasoa erakutsi zion bere alabatxoari.

-Ikusten duzu zein ederra den, ene laztana? Ikusten duzu? Dena urdin-urdina, beti mugitzen, freskoa...

Eta gauero, itsaso eta izarrei begira, lo-kantak abesten zizkion emekiro Joxefak, loak hartu arte.

Manolo umetxoaren logelara sartu da, Joxefak atetik begiratzen du nola ematen dion musutxo bat eta agur esaten; orain lasaitu egin da. Senarra ateraino laguntzen du eta agurtu ondoren bere alabatxoaren logelara itzultzen da. Begirada bat botatzen du, "bai, lotan dago ene laztantxo maitea", alde egiten du oin-puntan ibiliz umea ez iratzartzeko; bakarrik uzten du.

Gela erdian sehaska dago; oso leunki, oso leunki, gortinak mugitzen dira; zirrikitu batetik sartzen den aire hil batek mugiarazten ditu, ondoko itsasoaren antzera mugitzen dira, baina itsasoko uhinen bizitasuna falta zaie, gela triste dago, sehaskan ez dago umerik, bakar-bakarrik belusezko zapatatxo urdin bi, dena ametsa besterik ez da, amets urdina, Josefak hilaur egin zuelako.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

AHOTS.- Voz.
ALTZARI.- Errediza. Mueble.
ARDURA.- Kezka.
BURUSITXO.-Manta txikia.
ERDlTU.- Umea egin.
HAURDUN GERATU.- Quedar embarazada, encinta.
BELUS.- Terciopelo.
HIGIARAZI.- Mugiarazi.
HILAUR EGIN.- Abortar.
IHARDETSl.- Erantzun.
IRATZARRl.-Esnatu.
LEHORREAN.- Itsasotik urrun.
MAINDIREXKA.- Izara txikia.
PINPIRIN.- Oso dotorea.
TOLESTURA.- Pliegue.
TXUPIN.- Chaleco.
UHINDURA.- Uhin edo olatuen itxura.
UR-JAUZI.- Salto de agua.
ZIRRIKITU.- Rendija.
ZlZTRlN.- Sastarra.
 

 

B1
08-02-1984
16171044
1089