• Autor: Xabier Gereño
  • Tipo: Otros
  • Palabras clave: lanpostu, edari, vodka, nagusi, xabier, kopa, botila, edan, probatu, igarri, janari-denda, gereño, sobiet batasun, brindis, kremlin, topa egin

Petrov kamarada eta edariak


HABE aldizkariaren 53. alean eman zen argitara ipuin hau, 1984an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Petrov-ek berrogei urte ditu. Oso jatorra da. Lodia, baxua eta alaia. A!, alaia eta vodkazalea. Vodka ura bezala edaten du. Bueno, ura ez bezala. Petrov-i ura ez zaio atsegin.

Petrov janari-denda batean sartu da.

-Kamarada -esaten dio dendako nagusiari-, hemen lan egin nahi dut. Lanpostu bat baduzue, ezta?

-Bai, kamarada, horrela da. Edarien departamenduan pertsona bat behar dugu.

-Bai, hori esan didate.

-Ezagutzen dituzu edariak?

-Bai, kamarada. Edaritan espezialista naiz.

-Bai? Proba bat egin behar dizut.

Nagusiak botila bat hartu du. Likido pixka bat atera eta esaten dio:

-Ea, kamarada, probatu edari hau. Zer da?

Petrov-ek edaten du. Edaria oso goxoa da.

-Hum! Zerbait gehiago eman beharko didazu. Erantzun segurua eman nahi dizut.

Nagusiak edari hartatik gehiago ematen dio.

-Oso goxoa, e, kamarada? -esaten dio alai nagusiari.

-Zer da edari hori? -galdetzen dio Petrov-i nagusiak.

-Vodka.

-Bai, baina zein vodka?

-Armeniakoa.

-Ez. Ez da Armeniakoa.

-Ez? Ea, ekarri gehiago.

Nagusiak gehiago ematen dio. Petrov-ek hirugarren kopa edaten du.

-Arrazoi duzu, kamarada. Ez da Armeniakoa.

-Nongoa da?

-Kaukasokoa.

-Ez. Orain ere oker erantzun duzu.

Petrov-ek barre egiten du.

-Bai, gaizki esan dut zu enganatzeko.

Nagusia serio jarri da.

-Ea, ba orain eman erantzun zuzena.

-Ukrainakoa.

-Bai, Ukrainakoa da.

Petrov-ek txiripaz igarri dio. Pozik jarri da. Kamarada nagusiari eskua ematen dio, oso alai:

-Kamarada, hau ospatu egin behar da. Brindisa egin behar dugu Lenin-en ohoretan. Ea, bete kopa hau, brindisa egiteko.

Petrov-ek laugarren kopa betea altxatzen du.

-Lenin handiaren ohoretan!

Kopakoa edan ondoren, nagusiari esaten dio:

-Ez dugu Marx baztertu behar, kamarada. Marx-en ohoretan beste brindis bat egin nahi dut.

Pretrov-ek bosgarren kopa altxatzen du:

-Marx handiaren ohoretan!

Nagusiak esaten dio:

-Lanpostua zurea da. Nola duzu izena?

Baina Petrov-ek ez du han lan egin nahi. Han vodka doan edateko sartu da. Petrov-ek auto fabrika batean egiten du lan eta ez du aldatu nahi.

-Pentsatu egin behar dut, kamarada. Orain auto fabrika batean lan egiten dut. Pentsatuko dut zer egin.

Petrov dendatik mozkor handi batekin irten da. Kura ibaiaren ertzean Ivan lankidea ikusten du.

-Petrov, zer egiten duzu Kura ibaiaren ertzean?

-Kaixo, lvan kamarada.

-Baina, Petrov! -esaten dio lvan-ek-. Gaur ere mozkor?

Petrov kantatzen hasi da. Ahots ederra du, eta gustu handia. Abestia tristea da, melodia ederrekoa.

lvan-ek Kura ibaiko ura begiratzen du. Ura ere pausatuki mugitzen da, kantuaren erritmoa bezala.

Ivan-ek etxera eraman du Petrov.

Petrov-ek asmatu du edariak doan edateko modua. Egunero bisitatzen du janari-denda ezberdin bat. Egunero edaten ditu edariak, probatzeko eta brindisak egiteko.

Egunak iragan dira. Eta asteak eta hilabeteak. Petrovek ikasi du edariak ezagutzen. Orain denak esaten ditu zuzen:

-Hau Krimeakoa da.

-Hau Uraletakoa.

Baina lanpostuari uko egiten dio. Ez du aldatu nahi. Auto fabrikatik ez du irten nahi.


Hilabete batzuK pasatu dira. Larunbat arratsaldea da. Tabernan sartu da. Larunbat guztietan taberna hartara joaten da, adiskideekin egoteko.
-Kaixo, Petrov -esaten dio adiskide batek-. Nahi duzu zerbait edan?

Petrov-ek ospe handia du adiskideen artean. Edariak ongi ezagutzen ditu. Adiskideak Petrov-engana joan dira kopa batekin.

-Ea, Petrov! -esaten diote-. Kopa honetan edari berezia sartu dugu.

-Bai?

-Bai. Edari honen izena ez duzu asmatuko.

Petrov-ek barre egiten du.

-Sobiet Batasuneko edari guztiak ezagutzen ditut.

-Hau ez. Edari honen izena ez duzu igarriko.

Adiskideek barre egiten dute. Mahai bakarti batean jaun oso dotore bat eseri da. Atentzioz begiratzen ditu Petrov eta honen lagunak. Jaun dotoreak astrakanezko berokia eta burukoa ditu.

Petrov-ek kopa ahora eraman du. Kopatik edaten du.

-Zer? Zein edari da hori? -galdetzen diote adiskideek.

Petrov triste jarri da.

-Irabazi duzue. Edari honen izena ez dut ezagutzen.

Gero, kuriositatez, galdetzen die:

-Zein edari da?

Adiskideek barre egiten dute:

-Andreiev-en amonak bere herrian egiten du. Etxean egiten du.

Petrov-i asko gustatu zaio edaria.

-Eman zorionak zeure amonari, Andreiev. Edari oso ona da.

Jaun dotorea zutitu egin da. Atera irten eta polizia birekin berriz sartu da. Hirurak Petrov-engana joan dira.

-Petrov kamarada!

Petrov ikaratu egin da.

-Zer, jauna?

-Nirekin etorri behar duzu.

Petrov gehiago ikaratu da.

-Nora, jauna?

-Moskura, Kremlin-era,

Petrov dardarka jarri da.

-Zergatik, jauna? Ni gizon leiala naiz.

Gizon dotoreak galdera bat egin dio:

-Janari-dendak bisitatzen dituzu, ezta?

O! Igarri dute bere tranpa! Orain zigortu egingo dute. Petrov-en aurpegiak zuri kolorea hartu du.

-Bai, jauna. Baina ez dut ezer lapurtu.

Jaun dotoreak aurrera egin du:

-Eta han edariak probatzen dituzu?

-Bai, jauna. Baina ez diot Estatuari kalterik egin. Edariak probatu egiten ditut. Oso gutxi edaten dut. Eta brindisak egiten ditut Lenin, Marx eta Sobiet Batasuneko kamarada handi guztien ohoretan.

-Petrov kamarada, gurekin etorri behar duzu.

Petrov gizon dotorearen atzetik abiatzen da. Gero, Petrov-en atzean, polizia biak hasi dira ibiltzen. Petrov-ek hau pentsatzen du: "Kartzelara eramango naute, Kremlingo sotoetara".

Eta bai. Petrov Kremlingo sotoetara jaitsi dute. Bidea luzea izan da, Tiblisi-tik Moskuraino.

Kremlinen, eskailerak jaitsi dituzte, sotoetara. Petrov dardarka ari da. "Hau nire azkena da", pentsatzen du.

Petrov gela batean sartu dute. Gela ez da handia. Petrov-ek mahai bat ikusi du gelaren erdian.

Jaun dotoreak eserleku bat seinalatu dio:

-Eseri hor.

Petrov eseri egin da. Jaun dotorea eta polizi biak irten egin dira. Petrov bakarrik geratu da gelan. "Orain poliziak etorriko dira eta galdeketak egingo dizkidate".

Gero gizon bat sartu de gelan. Maleta bat ekarri du. "Torturatzeko tresnak'', pentsatzen du Petrov-ek,

Gizonak maleta zabaltzen du. Botilatxo bat atera du.

-Zein edari da hau? -galdetzen dio Petrov-i,

"Pozoia", pentsatzen du. Baina honela erantzun dio gizonari:

-Ez dakit, jauna.

-Edan -agintzen dio. .

Petrov-en aurpegiak zuri kolorea hartu du.

"Pozoitu egin nahi naute", pentsatzen du Petrov-ek.

-Edan -esaten dio berriz.

Petrov-ek edaten du. Vodka zoragarria da, onena. Ez du inoiz hori bezalako vodkarik edan.

-Zein edari da?

Petrov-ek ez du inoiz vodka hori edan. Baina edateko ohitura du. Susmatzen du eta izena eman dio.

-Zorionak, kamarada -esaten dio gizonak-. Zaila da, baina zuzen erantzun duzu. Zorionak berriro.

Petrov animatu egin da. Baina gero konturatzen da: txerriei ere, hil aurretik, tripa betetzen zaie. "O! Hil egin nahi naute!", pentsatzen du.

Gizonak beste sei botilatxo ateratzen ditu. Petrov-i probatzeko ematen dizkio. Petrov-ek denen izenak igarri ditu.
Gizonak eskua luzatzen dio:

-Petrov, Sobiet Batasuneko espezialistarik onena zara. Beraz, hemen lan egingo duzu, Kremlinen, edarien arduradun bezala. Alogera ona emango dizugu eta lanpostu goren bat.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

AHOTS.- Voz.
ALOGERA.- Soldata, alokairua.
ARDURADUN.-Responsable, encargado/a.
BEROKI.- Abrigoa.
BRINDISA EGIN.-Topa egin.
DOAN.- Debalde, urririk, dohainik.
GALDEKETAK.- Interrogatorios.
IGARRI.- Asmatu, antzeman.
IRAGAN.- Pasa, joan.
JANARI-DENDA.- Janariak saltzen diren denda.
LANKIDE.- Laneko laguna.
LANPOSTU GOREN.- Goi-mailako lanpostua.
LANPOSTU.- Puesto de trabajo.
OKER ERANTZUN.- Antonimoa: zuzen erantzun.
PAUSATUKI.- Astiro, geldiro.
POZOI.- Benenoa.
POZOITU.- Envenenar.
SOTO.- Sótano.
SUSMATU.- Susmoa hartu. Sospechar.
UKO EGIN.- Muzin egin, ezezkoa eman.
 

A2
02-02-1984
16170784
2733