• Autor: Ezezaguna
  • Tipo: Otros
  • Palabras clave: emakume, gizon, andre, zuhaitz, arbola, zakur, oihan, dragoi, zaunka, zapuztu, askatu

Bi andre zituen gizonaren istorioa


HABE aldizkariaren 22. alean eman zen argitara ipuin hau, 1983an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.


Gizon batek hala esan zien bere bi andreei:

-Oihanera noa. Zakurrak lotuta utzi ditut; ez ditzala inork aska. Eta zera erantsi zuen:

-Ni kanpoan naizen bitartean nire zakurrak askatzen dituen andrea zapuztu egingo dut etxeratzean, eta bere gurasoen etxera joan beharko du.

Gizonak zakur ederrak zeuzkan, handiak eta txikiak, etxean lotuta. Hartu zituen bere flauta, bere poltsa, bere aizkora, eta oihanean sartu zen. Ibili eta ibili egin ondoren, dragoi batekin topo egin zuen. Dragoia gizonarengana zihoan. Gizonak ihes egin zuen eta zuhaitz tantai batera igo zen. Flauta hartu eta jotzen hasi zen. Etxean zeuden zakurrak, flautaren soinua entzutean, saltoka eta zaunka hasi .ziren. Emakumeetariko batek esan zuen:

-Zer gertatu ote da zakurrak saltoka eta zaunka horrela aritzeko? Askatu egin behar ditut.

Beste emakumeak erantzun:

-Ez, ez itzazu aska. Ez al zenion entzun nola esan zuen inork ez askatzeko zakurrak bera oihanean den bitartean?

Lehenengo emakumeak erantzun:

-Zakurrak askatzera noa.

Bigarrenak erantsi:

-Askatzen badituzu, haserretu egingo da zurekin, eta zeure gurasoen etxera itzuli beharko duzu.

-Ez zait batere axola. Askatu egingo ditut.

-Ba aska itzazu, bahi baduzu. Nik ezin dizut galarazi.

Emakumeak orduan zakur guztiak askatu zituen eta hauek oihanera joan ziren korrika. Berehala dragoiaren gainera joan ziren, hau arbola guztiak zuztarretik ateratzen ari baitzen, ia-ia gizona igota zegoenekoa bakarrik falta zitzaiolarik.

Zakur handienak lurrera bota zuen dragoia, bien bitartean beste txikiek errematea eman eta akabatu zutelarik. Zakurren jabea, pozaren pozez, arbolatik jaitsi eta bere etxera itzuli zen. Honela galdetu zuen etxeratzean:

-Nork askatu ditu nire zakurrak?

Bigarren emakumeak erantzun:

-Bera izan da askatu dituena, nik ez askatzeko behin eta berriz esan arren.

Senarrak orduan:

-Zoaz hemendik! Ez zaitut batere maite. Berak zakurrak askatu ez balitu, ni hila nengoen honez gero. Zoaz hemendik; ez zaitut maite inolaz ere!

Eta gizonak bigarren emakumea zapuzten du, zakurrak askatu ez zituena alegia, eta bestearekin gelditzen da etxean, berarekin eta bere zakurrekin bakarrik. Eta hauxe da azkena.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

AKABATU - Animalia bat hil.
ERREMATEA EMAN - Akabera edo azkena eman.
ESAN ARREN - Nahiz eta esan, esan badiot ere (kontzesiboa).
GALARAZI - Eragotzi, debekatu.
IGOTA ZEGOENEKOA - Igota zegoen(eko) arbola, alegia.
ITZULI - Bueltatu.
OIHAN - Selva.
ZAPUZTU - Repudiar.
ZUHAITZ TANTAIA -Arbola handia, altua.
ZUZTARRETIK ATERA- Errotik edo sustraitik erauzi.

B1
01-02-1983
16170760
1410