• Tipo: Otros
  • Palabras clave: ipuin, bidaia, ontzi, errege, gizaki, arraunlari, izerdi, arraun egin, kontseilari, txakurtxo, patsetan

Ez al gara denok gizakiak ala?


HABE aldizkariaren 33. alean eman zen argitara ipuin hau, 1983an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Cuentos Populares de Asia, II, Doncel, 1982, 161-165. orr.


Bazen behin batez Errege bat, bere errege-ontzian bidaia luze bati ekin ziona, atzetik beste ontzi batean errege-kontseilariak zihoazelarik. Oso egun beroa zen, eguzkiak gogor jotzen baitzuen, eta arraunlariek ordu luzetan ibaian gora arraun egin beharra zeukaten, Erregek eta kontseilariek ontzietako olanapean lasai etzanda atseden hartzen zuten bitartean.

Arraunlariak izerdi patsetan zeuden eta haietariko bat marmarka hasi zen:

- Egia esan, hau ez dago ongi -esan zion alboan zuen arraunlariari-. Ez al gara denok gizakiak ala? Zergatik egin behar dugu guk lan guztia, kontseilari nagitsuok itzalean atseden hartzen dauden bitartean? Azken finean, gizonak gara eta Erregeren menpean gaude denok; beraz, horiek ere arraun egin behar lukete.

Erregek begiak itxita zeuzkan arren, arraunlariek esaten zuten guztia entzun zuen. Baina lotan dagoenarena egin zuen.

Egunaren buruan tenplu koxkor baten ondoan lotu zituzten ontziak, berauetan lo egiteko. Afalondoan arraunlariak loak hartu zituen istantean; haietariko batzuk zurrunga ere hasi ziren. Baina Errege esna zegoen artean eta tenplutik zetorren hots bat entzun zuen. Kexatu zen arraunlaria esnatu zuen eta han bidali zuen hotsa nondik zetorren ikustera.

Arraunlaria itzuli zenean, Erregek galdegin zion:

- Nondik dator hotsa?

- Txakurtxo batzuk dira hots hori egiten dutenak -erantzun zion arraunlariak.

- Zenbat txakurtxo dira? -galdegin zion Erregek.

Arraunlariak ez baitzekien ziur, egiaztatzera joan zen. Itzuli zenean esan zuen:

- Bost txakurtxo dira.

- Arrak ala emeak dira txakurtxoak? -galdetu zion Erregek.

Joan zen berriro ikustera eta itzultzean esan zion Erregeri:

- Hiru ar eta bi eme dira.

- Zer koloretakoak dira? -galdegin zuen Erregek.

Arraunlaria begiratzera joan zen berriro. Itzultzean esan zuen:

- Zuriak, beltzak eta marroiak dira.

Erregek orduan bere kontseilarietako bat esnatu zuen eta hots hura zeinek egiten zuen ikustera joateko eskatu zion.

Minutu gutxi batzuen buruan, kontseilaria itzulia zen eta esan zuen:

- Txakurtxo batzuk dira hotsa ateratzen dutenak.

- Zenbat txakurtxo? -galdegin zion Erregek.

- Bost - erantzun zion kontseilariak.

- Arrak ala emeak dira? -galdegin zion Erregek.

- Hiru ar eta bi eme dira.

- Zer koloretakoak dira?

- Txakurkumeak zuriak, beltzak eta marroiak dira, eta ama beltza da. Tenpluko apaiz batenak dira.

Erregek orduan, arraunlariarengana itzulirik, esan zion:

- Zuk lau aldiz joan behar izan duzu nire galderei erantzuteko, baina nire kontseilariak behin bakarrik joan behar izan du. Orain konprenituko duzu zergatik gizon batzuk arraunlariak diren eta beste batzuk errege-kontseilariak, nahiz eta denak gizakiak izan.


HIZTEGI LAGUNGARRIA

ALBOAN.- Aldamenean.
ARRAUN EGIN.- Remar.
ARRAUNLARI.- Remero/a.
ERREGE-KONTSEILARIAK.- Lo/as consejero/as del rey.
ESNA.- Itzarri.
GIZAKI.- Ser humano.
ISTANTEAN.- Bat-batean.
IZERDI PATSETAN.- Sudando a mares.
KEXATU.- Kexu izan, kexa azaldu.
LOTAN DAGOENARENA EGIN.- Lo dagoenaren itxura egin. Era berean: ezjakinarena egin, azkarrarena egin, ez ikusiarena egin...
MARMARKA.- Marmarrean, maiseaketan.
MINUTU GUTXI BATZUEN BURUAN.- Minutu batzuen ondoren, minutu batzuk barru.
NAGITSU.- Perezoso/a.
OLANA.- Lona, toldo.
 

B1
12-08-1983
16168836
1847