• Tipo: Otros
  • Palabras clave: ipuin, asia, errementari, bizkar, moko, bangladesh, buztin, bele, pegar, txolarre

Belea eta txolarrea


HABE aldizkariaren 24. alean eman zen argitara ipuin hau, 1983an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Cuentos Populares de Asia, Doncel, Madrid, 1976, 15-20. orr. Ipuin hau Bangladesh-koa da. Hemen aipatzen dugun obra honetan ipuin zoragarriak daude, Asiako herrialde desberdinetakoak. Hiru tomo dira.

Aspaldi batean, bele bat eta txolarre bat elkarren adiskide egin ziren. Janari bila zebiltzan egun batean, beleak aran-ale batzuk ikusi zituen zerria baten gainean lehortzen.

-Begira nolako aran-aleak -esan zion beleak txolarreari-. Ea zeinek jaten dituen gehiago biotatik!

-Ederki -erantzun zion txolarreak.

-Hortaz, irabazten duenak bestea jango du -esan zuen beleak.

Txolarreak barreari eman zion, belea txantxetan ari zela uste baitzuen.

Adiskideek ez dute batak bestea jaten! Txolarrea aleak jaten ari zen banan-banan, baina beleak tranpa egin zuen. Txolarreak jaten zuen ale bakoitzeko, berak hiru ezkutatzen zituen zerria azpian, txolarrea konturatzen ez zelarik.

-Irabazi dut! Jan egingo zaitut! -esan zuen beleak.

Orduan konturatu zen txolarrea benetan ari zela belea.

-Ederki -esan zuen txolarreak-. Agindua zor da. Baina ni jan baino lehen, mokoa garbitu behar duzu, zeren mundu guztiak baitaki oso txori zikina zarena eta batzuetan gauza nazkagarriak jaten dituzuna.

Orduan belea ibaira joan zen eta honela zioen:



Ibai, ibai,
emadazu ura.
Garbitu nire mokoa
eta jar nazazu garbi
txolarretxoa jateko.



Ibaiak erantzun zuen:

-Ura nahi duzu? Ederki, baina mundu guztiak dioenez, gauza nazkagarriak jaten dituzu. Mokoa nire uretan garbitu nahi baduzu, aurrez pegar baten bila joan behar duzu, bertan nahi duzun ur guztia har dezakezularik.

Belea herrira joan zen pegarraren bila eta honela zioen:



Eltzegile, eltzegile,
egidazu pegartxo
bat urez betetzeko
eta nire mokoa garbitzeko,
garbi jar nadin
eta txolarretxoa jan dezadan.



Eltzegileak erantzun zion:

-Pegarra nahi al duzu? Ederki, baina ez dut buztinik. Ekardazu buztina eta egingo dizut pegartxoa.

Joan zen belea landara eta aztarrika hasi zen lurrean, gero bere mokoaz buztina pilatzeko.

Lurrak esan zion:


-Mundu guztiak daki gauza zikinak eta nazkagarriak jaten dituzuna. Ez dizut utziko nire gainean aztarrika aritzen, pala batekin izan ezik.

Belea herriko errementariarengana joan zen, eta hau gurpil bat konpontzen ari zen. Honela esan zion beleak:


Errementari, errementari,
egidazu pala bat
buztina hartzeko,
pegartxo bat egiteko,
ura hartzeko,
nire mokoa garbitzeko,
garbi jartzeko
eta txolarretxoa jateko.



Errementariak erantzun zion:

-Pala bat nahi al duzu? Ederki, baina ikusten duzu ez dudala surik sutegian. Nik pala bat egitea nahi baduzu, su pixka bat ekarri behar didazu.

Belea han inguruan zegoen nekazari baten etxera joan zen. Nekazariaren emaztea arroza maneatzen ari zen patioan. Beleak esan zion:



Etxekoandre, etxekoandre,
emadazu sua
pala bat egiteko,
buztina hartzeko,
pegar bat egiteko,
ura hartzeko,
nire mokoa garbitzeko,
garbi jartzeko,
eta txolarretxoa jateko.



Nekazariaren andreak erantzun zion:

-Sua nahi al duzu? Ederki. Baina nola eraman behar duzu?

-Ba ipin iezadazu bizkarrean -esan zion beleak.

Nekazariaren andreak belearen bizkarrean ipini zuen sua, eta berehalaxe lumak sugarretan hasi ziren. Bele irrikatsua errauts pila bihurturik geratu zen. Aldiz, txolarre zintzoa adin handira arte bizi izan zen.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

ADIN HANDIRA ARTE - Zahartzaroa arte. Hasta edad muy avanzada.
AGINDUA ZOR DA - Lo prometido es deuda.
ARROZA MANEATU - Arroza prestatu: Cocinar el arroz.
AZTARRIKA HASI - Empezar a escarbar.
BELE - Cuervo.
BELE IRRIKATSUA- El cuervo ansioso.
BIZKAR - Espalda.
BUZTIN - Arcilla.
EGIDAZU - «Egin» aditzaren agintera trinkoa. Egin iezadazu.
EKARDAZU - «Ekarri» aditzaren inperatibo trinkoa. Ekar iezadazu.
ELTZEGILE – Alfarero/a.
EMADAZU - «Eman» aditzaren agintera sintetikoa. Eman iezadazu.
ERRAUTS PILA - Un montón de cenizas.
ERREMENTARI - Herrero/a.
GURPIL - Rueda.
IBAI - Erreka.
LANDA - Campo.
MOKO – Pico.
PEGAR - Cántaro.
SUGARRETAN HASl – Empezar a echar llamas.
SUTEGI - Fragua.
TXANTXETAN- Bromatan.
TXOLARRE - Artatxori, hormatxori. Gorrión.
ZERRI - Estera.
 

B1
09-08-1983
16168725
3465