- Autor: Oscar Wilde
- Tipo:
- Palabras clave: ume, haur, ipuin, zoriontsu, erraldoi, oscar, wilde, lorategi, txoko, berekoi, muxikondo, kapulu
Erraldoi berekoia
HABE aldizkariaren 14. alean eman zen argitara ipuin hau, 1982an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.
Oscar Wilde (1854-1900), nobela eta ipuin-egile famatuaren ipuina da hau. Hemen euskarazko bertsio libre samarra eskaintzen dugu, eta oso laburtua, sail horren neurrietara egokitzeagatik.
Arratsaldero, eskolatik irtetean, erraldoiaren lorategira joaten ziren haurrak. Lorategi zabal eta ederra zen, dena belarrez estalia, eta belar artean lore politak zeuden, izarren gisa distiratuz. Eta gainera bazen dozena bat muxikondo,udaberrian kapulu finez betetzen zirenak eta udazkenez fruitu gozoak ematen zituztenak. Txoriak arboletan pausatu eta hain eztiro kantatzen zuten, non haurrek beren jolasak uzten baitzituzten haiei entzuteko.
-Zein zoriontsu garen hemen!- zioten elkarri oihuka.
Egun batean itzuli zen erraldoia, bere lagun Cornualles-ko Ogroaren etxean zazpi urte egon ondoren, eta haurrak bere lorategian jolasten ikustean, oihu egin zien ahots garratzez:
-Zer egiten duzue hemen? Nire lorategia neurea da. Bada hori ulertzeko ordua! Hemen ez da ni beste inor jolastuko!
Haurrek korrika alde egin zuten eta erraldoiak hesi handia eraiki zuen lorategiaren inguruan, kartel hau ezarriz:
DEBEKATUA SARRERA: SARTZEN DENA TRIBUNALERA ERAMANGO DUT.
Oso berekoia zen erraldoia, eta haurrek ez zeukaten orain lekurik jolasteko. Saiatu ziren kaminoan, baina hauts eta harri koskorrez beteta zegoen. Hesiaren inguruan ibiltzen ohitu ziren, bestaldean zegoen lorategi ederraz mintzatzeko. Zein zoriontsu ziren han!
Orduan udaberria iritsi zen eta lurralde osoa kapuluz eta txoriz bete zen, erraldoiaren lorategia ezik, hemen negua jarraitzen baitzen. Haurrik ez zegoenetik, txoriek ez zuten kanturako gogorik, eta arbolak ere ahaztu egiten ziren loratzeaz. Elurra eta Izotza bakarrik zeuden han gustura, eta hauekin batera Ipar Haizea eta Txingorra.
Goiz batean, ohean zegoelarik, kilkertxo baten kantua entzun zuen. Txingorra eta Ipar Haizea isilduak ziren, eta usain gozoa iritsi zitzaion leiho irekitik.
-Iritsi da azkenean udaberria!-esan zuen erraldoiak.Eta ohetik salto eginez, kanpora begiratu zuen. Zer zen ikusi zuena? Ikuskizun zoragarria. Hesian irekitako zulo batetik sartuak ziren haurrak lorategian; eta arboletara igota, adarretan eserita zeuden. Eta hainbeste poztu ziren arbolak berriro haurrak ikustean, ze berriz ere kapuluz bete baitziren, eta eztiro astintzen zituzten besoak txikien buru gainetik. Txoriak ere pozik zebiltzan, eta loreek barre zegiten belarretan. Hala ere, baztertxo batean negua jarraitzen zen, Lorategiko txokorik bazterrena zen, eta han haur ttiki-ttiki bat zegoen, arbolen adarrak ezin harrapaturik, negarrez.
-Igo, ttikia- esaten zion arbolak, bere adarrak ahal zuen gehien makurtuz-, baina haurra ttikiegia zen. Erraldoiaren bihotza samurtu zen ikuskizun honen aurrean.
-Zein nirekoia izan naizen! Orain konprenitzen dut zergatik ez zen udaberria hona iristen. Eta berehala lorategia jaitsi zen. Baina haurrak, erraldoia ikustean, izugarri ikaratu ziren eta korrika alde egin zuten,lorategira berriro negua sartu zelarik. Haur ttiki-ttikiak bakarrik ez zuen korrika egin, begiak malkoz beterik baitzeuzkan eta ez zuen erraldoia etortzen ikusi. Erraldoiak eskuetan goxokiro hartu eta arbola gainean jarri zuen. Arbola laster loratu zen eta txoriak kantari hurbildu ziren.Haurrak, bere besotxoak luzatu, erraldoiaren lepoa inguratu eta musu eman zion.
Beste haurrak, erraldoia jadanik ez zela gaiztoa ikustean, korrika itzuli ziren eta udaberria ere bai haiekin batera.
-Hemendik aurrera hau da zuen lorategia, haur maiteok -esan zuen erraldoiak-, eta hesia bertan behera bota zuen aizkoraz. Egun osoan jolasean ibili ziren haurrak erraldoiarekin, baina elkar agurtzerakoan gauza batek kezkarazi zuen erraldoia:
-Non dago zuen lagun ttikia, nik arbola gainera jaso nuena?
Baina haurrek esan zioten ez zekitela non bizi zen, ez zutela han inoiz ikusi. Oso triste gelditu zen erraldoia. Hala ere, oso ona zen beste haur guztiekin eta jolasean ibiltzen zen, baina ezin zuen ahaztu bere lehen laguntxoa.
Pasa ziren urteak eta erraldoia zahartu zen oso. Besaulki handi batean egoten zen haurrei begira eta bere lorategia miretsiz:
-Lore eder asko ditut - esaten zuen-, baina haurrak dira lorerik ederrenak. Eta negu-goiz batean (ez zuen jadanik negua gaitzesten, bai baitzekien udaberri lokartua besterik ez zela eta loreen atsedena), leihotik begiratzean, ikuskizun zoragarria agertu zitzaion. Lorategiko txokorik bazterrenean kapulu txuri ederrez estalitako arbola bat zegoen eta azpian, zutik, hainbat maite zuen ttikia.
Joan zen presaka batean eta haurraren ondora hurbiltzean, haserrez gorriturik, oihuka hasi zen:
-Zein ausartu da zu zauritzera? Esadazu, nik harrapa dezadan eta akabatu.
-Ez-erantzun zion haurrak-, hauek maitasun zauriak baitira.
-Nor zara?-esan zion erraldoiak. Eta beldur estrainio batek hartu zion barne osoa, ttikiaren aurrean belauniko eroraraziz.
Haurrak irribarre egin zion erraldoiari, esanez:
-Behin zure lorategian jolasten utzi zenidan; gaur nirekin etorriko zara nire lorategira, Zerura.
Eta haurrek, arratsalde hartan etorri zirenean, erraldoia etzanda aurkitu zuten, hilda, arbolapean, dena kapulu zuriz estalia.
HIZTEGI LAGUNGARRIA
AUSARTU- Atrebitu.
BEREKOI - Egoísta.
ERAIKI - Construir, levantar.
ERRALDOI - Gigante.
EZIK - Izan ezik, salbu. Excepto.
EZTIRO- Dulcemente. –RO atzizkiarekin adberbio asko egiten da. hala nola: garbiro, emaro, biziro, osoro...
GAITZETSI - Despreciar.
HESI - Cercado.
HURBILDU - Hurreratu, inguratu.
IKUSKIZUN ZORAGARRIA - Un espectáculo maravilloso.
IPAR HAIZEA - El Viento Norte.
KAPULU - Capullo.
KEZKARAZI - Intranquilizar, preocupar.
KILKER - Grillo.
MINTZATU – Hitz egin.
MIRETSI - Admirar.
MUXIKONDO - Melocotonero.
PAUSATU- Posarse.
SAMURTU - Enternecerse.
TXINGORRA - El Granizo.
UDABERRI LOKARTUA- Una primavera adormecida.
ZAURITU - Herir.
ZEGITEN - «Egin» aditzaren iragan sintetikoa: egiten zuten.
ZEIN NIREKOIA IZAN NAIZEN - Bai nirekoia izan naizela!
ZEIN ZORIONTSU GAREN - Bai zoriontsu garela!
ZEIN ZORIONTSU ZIREN - Bai zoriontsu zirelal