• Autor: Gabriel Aresti
  • Tipo: Otros
  • Palabras clave: liburu, txiro, pobre, gorputz, idatzi, ipuin, ikertu, bulego, poeta, olerkari, bertso, puntu, fabrika, zenbaki, bildu, atondu, gabriel, aresti, buztinezko, eskribitu, kontulari, ofizina

Olerkaria


HABE aldizkariaren 11. alean eman zen argitara ipuin hau, 1982an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Jende gutxik ezagutzen du Gabriel Aresti ipuinlari gisa. Hala ere, baditu ipuin ederrak, kontatzeko moduaren aldetik benetan balio handikoak. Hemen jasotzen dugun ipuina Arestiren sei ipuin bikain biltzen dituen liburu batetik hartua dago. Zerbait laburtu eta ukitu beharra izan dugu, orrialde hauetara egokitzeko. Ikus:

GABRIEL ARESTI
IPUINAK
Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala
Donostia, 1979


Behin, Europa-erdiko hiri handi batean, olerkari pobre bat bizi zen. Olerkari honek, ehun urteak bete ez zituen arte, ez zuen inoiz hilen ez zela esperantza galdu. Baina honek axola gutxi digu egun.

Olerkaria fabrika bateko kontularia zen. 15 urterekin sartu zen han lanean, eta 85 urteak arte ez zuten jubilatu. Ofizina mehar eta ilun batean pasatu zuen bere bizi luzea, eta bere bertso ederrak ere hantxe moldatu.

Gazte-denboran asko irakurri zuen, eta gizon-denboran asko eskribitu. Ofizinan bota zituen aurreneko 20 urteetan, ez zen bere zortearekin konformatzen, eta apustu bat egin zuen bere buruarekin, kontu-liburuetan idatziriko numero bakoitzagatik, bertso bateko puntu 1 modutuko zuela. Minutu bakoitzean numero 2 eskribitzen zituen, eta puntu 2 bere paperetan. Nola orduak 60 minutu dituen, 120 puntu eskribitzen zituen ordu bakoitzean, eta egunean 1.440puntu. Urtean 300 egun lan egiten zuen; horregatik urtean 432.000 puntu eskribitzen zituen. Urteak joan eta urteak etorri, 50 urteak bete zituen arte eskribitzen iraun zuen. Honela bere bizitzan 14.256.000 puntu eskribitu zituen.

Igande eta jai-egunetan, bere bertsoak konpontzen eta atontzen zituen. Aste artean eginiko puntu guztiak launa biltzen zituen bertsoetan, bertsoak ehuna kantuetan, eta kantuak hamarna liburuetan. Honela bere bizi-erdian 3.584 liburu idatzi zituen.

Liburuak gela aparte batean gordetzen zituen. 50 urteak bete zituenean, gela hartan zen sartu azken liburua gordetzera. Eta izuturik geratu zen, liburu berria non ipini ez zeukala ikusi zuenean.

Bere kolkorako
pentsatu zuen:

-Gehiegi idatzi dut. Hainbeste bertsoren artean, gauza baliogabe asko ez ote da egongo?

Eta bere bihotzean duda sakon bat egin zitzaion. Duda horren kontrako borrokan iraun zuen hurrengo urtean, eta gauza bat erabaki zuen: bere liburu guztiekin beste handiago eta luzeago bat egingo zuela. Liburuak launa hartzen zituen, eta sobera zeuden bertsoak kendurik, laurekin berri bat egiten zuen, eta honela 898 liburu geratu zitzaizkion.

Hauekin beste hainbeste egin zuen eta 214 geratu. Hauek atzera bildurik, 53, gero 13, eta azkenean 3. Hiru hauekin azkenean bat bakarra egin zuen. Hau egiten 40 urte tardatu zuen; honela gutxi gorabehera, hamabi egun tardatu zuen laburkuntza bakoitzean. 3.594 liburuetatik bat bakarrik utzi zuen, eta 14.256:000 puntuetatik 7.263 sei puntuko bertso, guztira 43.596 puntu. Guztira, 14.212.422 puntu borratu zituen 40 urtetan.

Baina 10 urte zeuzkan oraindik, eta aurrera joateko erabakia hartu zuen; gehiegi hitz egin zuen, eta ederki zekien, hainbeste solasetan, biziaren arrazoia aurkitu zuela, eta orain liburu hartan, bere begien aurrean zeukala, bertso artean ezkutaturik.

Bere bizitzako azkenengo 10 urteetan, puntuak borratzen iraun zuen. Duda sakonak egiten zitzaizkion puntu bakoitza borratzeko, baina gauza guztiak ongi aztertu eta ikertuz gero, ez zeukan batere urrikalmendurik. Eta bat utzirik, beste guztiak borratu zituen azkenean. Geratu zena hau zen:

Gizonaren gorputza
buztinezkoa da.

Biharamunean, hil egin zen:

Olerkari guztiak bezala, infernura joan zen. Hantxe demonio batek hartu zizkion kontuak. Demonioak esan zuen bere kolkorako:

- Etsaminatu dezadan arima hau. Ea nola erretzen dugun: oliozko sutan ala egurrezko sutan.

Eta olerkariari:

-Urlia, ehun urte bizi zara. Zer izan zara?

-Olerkaria.

-Ea zer probetxu atera duzun zure bizitzatik. Zer idazti duzu? Erakutsi!

-Bertso hau.

-Eta bertso hau idazten ehun urte tardatu duzu? Hogei letra dauzka. Letra bakoitza idaztea bost urte koskatu zaizu. Hainbeste zorakeria izan ez bazenu buruan, zure txiki-denboran jakingo zenuen hori, kristau dotrina irakurri bazenu. Orain, pospolo baten garrean erreko zara eternitate guztian. Amen.


HIZTEGI LAGUNGARRIA


ATONDU - Moldatu, prestatu.
BERE KOLKORAKO - Bere baitan, berekiko, bere artean.
BIHARAMUNEAN - Hurrengo egunean.
BUZTIN - Arcilla.
EGINIKO - Egindako.
EGUN- Gaur.
EHUNA - Ehunka.
ERABAKI - Deliberamendu. Decisión.
EZ BAZENU - «Ezpazenu» esan behar da, eta horrelaxe idazten du Arestik.
EZ ZITUEN - Kontuz: «etzituen» esan behar da eta horrelaxe idazten du Arestik, gero datozen antzekoak bezala.
EZ ZUEN - «Etzuen» esan behar da. Euskaraz ez da beti idazten den bezala esan edo ahoskatu behar.
GAR- Llama.
GAZTE-DENBORAN - Gaztetan. Era berean: ume-denboran, gerra-denboran ...
GUZTIRA - En total.
HAMARNA - Hamarnaka.
HILEN - Hilko. Gero aldiaren atzizkia -EN da zenbait lekutan: eginen dut, emanen diot, egonen gara... EZ ZELA - «Etzela» esan edo ebaki behar da.
HIRI - Ciudad.
HONEK AXOLA GUTXI DIGU - Hau gutxi inporta zaigu.
IKERTU - Investigar.
KONTULARI - Contable.
LABURKUNTZA- Zerbait laburtzearen egintza. Laburpen: resumen.
LAUNA - Launaka. De cuatro en cuatro.
MEHAR - Estu.
MODUTU - Moldatu, taxutu, paratu, ondu.
OLERKARI -Poeta. Olerkiak edo poesiak egiten dituena.
SOLAS - Hitz, hizketa.
URLIA - Fulano. «Urlia, sandia eta berendia»: fulano, zutano y mengano.
URRIKALMENDU - Damu, erruki, pena.
ZEN SARTU – Ordena normala «sartu zen» da, baina badu bere grazia zenbaitetan ordena hori hausteak.
 

B1
02-06-1982
16168370
3250