- Autor: Anjel Irigaray
- Tipo:
- Palabras clave: ipuin, ehiza, anai-arreba, bilduma, deabru, hots, zakur, euskaltzain, anjel, jauregi, behatz, zaunka, zimelduta, hauts, xaxatu, pertz, irigaray
Dar-dar-dar
HABE aldizkariaren 8. alean eman zen argitara ipuin hau, 1982an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.
Euskal ipuinen bildumarik ederrenetakoa A. Irigaray euskaltzainak egin zuena da. Bertan 39 ipuin biltzen dira (18 giputzak, 9 Bizkaikoak eta 12 Nafarroakoak), gehienak Barandiaran eta Azkuerenetik hartuak direlarik. Gainera, ipuin horiek erdal itzulpen eta guzti datoz, orrialde barrenean hitz zailak ere argitzen direlarik. Gaurko ipuina liburu horretatik hartua dago. Ikus: EUSKALERRIKO IPUIÑAK, Itxaropena Argitaldaria. Zarautz, 1957, 47-50. orr.
Munduan beste asko bezala, mendi batean etxe bat omen zegoen, eta etxe hartan bi anai-arreba gazte bizi omen ziren.
Hautsa bildu eta hautsa saldu, hala ateratzen omen zuten bizimodua. Pertz batean hautsa biltzen omen zuten eta pertz horrekin ibiltzen ziren biak, kirten-alderdi banatatik helduta.
Behin mendian gizon bat agertu omen zitzaien eta hark beste bizimodu bat emango ziela esan zien, Eskopeta bat eta bi zakur handi eman omen zizkien, eta ehiza harrapatu eta saltzeko esan zien. Hala, anaia ehizan hasi omen zen, eta arreba etxean egoten omen zen.
Behin deabrua joan omen zen etxe hartara, arreba bakarrik zegoela. Eta atetik hots egin zion:
-Dar-dar-dar, ekar iezadazu eskuineko lehen behatza.
-Ez dizut emango, erantzun omen zion neskak.
-Ematen ez badidazu, jan egingo zaitut.
Hori entzun zuenean, neska beldurtu egin zen eta ate zulotik luzatu zion behatza. Deabruak txupatu eta zimelduta utzi omen zion. Gero esan omen zion:
-Bihar goizeko hamarretan etorriko naiz. Ez inori esan; bestela jan egingo zaitut.
Hurrengo eguneko hamarretan joan zitzaion berriz ere deabru hori eta atetik hots egin omen zion:
-Dar-dar-dar, ekar iezadazu eskuineko bigarren behatza.
Luzatu zion bigarren behatza, eta deabruak txupatu eta zimel utzi omen zion.
Neska gero eta tristeago jartzen ari omen zen. Anaiak igarri nonbait eta halako batean, ea zer gertatzen zitzaion galdetu zion:
-Ezer ere ez -erantzun omen zion.
Hurrengo egunean ere joan omen zitzaion deabrua eta honela esan zion:
-Dar-dar-dar, ekar iezadazu eskuineko hirugarren behatza. Luzatu zion hirugarren behatz hori, eta deabruak beti bezala txupatu eta zimelduta utzi omen zion.
Laugarren egunean laugarren behatza txupatu zion.
Neska hori gaixotu egin zen. Anaia galdezka omen zeukan beti eta, azkenean, zer gertatzen zitzaion aitortzera behartu zuen.
Anaia ehiztaria etxean geratu omen zen bosgarren egunean. Bere bi zakurrak neskaren ohe-adarrari lotu eta bera erdian jarri zen eskopetarekin.
Deabruak, etorri eta atetik hots egin zion:
-Dar-dar-dar, ekar iezadazu eskuineko bosgarren behatza
-Ez, ez dizut emango -erantzun zion neskak.
-Ematen ez badidazu, biok jango zaituztet.
Eta hala deabrua, ateak hautsita, barrura sartu omen zen. Orduan mutilak, zakurrak askatu eta xaxatu egin omen zizkion, eta bien artean deabru hori txiki-txiki eginda utzi zuten.
Behin mutil hori mendian ehizan zebilela, gizon bat agertu omen zitzaion eta esan: «Goazen nire etxera».
Eta hala eraman omen zuen jauregi batera. Sartu zuen barrura, eta gela batetik atera eta bestean sartu, gela batetik atera eta bestean sartu, pasarazi omen zizkion hamabi gela, eta hamahirugarrenean sartu zuenean esan zion: «Ba ote dakizu nork hil zuen nire anaia?».
Eta hamahiru ateak hamahiru giltzaz itxi eta han utzi omen zuen mutil gizajoa.
Orduan mutil ehiztari horrek deiadar egin zien bere zakurrei. Baina dena isilik.
Behin eta berriz deiadar egin omen zien. Eta halako batean, mendian urrutian, zaunka-hotsa bezalakoa entzuten omen zen.
Deiadar egin zuen berriz ere. Zaunka-hotsa gero eta erosoago, gero eta garbiago entzuten omen zen.
Noizbait ere bi zakurrak iritsi omen ziren jauregiko ateetara. Baita bertan txikitu deabrua, hautsi hamahiru ateak eta beren nagusia libratu ere.
Gero hango ondasunak hartu eta etxera joan omen zen mutila. Eta hala, uste gabe, erabat aberastu, herri batera jaitsi eta han anai-arrebak eta zakurrak ondo bizi izan omen ziren.
Hori hala bazan ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera Derioko Plazan.
HIZTEGI LAGUNGARRIA
BAKARRIK ZEGOELA - Bakarrik zegoen bitartean.
BEHARTU ZUEN - Obligatu zuen.
BIZIMODU - Bizitza, bizitzeko modua; biziera.
BOSGARREN - Bost +garren.
DEIADAR EGIN - Oihu egin. Gritar.
EHIZA - Ehizatzeko egintza edo kirola. Ihizia, animalia ehizatua.
EROSOAGO - Errazago, bertarago.
GIZAJOA - Gizagaixoa, koitadua.
(HORI) HALA BAZAN EZ BAZAN,SAR DADILA KALABAZAN ETA ATERA DERIOKO PLAZAN - Ipuinen azkena bezala erabiltzen den moldea. Derio herria aipatzen da, hain zuzen ere, Bizkaiko plaza gabeko herri bakarra zelako. Dena dela, batzuetan laburrago ere esaten da: «(Hori) hala bazan; sar dadila kalabazan».
HALAKO BATEAN- En una de estas.
HAUTS - Polvo.
IGARRI NONBAIT - Igarri antza; antzeman inolaz ere.
JAUREGI - Palacio.
KIRTEN-ALDERDI BANATATIK- Bakoitzak kirten-alderdi batetik.
OMEN - Dicen que. Euskaraz omenka hitz egiten da sarritan; batez ere ipuinetan eta eguneroko hizketan.
ONDASUNAK – Aberastasunak.
PASARAZI- Pasa(tu) +arazi: Hacer pasar.
PERTZ - Caldero.
XAXATU- Azuzar.
ZAUNKA-HOTSA - Zakurraren adausia. Ladrido de perro/a.
ZIMELDUTA – Marchitado/a.