- Autor: Mikel Zarate
- Tipo:
- Palabras clave: ipuin, habe aldizkaria, eztabaida, mikel, asto, 1982, zarate, kaiku, astakume, ekidazu, kirten, tenteltzar
Tutulu
HABE aldizkariaren 7. alean eman zen argitara ipuin hau, 1982an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.
MIKEL ZARATE idazlearen «Ipuin antzeko alegi mingotsak » liburutik hartua. Testua zerbait egokitua eta moldatua dago. Originala bizkaieraz dago. Geuk jarri dugu euskara batuan.
Asto asko daude Ekidazun (non ez?). Bat, ostera. Tutulu, denetarik astoena,
Egia esan, bera aurrean dagonean, Tutulu esaten diote, baina bera aurrean ez dagoenean, Kirten, Kaiku, Tenteltzar eta horrelakoak esaten dituzte ekidazuarrek berari buruz.
Kirten kaiku tenteltzar handi bat da Tutulu, izan ere; eta kirtendu, kaikutu eta tenteldu egiten da edozein ordutan eta edozer gauzagatik. Eztabaidaren bat sortzen denean batez ere.
-Bai.
-Ez.
-Baietz ba, Tutulu!
-Ezetz ba!
-Neu egon naiz hantxe bertan baina!
-Berdin da
-Egia dela, ba, Tutulu! Horrelaxe dela!
-Ez da.
-Zergatik ez da, ba?
- Harexegatik.
-Baina ..
-Ez dago bainarik.
-Baina entzun ezazu, ba, lehenengo neurea, zeurean itsutu gabe.
-Eta zergatik ez zeuk lehenengo neurea?
-Zurea zer?
-Huraxe.
-Ez zaitez berotu. Neu egon naiz hantxe bertan eta ...
-Zer?
-Ba, ikusi egin dut.
-Zera ikusi duzu!
-Bai, eta zuk baino hobeto dakit, horrexegatik!
-Zera dakizu zuk!
-Badakit.
-Ez dakizu.
-Zergatik?
-Harexegatik.
-Arrazoi galanta! Jakina: ibili ere astakirtenekin nabil ni eztabaidaka eta...
-Kontuz gero e! Kontuz zer esaten duzun.
-Astakirtenekin nabilela.
-Astakirtenekin zeu ibiliko zara, zeu. Entzun duzu.
Horra hor Tutuluren zuhurtasuna.
Jakintsutzat dauka bere burua Tutuluk, eta beste behin ere ikaragarrizko eztabaida sortu zuen eguzkiaren eta ilargiaren balioa zela eta ez zela.
-Kokolo handi batzuk zarete denok. Horixe. Kokolo handi batzuk. Besterik ezer ere ez. Ez al zarete konturatzen beharrezkoagoa dugula ilargia? Eguzkiak egunez egiten du argi, behar ez denean, baina ilargiak gauez, argia behar denean. Ikasi, ikasi lehenengo eta gero egin berba.
Bere seme gaztearekin ere eztabaidaka ibili zen lehengo egun baten. Eta azkenean haserretu egin zen Tutulu.
-Zoaz, zoaz nire ingurutik nora edo hara.
-Zergatik?
-Ken zaitez nire ondotik, mesedez, ostikadaren bat hartu nahi ez baduzu.
-Baina zergatik, aita?
-Joateko, ba, astakume hori!
-Zer da astakumea, ba, aita?
-Astakumea? Kokolotzarra! Zer izango da, ba? Astoaren umea, seme, astoaren umea.
Nahiz eta irakurtzen duenetik erdirik ulertu ez, badaki irakurtzen Tutuluk.
Alegia-liburu batzuk ekarri zizkion, lehengo egun batean, bere adiskide batek: Esopo, Fedro, Samaniego, Mogel, Iturriaga...
Betaurreko berriak erosi eta berehala irakurri omen ditu alegia-liburuok. Eta irakurtzen zebilelarik, hauxe esan omen zuen arrantzaka: «Ba! Bitxikeriak, umekeriak, huskeriak...». Gero koloka zegoen mahai baten hanka bat berdindu zuen liburu bat eta erdiaz, eta gainerakoak eserlekutzat erabiltzen ditu.
HIZTEGI LAGUNGARRIA
ALEGlA-LIBURU- Libro de fábulas.
ARRAZOI GALANTA-..A zer nolako arrazoia. ¡Vaya razón!
ASTAKIRTEN - Erdeinuzko hitza. Borrico.
BATEZ ERE - Sobre todo.
BERBA EGIN – Hitz egin, mintzatu.
BESTE BEHlN – Beste batean. En otra ocasión.
BETAURREKO- Begi +aurreko. Gafas.
EKIDAZU - Mikel Zaratek berak asmatu zuen hitz hau. Euskadi hitza da. baina letrak lekuz aldatuta. OSTERA - Ordea; Sin embargo.
EKIDAZUARREK - Ekidazuko bizilagunek.
ESERLEKUTZAT- Eserleku bezala.
EZ ZAITEZ BEROTU - Ez zaitez haserretu.
EZTABAIDA - Discusión.
IZAN ERE - Efectivamente.
KIRTEN, KAIKU, TENTELTZAR- Bobo/a. Zentzu txarreko sinonimoak dira.
KOLOKA- Kili-kolo.
ZUHURTASUNA- Azkartasuna. Sagacidad.