• Autor: Xabier Amuriza
  • Tipo: Tradicionales vascos
  • Palabras clave: tristura, bakarrik, haur, ipuin, habe aldizkaria, amuriza, xabier, hika, hitano, logura, 1982, triste

Triste hago


HABE aldizkariaren 5. alean eman zen argitara ipuin hau, 1982an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Ipuin laburtxo horren egilea goi-mailako bertsolari bat da: XABIER AMURIZA. Xabier hitz-lauz ere maisuki aritzen da. Badugu frogarik.

Xabier Amuriza

Menditik mundura, 65-66. orr.
Bilbo, 1977

Triste hago, esan zidan behin batek. Bai zera, esan nion nik. Triste hago, esan zidan beste batek ere, eta beste batek eta beste batek. Bai zera, esan nien nik beste behin eta beste behin eta beste behin ere. Ispiluari begiratu nion eta ez zitzaidan hain betalde tristea iruditu. Jendeak gehienean zerbait esateagatik esaten dik gehiena.

Logura zara, esan zidan haur batek. Bai? Galdetu nion harriturik. Ni ez nintzen Iogura, hori segur nekien eta barruak buelta eman zidan. Haurrek ez dakite tristurari bere izenez deitzen eta ikaratu egin nintzen.

Begiratu nion ispiluari eta haurrak arrazoia zeukan. Betaurreko beltzak erosi nituen eta haurrak hurrengoan ere “logura zara” esan zidan. Betaurreko hermetikoen azpian begiak soldaketaz hertsi nituen eta haurrak hurrengoan ere “logura zara” esan zidan, baina ni ez nintzen logura, hori segur nekien. Ez nuen beste erremediorik begiak barrurantz bueltatzea baizik, baina barrua ikustean begiek ezin zioten eutsi eta nik ere ezin nion eutsi eta ispiluaren aurrean begiak atera eta teilatura bota nituen hurrengo katua etorri arte. On egin.

Tristea izan behar du begirik ez edukitzea, esan zidan haurrak. Bai zera, esan nion nik, orain ez diat logurarik ere edukitzen.

Bakarrik eta triste geratu nintzen, baina inork ez zidan igartzen eta horrek tristurarik gehiena kendu zidan eta pozik nago, zeren begiak galdurik ere, irabazten irten bainintzen.


HIZTEGI LAGUNGARRIA

BEHIN - Halako batean.
BETALDE- Begialdea.
ESATEN DIK- Hika. Zuka: Esaten du.
EUTSI - Soportar.
EZ DIAT- Hika. Zuka: Ez dut.
HARRITURIK - Txunditurik: Asombrado/a.
HITZ-LAUZ- Prosaz.
LOGURA - Logale.
TRISTE HAGO - Hika. Zuka: Triste zaude.

B1
24-05-1982
16168239
2616