• Autor: Jean Diharce, Iratzeder
  • Tipo: Tradicionales vascos
  • Palabras clave: ipuin, seme, ama, bihotz, berandu, iparralde, jean, mutiko, lapurtar, bular, laban, donibane lohizune, diharce, hegatsez, iratzeder, erromardi, etxeratu, ganibet

Istorio bat


HABE aldizkariaren 4. alean eman zen argitara ipuin hau, 1982an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

JEAN DIHARCE idazlearen ipuin bat dakargu oraingo honetan. Diharce mugaz beste aldekoa zen. Lapurtarra. Beneditarra eta Belokeko Abata. Euskaltzaina eta poeta fina. Baina prosa ere lantzen zuen. Nahiko prosa poetikoa, honako honetan bezala. "Iratzeder" goitizena erabiltzen zuen.
Ipuin hau pixka bat egokitua dago, erraztasunaren amoreagatik.
HEGATSEZ liburutik hartua
Juan San Martín - Serafin Basauri
Zarautz, 1971, 138-140. orr.

 

Ez bada gertatu ere, nork esango du ez dela egia?

Erromardiko larretan, txistuka dabil itsas-haizea. Bazen hor, zoko batean kukutua, etxe txiki bat.

Hantxe bizi zen Gaxina bere haurrarekin. Etxe aurretik ikusten zuen Artxiloko gurutzea. Eta itsasoan itotakoen gurutze hori berak zuen Salbatore bezperan lorez apaintzen. Orain urteak, itsas-uhinek irentsia zioten bere senar zena.

Haurra urtetik urtera handitzen ari zen. Mutiko begi ernea zen Pelli; eta maite zuen lagunekin ehizan eta arrantzan ibiltzea. Maite zuen, baita ere, bere amarekin egotea eta harekin arratsetan otoitz egitea.

Hemezortzi urte zituela hasi zen lagunekin ostatuetan sartzen eta laketzen.

"Iluna gabe etxera. Aditu?" esaten zion amak eta semeak baietz; baina gero eta beranduago itzultzen zen.

Afaria prest-prest eta ama begira eta begira zegoen ... Azkenean hona hemen Pelli:

- "Zergatik hator hain berandu, haurra?"

- "Honez gero ez naiz haurra, gero ...”

Lagunak ez, baina bera ona zen hala ere; eta, oheratzerakoan besarkatuz, hitzematen zion amari: "Goizago etorriko naiz bihar". Eta biharamunean etxera ezin erretira...

Bederatziak, hamarrak, Pelli ez ageri.

"Grinaz hilaraziko nau", eta hor zegoen supazterrean ama, arrosarioak eskuan, kanpoan txistuka eta marrumaka zebilelarik itsasoko haizea.

Noizbait, hara! ... urrats batzuen hotsa. Zutitu zen: "Oi Pelli, non hintzen orain arte?". Min zuen bai gizon gazteak amari min egitea; amaren min horrek nahasten zion ostatuko gozoa ere, baina ... baina ...

Hamarrak, hamaikak, hamaika t'erdiak, semea ez ageri ... Eta Gaxina, supazterrean kraskatua, begira eta begira zegoen ...

Oi, Erromardiko larreetan itsasoko haizearen txistu luzeak !

Gauerdi, gauerdi eta laurden ... Hona hemen Pelli! Salto batez atean da ama. "Ez, oraingoan beranduegi duk, beranduegi. Debekatu egiten diat hain berandu etortzea !"

Semea edana zen, itsuski edana. Oihu basati bat bota zion amari, mahai gaineko ganibeta harturik sartu zion eta, dena odol lurrean zegoelarik ama, xirtxikatu zizkion ganibetaz bularrak eta bihotza, amaren bihotza, errotik atera.

Oi, Erromardiko larreetan haize-marrumen txistu luzeen intziria!

Amaren bihotza eskuetan, ero bat bezala, joan zen lasterka, joan larrez larre ur bazterreraino: itsasora bota behar zuela bihotz hori, bekaturako bakea kentzen zion bihotz hori.

Bazihoan, bazihoan, Erromardiko larreetan barna, begiak su, eskuak odol. Bazihoan eta, noizbait, itsasora ordez, harri-tartera erori zen. Amaren bihotz barnetik orduan mintzo bat: "Ene ttikia, min hartu duk?"


HIZTEGI LAGUNGARRIA


AMOREAGATIK.- En consideración a.
ARRATSETAN.- Iluntzeetan, ilunabarretan.
BEGIRA EGON.- Hemen "zain egon ", Estar aguardando.
BIHARAMUNEAN.- Hurrengo egunean.
DIAT.- Hau ere hikako forma. Zuka =dizut.
DUK.- Hika dago. Zuka = da.
EHIZAN ETA ARRANTZAN lBILTZEA.- Animaliak eta arrainak harrapatzen ibiltzea.
ERROMARDI.- Donibane Lohizune eta Getari arteko itsas bazterra.
ERROTIK ATERA.- Sustraitik atera. Sacar de raíz.
GANIBETA.- Aiztoa, labana.
GOITIZEN.- Izenordaina, ezizena. Pseudónimo.
GRINA.- Ardura,kezka. Preocupación.
HATOR.- Hikako forma da. Zuka: zatoz.
HINTZEN.- Hika dago. Zuka = zinen.
HITZEMAN.- Agindu, promesa egin.
HONA HEMEN.- He aquí.
HONEZ GERO.- Jadanik.
HOTSA.- Zarata, soinua.
ILUNA GABE ETXERA.- Ilundu baino lehen etxera.
ITSAS-UHINAK.- Itsasoko olatuak.
KRASKATUA.- Ahuldua. Quebrado/a.
LAKETU.- Dibertitu.
LARRE.- Zelaia. Pastizal.
MARRUMA.- Haizearen hotsa.
MUGAZ BESTE ALDEKOA.- Iparraldekoa, Ipar Euskal Herrikoa.
MUTIKO BEGI ERNEA.- Mutiko bizkorra.
OHERATZERAKOAN.- Ohera joaterakoan.
OIHU BASATIA.- Basati baten oihua. (Grito salvaje).
SUPAZTERREAN.- Sutondoan.
URRATS.- Pausoa.
XIRTXIKATU.- Despedazar.
ZOKO BATEAN KUKUTUA.- Zoko batean ezkutatua.

 

 

C1
27-04-1982
16168098
3984