Etsaia belarriaren ondoan?
Sakelako telefonoek sortzen duten erradiazio magnetikoa kaltegarria da giza zeluletako geneentzat. Horra hor Europako Batasunak bultzatutako ikerketa batetik atera duen ondorioa.
Saio hodietan eginiko esperimentuek ez dute zalantzarik utzi, baina frogatzeke dago zelulen ADNan sorturiko kalte horiek gaixotasun bilaka daitezkeen.
Hori argitzeko ikerketa gehiago egiteko beharra dagoela esan dute REFLEX egitasmoko zientzialariek, beste lauzpabost urte beharko dira behin betiko ondorioak atera ahal izateko.
Etsaia belarriaren ondoan?
Ika-mika handia sortu da eremu elektromagnetikoen arriskuen inguruan, sakelako telefonoak arrunt bihurtuz joan eta antenak teilatuetan ugaritu ahala. Hona hemen gaiari buruzko susmoak eta errealitateak:
Seguruak al dira? Ez dago erantzunik, oraingoz. Sakelako telefonoek erabiltzen duten teknologia oso berria da, eta ez da astirik egon epe luzeko eragina ote duten ikertzeko. Egundaino ez dago froga zuzenik telefonoek gaixotasunak eragiten dituztela esateko.
Zeintzuk dira susmoak? Telefonook sortzen duten erradiazio elektromagnetikoek osasunari kalte egin diezaioketela uste dute. Hainbaten arabera, gorputzeko zelulei, burmuinari edo immunitate sistemari eragiten diete, eta hainbat gaixotasun garatzeko arriskua handi dezakete, besteak beste, minbizia eta alzheimerra.
Zer diote ikerketek? Finlandian 2002an argitaraturiko ikerketa baten arabera, erradiazio elektromagnetikoak giza burmuinaren ehunei eragiten die. Suedian eginiko ikerketa baten aburuz, merkaturaturiko lehen telefonoen erabiltzaileei %30 handitzen zaie tumoreak izateko arriskua.
Arrisku handiagoa al dute haurrek? Adituek gomendatzen dutenez, umeek soilik larrialdietan erabili beharko lituzkete sakelako telefonoak. Uste dutenez, litekeena da erradiazioak eragin handiagoa izatea haurren burmuinetan, garatzen ari direlako, alde batetik, eta haien kaskezurra meheagoa delako, bestetik.
Zenbat erradiazio sortzen du telefono bakoitzak? Gailu bakoitzetik burmuinak zenbat erradiazio xurgatzen duen neurtzeko SAR maila erabiltzen da. Europan ezin da saldu kilo bakoitzeko 2 watteko SAR neurria gainditzen duen telefonorik. Gero eta SAR zenbaki handiagoa, gero eta arrisku handiagoa luke gailuak