Kartzelara emaztea zelatatzeagatik
Sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati, emaztearen Interneteko mezuak zelatatzeagatik. Eduki sexualeko hizketaldiak izaten zituen emazteak maitalearekin. Senarrak alabaren zaintza lortzeko epaiketan froga moduan erabili zituen.
Madrilgo Auzitegiak sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio gizon bati emazteak etxeko ordenadoretik Internet bidez zituen hizketaldiak zelatatzeagatik. Emazteak maitalearekin hitz egiten zuen msn.messenger bidez. Gizonak, Udo W., solasaldi hauek proba moduan erabili zituen alabaren kustodia lortzeko epaiketan. Orduan, emazteak senarraren kontra salaketa jarri zuen bera zelatatu izanagatik.
Internetera konexioak zirela eta, telefono-fakturak izan zuen gehiegizko hazkuntzak senarraren arreta erakarri zuen. Gauzak horrela, eblaster izeneko programa bat instalatu zuen etxeko ordenadorean. Programa honek etxeko ordenadoreko korreo elektronikoa nork irekitzen duen eta haren bitartez mantentzen diren elkarrizketen edukiak zeintzuk diren jakitea ahalbidetzen du.
Horrela jakin zuen emazteak maitalea zuela eta sexu-harremanak izaten zituztela, baita eduki sexualeko solasaldiak izaten zituztela ere. Gainera, emazteak beragandik banatzeko asmoa zuela ere jakin zuen.
Egoera honetan ikerketa pribatuko agente bat kontratatu zuen senarrak eta hizketaldi hauen berri eman zion. Laster, epaileak, proba hauek esku artean zituela, alabaren kustodia senarrari eman zion. Alabaina, emazteak senarraren eta honen detektibearen kontra salaketa jarri zuen sekretuak ezagutarazteagatik. Azkenean senarrari sei hilabeteko kartzelaldia ezarri diote.