Uholdeak: Lur planeta hozteko beharra

Aurreko asteburuko euriak ikustean, bazirudien gure ibaiek berriro ere gainezka egin behar zutela. Ez da horrela suertatu oraingoan, geurean behintzat, baina bai Katalunian eta beste tokitan ere.

Dena den, iraila oraindik ez da bukatu, eta garai hauetan eurite eta eguraldi txarrak ohikoak dira Ipar Hemisferioan. Hortxe, adibidez, Amerika aldean ematen diren urakanak. Uda bukaeran ez ezik, uda hasiera bera ere izan daiteke txarra. Hortxe, bada, Asia aldean maiatzean izan zituzten tifoi zein zikloi gaiztoak, besteak beste Txina inguruan milaka kaltetu eragin zituztenak. Kalteak kalte, aurtengo udan ez omen dira maila historikoak lortu, zorionez, baina, hainbat zientzialariren arabera, okerrena iristear egon daiteke.

Ingalaterran bai lortu direla uda honetan maila historikoak. Ez euritan, berotan baizik. Bildu diren datuen arabera, joan den uztaila azken laurogei urteotako beroena izan omen da Ingalaterran. Eta, seguru asko, Euskal Herrian bezalaxe, lehorrenetakoa. Ez omen dator horrela udazkena. Izan ere, Londresko Komertzio eta Industria Sailak eskaturiko lan baten arabera, irailaren amaieran edo urriaren hasieran izugarrizko uholdeak gerta daitezke. Aurreikuspenen arabera, Cardiff, Hull eta Portsmouthen iaz New Orleansen gertatutakoaren antzekoa izateko arriskua dago.

Hau guztia, jakina, askok eta askok gizakiok eragindako klima-aldaketarekin lotzen dugu. Areago, zenbaiten ustez, laster atzeraezina izango den egoera batera irits daiteke gure Lurra. Izatez, gure planetaren atmosferak karbono dioxidoaren milioiko 440 parte baino ezin ditu gorde bere baitan. Egun 380 daude jada, eta, kalkuluen arabera, 20 urteren buruan, edo lehenago, iritsiko gara goian aipatutako mailetara. Ordutik aurrera gerta daitekeena ezin jakin, baina ezer onik ez.

Hortaz, hainbat zientzialariren ustetan, 10 urte baino ez daukagu hau aldatzeko, gero gertuegi egon baikaitezke muga arriskutsutik. Jakina, karbono dioxidoaren kontzentrazioaren gorakadarekin batera beroa dator. Batezbesteko tenperaturak igo egiten ari dira etengabe, eta izotzak urtzen. Adibidez, 2005eko udan Ozeano Artikoaren izotz iraunkorraren azalera 750.000 km2 ingurutan murriztu egin zen, inoiz gertatu den galerarik handiena. Horrela segituz gero, laster uda bukaeratan itsasontziak Artikotik pasa ahal izango dira nabigazio bide berrietatik.

Baina, Arktikoko izotzak urtzeak nabigaziorako alde onak izan ditzakeen bitartean, klima berotzeak eragin gaizto asko ekartzeko beldur handia dago. Horren aurrean zientzialari andana ari da azken urteotan proposamen ikusgarriak egiten geoingeniaritza deitzen den arloan. Zientziaren esparru hau berria da, eta aldeko zein aurkako ahots asko jaso ditu. Definizioz, Lurraren ingurumena gizakiaren beharretara egokitzeko berrantolaketak egitea eskala handian da geoingeniaritza.

Esaterako, 1995eko Nobel sariduna den Paul Crutzen kimikariak gure planetaren klima hozteko estratosferan sulfuroa injektatzea proposatu du. Aldiz, Roger Angel astronomoak, Lurraren inguruko orbitan tximeleta baten pisua eta 60 zentimetrokoak izango liratekeen bilioika lente jartzea aldarrikatu berri du eguzkiaren izpiak desbideratzeko. Espaziora eguzki izpien kopuru handiago itzularazteko beste ideia batzuen artean badaude basarmotuetan film islatzaileak jartzea, plastiko zuriko irla erraldoiak sakabanatzea itsasoetan edo hodeiak lurrun gaziarekin zipriztintzea. CO2 suntsitzeko, ozeanoak milaka tona burdinarekin ongarritzea izan liteke berotegi efektuari aurre egiteko beste bide bat.

Baina kontua ez da neurri izugarri garestiak hartzea. Bai, bide hauek klima oso azkar hoztu dezakete baina inork ez daki albo-ondorioak zein izan daitezkeen. Ezin dugu jainkoak izatera jolastu. Bai ahal ditugula berotegi-gasen kopuruen isurtzea murriztu, energia berriztagarriak garatu eta energia-kontsumoa arrazionalizatu. Berandu baino lehen, mundu-mailako zentzuzko ingurumen-politika behar dugu, ez partxeak edo geoingeniaritzak proposatzen dituen zientzia-fikziozko neurri paregabeak. Zeren zain gaude, bestela? Ala, Nottinghameko unibertsitateko Peter Smithek bezala esan beharko dugu katastrofeak behar direla politikoen erreakzioak abiarazteko? Espero dut ezetz, baina bitartean uholdeak etorri, badatoz.


Te interesa



C2
21-09-2006
  • Nuñez , Koldo
16511958
4649