Ikusezina izatearen sekretua

Nola bihur daiteke objektu bat ikusezin?

Erraza da: begiratzen den tokitik begiratuta ere, objektuaren ordez, objektuari atzetik datorkion argia ikusaraziz. Hirian auto bat ikusezina izango da autoari begiratuta autoaren beste aldea ikusten bada, pareko espaloia, adibidez. Bai, baina nola egin daiteke hori?
Erantzuna fisikari teorikoek dute. Egia esan, modu asko dago, eta azkenekoa Londresko Imperial Colledge ospetsuan proposatu dute. Ideia argi-izpiak okertzean datza; autoari pareko espaloitik datorkion argiak, autoaren kontra talka egin beharrean, hura inguratzen badu, eta beste aldera zuzen jarraitzen badu, ikusleak autoaren atzean dagoena ikusiko du, espaloia, eta ez autoa bera.
Horretarako, argi-izpiak nahi bezala bideratu behar dira. Londresko fisikarien ustez, hori metamaterialen bitartez egin liteke, errefrakzio-indize negatiboa duten materialak baitira. Horrek esan nahi du argia edozein norabidetan desbideratzeko ahalmena dutela. Beraz, objektuaren kanpoaldean material hori txertatuta lor liteke ikusezin bilakatzea.
Ideia teorikoa da, baina metamaterial horiek existitzen dira gaur egun; ingeniariek jadanik egin dituzte laborategian. Fisikarien ustez, beste uhin batzuekin gauza bera egin liteke, irrati-uhinekin adibidez, eta, hala, edozein objektu uhin horietatik babes liteke. Ideia teorikoa da, baina laster gauza liteke laborategian.

 




C2
11-10-2006
16511373
3449