Urrezko buztina zabortegietara

Orain aste bi, hedabideetan oihartzun handia izan zuen aurkitu berri den Superlurrak. Izan ere, berau da «bizia ezagutzen dugun bezala» izateko baldintzak dituen aurkitzen dugun lehenengo planeta. Aurkikuntza horrek poztu ditu zientzialariak, batetik, frogatuko lukeelako bizia, ezagutzen dugun bezala, posible dela hemendik kanpo ere eta, bestetik, inoiz gizakiok ere teknologia garatuz gero, bertara iritsi eta koloniza genezakeelako. Hau da, Kolon almirantearen garaietara itzul gintezke. Aldaketa klimatikoak, gerra nuklearrak eta beste hainbatek gizakia mehatxatzen duten garai hauetan, Sagan eta Hopkins fisikariek proposatu zuten bezala, nora ihes egin ere aurkitu behar dugu berandu baino lehen.

Baina zertarako arduratu horrenbeste zeruarekin, Lurraren gehiena oraindik ezagutzeko geratzen bazaigu? Eta ezagutzen dugunaren zati handi batek oraindik sorpresa asko eman ditzake. Esaterako, une batean ezertarako balio ez duena hurrengoan oso baliagarria bihur daiteke, teknologia aproposak eta ezagutza garatzen direnean. Horrela gertatu izan da, besteak beste, petrolioarekin, zikinkeria arriskutsu izatetik ziztu bizian urre beltza izatera pasatu zen teknologiak eta erabilerak garatu zirenean. Beste batzuetan, gai bati behin etekinen bat aterata, zabortegietan pilatu da, beste ezertarako ez omen zuelako balio.

Bide horretatik ibil daiteke sepiolita izeneko mineral bat. Oso dentsitate gutxikoa da, eta uretan flotatzen duen mineral bakarra da. Hortaz, «itsas-aparra» izenarekin ere ezagutzen da. Egun, erabilera gutxi ditu, baina askok eta askok etxean daukagu hortaz jabetu gabe. Buztin horren ezaugarrien artean, ura eta beste likidoak ikaragarri zurgatu eta ondo gorde ahal izatea dago, eta horregatik erabiltzen da etxe askotan katuek bertan beren beharrak egin ditzaten. Magnesio silikatu bat da, eta mikrohodi paraleloek osatzen dute buztin honen egitura kristalinoa, agregatu azikularrak osatuz. Hodi horietan, ura eta nanopartikula asko gorde daitezke, eta, behar bezala landuz gero, gai berriak sortu eta era berrietan erabili. Oraindik ezer gutxi dakigu sepiolitaren erabilgarritasunari buruz, baina etorkizun handia duela gero eta argiago dago.

Baina buztina bada ere, ez da edozein tokitan aurkitzen. Mundu osoan ezagutzen diren erretserben %80 Madril ondoan daude, eta ehun bat milioi tonatara irits daitezkeela kalkulatzen da. Buztin hau bertan pilatu zen, klima idorraren ondorioz noizbehinka lehortzen ziren laku batzuetan duela 15 edo 20 milioi urte, Miozenoan. Inguru haren ezaugarriak oso bereziak ziren, ondoan altxatzen ari ziren mendi granitikoetatik higatzen zen apurra baino ez baitzen iristen. Egon bazeuden, beste antzeko arroak Iberiako penintsulan, baino askoz txikiagoak ziren. Hala, Zaragoza, Caceres, Sevilla eta Segoviako probintzietan orain arte ustiatu dira harrobi txikiak. Eta Iberiako penintsulatik kanpo oso sepiolita gutxi ezagutzen da. Sepiolita, bestalde, Madril inguruan ugaria bada ere, erabilera gutxi izan ditu duela gutxi arte. Izan ere, XVIII. mendean tabakoa erretzeko pipak egiteko eta Buen Retiroko lantegiko portzelana egiteko erabili zen, baina hortik aurrera ezer gutxi.

Dena den, XX. mendearen azken laurdenean zabaldu egin zen katuek beren beharrak etxean era higieniko batean egin ditzaten. Erabilera xume horretan erabiltzen da egungo ekoizpenaren %80, baina ikusita dituen ezaugarriak laster gure katuek beharrak beste nonbaiten egin beharko dituzte, seguruenik urrea erabiltzen ari garelako katuen komunetan. Eta urrea diote, nanoteknologiak horren garrantzi handia hartzen ari diren garai hauetan, sepiolitak paper nagusi bat joka dezakeelako. Mineral honekin orain arte ikerketa gutxi egin dira, baina dagoeneko aurreikusten da fungizidak, sentsore eta tinta magnetikoak, animalientzako elikagaiak, hondakinak estabilizatzeko eta polimeroen mikrokargak egiteko, bai eta medikuntzan, optika ez-linealean, optoelektronikan eta kimikan ere erabil daitekeela erruz. Etorkizuna argitzeko, beraz, Domino proiektua abiatu berri da Cenit programa barruan. Bertan, 17 enpresa eta 13 zentro teknologiko ariko dira lau urtean ikerketak egiten, 30 milioi euroko aurrekontuarekin.

Nik ez dakit Superlurrean sepiolitarik dagoen, baina argi dago hemen, gure ondoan bertan, asko dagoela oraindik ikertzeko. Ondo legoke, beraz, teleskopio batzuk itzultzea eta Lurra ikertzen jartzea. Kanpokoa ezagutu aurretik, hobeto bertakoa ezagutzea eta zaintzea. Bestela, segiko dugu balio handia duena komunetan erabiltzen eta zabortegietan pilatzen.


C2
09-05-2007
  • Nuñez , Koldo
16509151
7204