Lehen sorospenak eskolan

Maria Luisa Asurmendi (Donostia Ospitaleko Barne Medikuntzako erizaina)
Edurne Etxeberria (Zumarragako Ospitaleko Etxeko Ospitalizazioko erizaina)
Mª Isabel Elorza (Erizaintza Eskolako erizaina, antropologian doktorea)

1. AURKEZPENA
Egunero, eskoletan hainbat istripu txiki ematen dira eta behin baino gehiagotan irakasle arduradunen artean iritzi desberdinak daude, edo ezjakintasuna dago hauek gertatu ondoren eman behar diren oinarrizko zainketei buruz. Hori dela-eta, irakasle-talde batek (Zegamako eskolakoek hain zuzen ere) eskolako guraso erizain garenoi, ohiko arazo desberdinen zerrenda egin ondoren, horien aurrean eduki behar den jarreraren berri emateko proposamena egin ziguten. Horrekin, irakasle eta gurasoentzat ikastaro bat antolatu zen eta artikulu hau ikastaro horren emaitzaren laburpena da.

2. LEHEN SOROSPENAK: Definizioa eta ezaugarriak
Lehen sorospenak, istripuaren lekuan ematen diren laguntzak dira, zer edo zer, bakarrik ondo egiten ari garela ziur gaudenean egingo dugula jakinez.
Lehen sorospenen ezaugarrien artean honakoak azpimarra daitezke: Laguntza azkarra izan behar da; sorosleak ez du arriskuan jarriko ez bere burua ezta besteena ere; hiru oinarrizko pauta jarraitu behar dira: babestu (arriskua kontrolatu) istripua gehiagora joan ez dadin; abisatu, horretarako telefono-zenbaki garrantzitsuak eskura eduki; eta laguntza eskaini, lehentasunak aukeratuz.

3. BOTIKINA: Osagarriak
Lehen sorospenak egiteko behar diren oinarrizko materialen gordelekua botikina da. Hau itxia, leku lehor batean mantendua eta haurren eskuetatik urrun egon behar da.
Derrigorrezkoa da botikina era egokian edukitzea eta mantentzea. Horregatik eskolan norbaitek beti botikinaren ardura izan behar du, hau da ardura du egiaztatzeko beharrezko guztiak ote dauden, era egokian mantenduta, iraungipen-datak kontuan izan, berjarpenak behar direnean egin....
Gainera, eskolako botikinaren inguruan erraz ikusten den leku batean telefono garrantzitsuak (112, Herriko medikuarena, gertuko ospitalekoa edo Toxikologiako Institutu Nazionala: 915620420...) eta haur alergikoen zerrenda eskura izan behar dira, bertan adieraziz umearen izena eta alergia dion produktuaren izena.

Oinarrizko botikinak honako produktuak izango ditu:

- Babesgarriak: eskularruak, gazak (arruntak, Tulgrasum, Linitul...), bendak, esparatrapua, tiritak.
- Garbigarriak edo antiseptikoak: serum fisiologikoa, iodoa (alergietan: klorhexidina akuosoa), ur oxigenatua (sudur-jarioetarako).
- Tresnak: xiringak (serum fisiologikoa begietan botatzeko...), termometroa, linterna, pintzak, guraizeak, painelu handi bat (beso-euskarri bezala erabiltzeko), poltsa izoztuak, bero eta hotzetarako balio dutenak
Medikamentuak (etxeko botikinetan edukitzeko, baina jakinez pilulak edo jarabeak ematea debekatua dagoela eskoletan): mina eta sukarraren aurkako pastilla edo jarabeak (prospektuak gorde), erredurentzako pomada, hanturaren aurkako pomada, intsektuen ziztadentzako barratxoak (amoniakodunak...).

 


4. ARAZOAK
Arazoak izendatzerakoan, eskolako irakasleek emandako iritzia izan da kontuan eta eurek proposatutako istripuak, ohikoak kontsideratu dituztenak, landu dira, bakoitzarentzat oinarrizko lehen sorospenak aipatuz.

4.1. ERORKETAK: zauriak eta kaskarrekoak

Erori ondoren, haurrak zauria edo urratua badu, komenigarria da urarekin garbitzea eta behatzea ea zer edo zer ba ote dagoen zaurian sartuta. Zer edo zer egongo balitz, atera egin behar da, askotan pintzaren laguntzarekin; ondoren iodoa eman. Zauria txikia bada, bere horretan utzi, handixeagoak gaza batekin estal daitezke eta arrastada bada, baselina ematea edo gaza koipetsuak jartzea prozedura egokia da.
Haurrak kaskarrekoa hartzen badu, behatu haurra ea ondo ote dagoen frogatzeko eta izotza jarri kolpatu den lekuan.
Altuera batetik erortzen bada, begiratu konortea, arnasa, eta pultsua galdu duen edo ez. Badaezpada ere haurra ez mugitu behaketa orokorra egin arte (batez ere zaindu lepoa).



4.2. SUDURREKO ARAZOAK

4.2.1. Sudurrean zerbait sartzen denean

Libre dagoen sudur-zuloa tapatu eta haurrei indarrez haizea botatzeko esango zaio. Askotan teknika hau erabiliz oztopoa bakarrik irtengo da. Ez bada irten eta oso ondo ikusten bada non dagoen, nahiko kanpoan dagoelako, pintza batekin ateratzen saiatuko gara. KONTUZ!!! Horrela ez bada, askotan barrurago sartuko dugu eta arazoa larritu egin daiteke.

4.2.2. Odoljarioa sudurretik

Haurraren burua aurreraka jarri behar da, odola irteten zaion sudur-zuloa estutuz. Horrela ez bada geratzen, izotza jarri kanpoaldean, aurrez deskribatutako posizio eta teknika bera mantenduz. Horrela ere ez bada gelditzen, sartu pintza batekin lagunduta gaza bat ur oxigenatuarekin (zenbat eta gorago, hobeto), gazaren zati bat kanpoan utziz.



4.3. BELARRIAN ZERBAIT SARTZEN DENEAN
Haurraren burua oztopoa dagoen alderdira jiratu eta belarria atzeratu, burua astinduz. Oztopoa non dagoen eta nahiko kanpoan dagoela ikusten badugu, pintza batekin ateratzen saiatuko gara. KONTUZ!!! Horrela ez bada, askotan barrurago sartuko dugu eta arazoa larritu egin daiteke.
Haurrari belarrian sartu zaiona intsekturen bat bada, olio-tanta batzuk edo ura xiringarekin bota daitezke. Baina teknika hau ezin da beti erabili, adibidez haziren bat sartzen bada belarrian, urarekin edo olioarekin handitu egin daiteke eta arazoa larritu; beraz, azken teknika hau aukerakoa da.

 


4.4. BEGIAN ZERBAIT SARTZEN DENEAN

Haurrari begiak kliskarazi. Mantendu haurraren burua ahal den geldiena eta leku guztietara begirarazi, sartu dena non dagoen lokalizatzeko (linterna erabilita errazago). Oztopoa oso garbi ikusten bada, mukizapi baten iskin batekin ukituz kendu. Horrela ezin badugu atera, xiringa bat urez edo serumez bete ondoren, zuzenean bota begirantz, begia ondo irekiz. Ezin badugu atera, medikuarengana eramango da haurra.

 

4.5. KONTRAKO EZTARRIRA ZER EDO ZER JOATEN BADA
Kontrako eztarrira zer edo zer joaten denean, arnasbidea erabat edo partzialki itxi daiteke eta eman behar diren lehen sorospenak desberdinak izango dira.

4.5.1. Arnasbidea partzialki ixten bada

Haurra kontziente egongo da eta eztula egingo du. Larritu gabe haurrari eztula egiten utziko zaio, eztula objektu hori ateratzeko gorputzaren defentsa-mekanismoa besterik ez delako. Ez da komeni, ohituraz egiten den bezala, bizkarrean kolperik ematea.



4.5.2. Arnasbidea osorik ixten bada
Erabateko eragozpena egongo da arnas aparatuan eta biriketako aireak ezingo du kanpora atera. Haurrak ezingo du ez eztula egin, ez hitz egin eta ez arnasarik hartu. Eskuak eztarrira eramango ditu. Oso aztoratuta egongo da. Hasieran kontziente egongo da, baina arnasaren arazoa ez badugu konpontzen, konortea galduko du berehala.



Hartu beharreko neurriak.
Lehenengo, ahoa begiratuko da, linternarekin behar bada eta oztopoa aho barnean badago, hatz erakuslearekin, hau kako modura jarrita, ateratzeko saiakera egingo da.
Ahoan ezer ez badago, haurra buruz behera jarriko dugu, soroslearen besoa umearen gorputzaren azpian jarrita eta eskuarekin haren kokotsari helduz. Beste eskuko esku-orpoarekin (esku-ahurraren eta eskumuturraren arteko zonari esaten zaio horrela) bi omoplatoen erdian kolpeak emango dira, barrurantz eta gorantz. Bost bat kolpe eman ondoren, buelta emango zaio haurrari eta berriro ahoa begiratuko zaio. Ez bada ezer ikusten, gora begira eta burua behean duela, esku-orpoarekin urdail gainean presionatuko da barrurantz eta gorantz, 3 bat aldiz.
Haurra hanketatik helduta ere zintzilikatu daiteke sorbalden artean jo ahal izateko, ea horrela libratzen ote den. Ondoren, ahoa begiratuko da eta ez badugu ezer ikusten eta arnasarik gabe badago, ahoz ahokoa egiten hasiko gara.


 

Bihotz-biriketako bizkortzea (BBB)
Teknika hau burutu ahal izateko, haurraren sorosle batek, bi bularrak lotzen dituen marraren azpian hatz bat jarriko du eta ondoren, beste bi hatzekin 30 kolpe eman behar ditu. Beste sorosleak ahoan 2 arnasketa emango dizkio, elkarri tartea emanez eta ozenki kontatuz. Beste pertsona batek anbulantziari deituko dio lehenbailehen. 5 saio egin ondoren, masajea gelditu, behatu ea pultsua eta arnasa ba ote dituen, eta ez baldin badu pultsurik edo arnasarik, segi maniobra bera eginez laguntza etorri arte edo/eta haurrak arnasa eta zirkulazioa berreskuratu arte. Kasu honetan saiheskako segurtasun-posizioan jarriko da umea.
Saiheskako Segurtasun Posizioa: Kolperik jasan gabe konorterik ez duten pertsonetan, baina arnasa eta pultsua dutenetan erabiliko den jarrera da. Egokia da gorakoak kontrolatzeko eta mihia atzera ez joateko.

 

4.6. BAT-BATEKO ZORABIOAK

4.6.1. Haurra konturatzen bada zorabiatzera doala


 

Sorosleak haurra lurrean etzanda jarriko du eta hankak igoko dizkio.
Ondoren, estutu dezaketen jantziak (prakak adibidez) askatu egingo dira. Denboraldi batez egon dadila posizio horretan eta bitartean haizea emango zaio, abanikatuz edo leihoa irekiz. Pasatzen ari zaiola dionean, ez da bat-batean altxatuko, baizik eta jaiki aurretik eserita egon dadila gomendatuko zaio.

4.6.2. Haurra ez bada konturatzen zorabiatzera doala

Haurra bat-batean lurrera erortzen bada edo lurrean aurkitzen badugu, honako hiru puntu hauek izango dira kontuan:
  1. Kontziente dagoen ikusi masailean jota, bere izenez deituta... Erantzuten badu, aurreko puntuan esandakoa egin beharko da.

    Ez badu erantzuten:
  2. Arnasa hartzen duen edo ez behatuko da. Hau jakiteko, aurpegiko masaila aho parean jarri edo toraxa igotzen ote den behatuko dugu . Ez badu arnasarik hartzen, ahoan bi arnasketa eman. Toraxa igotzen bada, biriketara haizea iristen dela ikusiko dugu.

    Arnasa emateko, urtebete baino txikiagoei, sudurra eta ahoa hartu beharko zaizkie soroslearen ahoarekin; zaharragoei berriz, hatzekin sudurra itxi eta arnasa zuzenean ahora bota behar zaie.
  3. Pultsurik ba ote duen konprobatuko dugu; gehienetan karotida arterian behatuko bada ere, urtebete baino txikiagoei, lepo motza eta koipetsua dutenez, arteria humeralean behatuko zaie.
    Pultsua baldin badu, zirkulazioa duen seinale. Orduan 20 bat arnasketa egin eta bitartean, beste pertsona batek  112-ra deituko du.
    Pultsurik ez badu, masajearekin hasi. Oso garrantzitsua da masajearekin lehenbailehen hastea,  gorputzeko organo garrantzitsuenak (burmuina, birikak, bihotza eta giltzurrunak batez ere) oxigenorik gabe gera ez daitezen. Burmuineko neuronak 4tik 6 minutura egon litezke oxigenorik gabe.
 

4.7. KONBULTSIOAK
Haur bat konbultsioekin hasten bada, lehen neurria umea babestea izango da, inguruko objektu arriskutsuak, gogorrak edo ertzak dituztenak kenduz. Arropak askatzea eta burukoa edo kuxin bat buruan jartzea ere komenigarria da.
Konbultsioak dituen haurrari ez zaio ezer sartu behar ahora,ezta gogor eutsi ere;  konbultsioak irauten duen bitartean, beharrezkoa da norbait egotea bere ondoan eta gorakoak izango balitu, albo batera jarri behar da haurra. Konbultsioaren ondotik, pultsua, arnasa begiratu eta saiheskako segurtasun-posizioan jarri haurra. Ez eman ezer ahotik. Ospitalera eraman, batez ere lehenengo aldia bada. Bertan garrantzitsua da jakitea:
− Zer ordutan hasi den konbultsioa
− Zenbat iraun duen krisiak
− Nolako kontrakzioak izan diren
Haurretan ere sukar altuak konbultsioak eragin ditzake. Prozedura berdina erabili behar da eta tenperatura jaisten saiatu (arropa kendu, zapi bustiekin igurtzi....).

4.8. ERLEEN ZIZTADAK
Konprobatu erlearen ziztada dela. Horrela bada, pozoia eta eztena utziko ditu. Poliki atera pintza edo azazkalekin. Izotza jarri edo amoniakodun produkturen bat ere jar daiteke. Haurraren eboluzioa behatu.
Ziztada eztarrian izan bada edo/eta ziztadak ugariak izan badira, ospitalera eraman behar da Alergikoa balitz, kontu berezia izan.




4.9. XABOIA EDO LIXIBA IRENTSI BADA

Haurrak toxikoren bat hartu duen susmoa egongo balitz, produktu horren etiketa hartuz, toxikologiako zentrora deitu beharko litzateke, argi esanez:
− Zer hartu duen
− Zenbat kantitate
− Zenbat denbora pasa den hartu duenetik
Toxikologiako zentroaren erantzuna jasotzen den bitartean, ezer ez eman ahotik, ez eragin gonbitorik, eta umearen egoera behatuz joan ospitalizazioa beharrezkoa kontsideratu daitekeelako.




B2
29-07-2009
16500858
11096