Hamaika ikusteko jaioak gara

Lantegietan langileei egiten omen zaizkien drogazaletasun azterketen kontra idazten du. Kontrol horien egokitasuna zalantzan jarriz.

Tourra amaitu berri da eta dopinkontrolak hizpide izan ditugu komunikabideen kirol tarteetan. Ohituta gaude horre kin. Hala ere, harriagoa gertatzen zaigu antzeko kontrol sistematikoak beste alor batzuetan ere aplikatzen direla jakitea. Leitu berri dudanez, EEBBetako enpresa handien % 80k droga-kontrolak egiten dizkie bere langileei. Kirolariek bezala enpresa horietako enplegatuek gernu-analisiak pairatzen dituzte ustekabean.
Produktibitatea da, noski, horren aitzakia. Izan ere, EEBBetan eginiko azterketa baten arabera, enpresen produktibitatean 14,2 milioi dolar galdu ei ziren 1992an drogak hartzearen eraginez. Beraz, enpresek -dirua dirua da etalangileen ohiturak kontrolatzeari ekin diote eta industria berri indartsu bat sortu da EEBBetan: drogatestak egiteko enpresak.
Zenbait lanbidetan horrelakorik egitea uler daiteke eta, apika, beharrezkoa ere bada: hegazkin-pilotoen kasuan, adibidez. Baina, zein zentzu du horrelako praktika zabaltzeak gizarte-kontrola ez bada? Etikoki zuzena denetz at utzita, horrelako kontrolak langiro desegokia sortzeko bidea dira, beldurra eta konfidantza-eza medio. Ebidentzia garbirik ba al dago porrua lantzean behin erretzen duen pertsona langile eskasagoa denik? Ez dirudi.
 Eta bestetik, drogaarazo larriak dituen pertsonari egin dakiokeen kalterik handiena lana bat-batean galtzea da, arazoa gainditzeko atea ixten zaio eta.
Halaber, eta drogak kaltegarriak direla onarturik ere, enpresak horrelako sokatik tiratzen hasten badira, non egongo da muga? Kontrolatzen hasita, enplegatuen asteburuetako tragoak kontrola daitezke, astelehenean zaldi urdina arrapaladan ibil ez dadin edota txuleta larregi jaten duten, kolesterolak hezurreri krisiak eragin baititzake edota putanerrik ba ote dagoen plantilan purgaziorik edo gaitz larriagorik harrapatzeko arriskua neurtzeko edota besaulkibola baino kirol arriskutsuagorik egiten duten, ez dezaten orkatila bihurritu korrika dabiltzanean eta baja hartu...
Zentzugabea, ezta? Bada, argi ibili, guganaino iristeak ez ninduke harrituko eta.
Gaizki esanak barkatu.




C1
30-07-1999
  • Irazabalbeitia , Iñaki
16443437
4453