Liburu lapurreta

Liburuen lapurretari buruzko erreportaje laburra. Liburudendetako jabeen iritzia eta lapurrena ere azaltzen da.

GARIKOITZ BERASALUZE / Donostia

Liburuak lapurtzea zigortu ala saritu beharrekoa da? Saltzaileek eta liburutegiek argi dute erantzuna: zigorra. Lapur askok kultura gosez lapurtzen dutela diote eta, beraz, bultzatu eta saritu beharrekoa dela liburu lapurreta. Idazleek zalantzak dituzte, eta askotariko iritziak.

Bota dezala lehen orria inoiz libururik lapurtu ez duenak. Egia esan behar bada, zaila baita literaturazaleen artean etxean lapurtutako libururen bat ez duen norbait topatzea. Gaztetan egindako bekatuak izaten dira gehienak. Adinak aurrera egin ahala, beherantz egiten du lapurraren ausardiak, eta handitu egiten da kontzientziaren harra.

Liburu denda eta liburutegietan lapurretan harrapatzen dituzten gehienak, esaterako, gazteak dira. Liburu denden kasuan, normalean gurasoei deitzen zaiela esan digu Donostiako liburu denda bateko arduradunak: «Gurasoak jakinaren gainean uzten ditugu horrelakoetan. Adin nagusikoa bada, berriz, ordainarazi egiten diogu liburua eta datuak hartzen dizkiogu. Salaketei dagokienez, guk ez dugu inoiz salaketarik jarri, baina badakit saltoki handiek salaketa jarri ohi dutela».

Liburuak sotanapean gordeta

Hala ere, arduradun horren hitzetan, ez dira gazteak bakarrik aritzen lapurretan. «Behin, Bilbon lan egiten nuenean, apaiz bat harrapatu genuen, sotana eta guzti, informatikako liburuak lapurtzen. Kleptomano hutsa».

Liburutegiak ere horrelakoz beteak daude. Eta horrek sutu egiten ditu liburutegietako arduradunak. Institutu batean baino gehiagotan esan digutenez, «dagoeneko ez dakigu zer egin. Lapurreta baino gehiago arpilatzea ari da bihurtzen hau azken urteotan». Eta horrek haserre jartzen ditu liburutegietako arduradunak:  «Ez dago eskubiderik. Erraztasun guztiak dituzte liburuak etxera eramateko, fotokopiak ateratzeko, nahi dituzten kontsultak egiteko eta, hala  ere,  lapurtu  egin behar».

Idazleen artean, berriz, askotariko iritziak bildu ditugu eta, batzuen arabera, gazteen artean ezin da zigortu liburu lapurreta. «Lapurretan harrapatuz gero, hilabete bateko epea eman behar zaio gazteari liburuaren laburpena bi orrialdetan egin eta liburu denda edota liburutegian aurkezteko. Lapurtutako liburua, berriz, Hezkuntza edo Kultura Sailak ordaindu behar luke». Izan ere, lapurreta dela eta liburu denda itxi behar izan duenik bada. Ezaguna da Masperoren kasua.

LIBURU lapurreta dela eta, eztabaida sonatua eragin zuen 1997ko urtarrilean Jon Odriozola kazetariak Egin egunkarian argitaraturiko zutabe batek. Bertan, liburuak lapurtzea proposatzen zuen Odriozolak; lehenik, bere etxeko liburutegiko ia bi herenak lapurtutako liburuak zirela aitortu zuen. Odriozolak berehala jaso zuen Luis Maria Jimenez de Aberasturi argitaratzailearen erantzuna, Inozo bati eskutitza izenburupean.

Argitaratzaileak liburu lapurretaren aurkako zenbait aipu gogoratzen zituen. Tartean, Krutwigena: «Zure etxera joan eta liburu bat lapurtzen dizuten haiek, fusilatzea merezi dute, besterik gabe». Besteak beste, lapurra eta inozoa deitu zion erantzun hartan Aberasturik Odriozolari. Hurrengo egunean erantzun zion hark argitaratzaileari, lapurrak etxetik liburuak eramaten dituzten poliziak, liburuak ez baina milioika pezeta lapurtzen dituztenak, liburuen prezioa jartzen dutenak eta abarrak direla esanez. Marxen aipu bat ere testuratzen zuen Odriozolak: «Patroiaren ondoren dendaria duzu zain, azken sosa miazkatzeko». Zenbaitek, liburu lapurrak zirela aitortuz, gutunak ere bidali zituzten egunkari hartara, Odriozolaren alde agertuz. 

Testuak aldez aurretik ezarritako teoria baten arabera interpretatzea erosoa da, teorien eta praktiken artean beti dagoelako intersekzio punturen bat, nahiz eta puntu horri eustea anekdota hutsean geratzea litzatekeen.

Benetako azterketak harantzago joan ohi dira eta, batzuetan, gurea bezalako literatur mundu homologagaitzen berri emateko gauza ez zirelakoan, paradigma berriak proposatzera ere iritsi dira. Literatur ikertzaileak irakurleak dira, gauza jakina da hori; zenbaiten iritziz irakurle berezituak dira, baina irakurleak azken batean. Baina, deskripzio lan metodikoetatik interpretaziora iragan nahi dutenean tentu handiz ibili behar dute. Bestela, beste ikertzaile hari gertatu zitzaiona gerta baitakieke (argumentua sinplea da): idazle bat terrorista ote den susmatzen hasi da polizia (nahiz eta gero eta arraroagoa den gaur egun), eta etxeko garbitzailearen bitartez konputagailuko informazio guztia kopiatu eta aztertzen hasi dira, horretarako propio sortu duten exegeta-brigada baten laguntzaz. Brigadakoek oso garbi daukate zer bilatu behar duten, eta aurkitu ere bai: era guztietako mezu kodifikatuak, manifestu politiko iraultzaileak, zuloen kokapenak, eta beste. Brigadako kide bakar bat dago zalantzatan («baina, aizue, oso poema onak dira»), baina idazle errugabearen aurkako epaia emanda dago. Testuinguru egokian kokatuz gero, edozer izan daiteke sinesgarri borondate oneko irakurlearentzat; esaterako, ideia hori lantzen ari nintzela Egin afera etorri eta bertan behera utzi behar izan nuelakoa. Sarritan, literatur aztertzailearen jarrera exegeta-brigadarenaren antzekoa da: ikusi nahi den hura ikusten dute soilik, aurreiritzietatik urrunago edo hurbilago dagoen neurrian, diziplinaren eta literaturaren beraren aurrerakuntza oztopatuz.

 


 




B2
19-03-1999
16438709
1808