Iraganeko baserriak, etorkizuneko eraikuntzak

Baserria arkitektura ikuspegitik aztertzen du. Jatorria eta berezitasunak aztertu dituzten adituen iritziak ekartzen ditu.

NAGORE IRAZUSTABARRENA/

Nekazari jardueraren beherakadak eraginda, hormigoiaren epidemiak jota, azterketa zehatzik ezean ezjakintasunak folklorizatuta, arduragabekeriaz abandonatuta, topikoen pisua jasan ezinik eraitsita... ez dirudi baserriak etorkizun beltza saihesteko egoeran daudenik. Duela mende bat 45.000 ziren Euskal Herri osoan. Azken urteetako erritmo berean desagertzen badira ordea, 200 urtetan ez da alerik geratuko.

Baina, duela 500 urte sortutako eraikuntza hauek kalitate handikoak dira eta Europako etxe onenen artean daude. Etorkizunerako baliagarriak dira beraz. Euren egitura zehaztasunez azter dadin eta ondare gisa duten balioa onar dadin hainbat ahalegin egiten da, baserriaren ustiapen ekonomikoaz landa ere arkitektura mota honek etorkizuna duela erakutsiz.

Baserritarrari bere etxearen adinaz galdetuta erantzun ezberdinak izaten dira aukeran: "Izugarri zaharra da, oso oso zaharra, erromatarren garaikoa—edo!" da horietako bat, edo "izugarri zaharra; pentsa, nire aitona hemen jaio zen!". Eta hori Bizkaiko Labe Garaien adina duela esatea da. Baserritarrak baserria erabiltzen daki, baina ez du sarritan duen ondarearen balioa ezagutzen. Baina ezjakintasun hori ez zaio soilik eraikuntzaren jabeari leporatu behar, oro har gizartearen gaitza baita. Baserriaren adina ezagutzeko artxiboetara jo behar da eta hori egin du Alberto Santana Bergarako UNEDeko Arte eta Historia irakasle deustuarrak. Dokumentu zaharrek erakusten dutenez, etxe mota hau duela 500 urte sortu zen.

Santanaren esanetan 20ko hamarkadan "euskaldunok gure etxeei buruz gehien genekienak ginen". Joaquin Irizar, Pedro Guimon eta Alfredo Baeschlinen lanak eman ziren argitara urte horietan. Lan baliagarria egin zuen belaunaldi horrek, baina Gerra Zibilak azterketak eten eta ordutik aurrera horien lanak berrargitaratu besterik ez da egin. Azterketa etnografiko edo antropologikoak egin izan dira, baina "kutsu folklorikoarekin". Ikerketa arkitektoniko zehatzik ez. "Azkenean, gezur eta topiko ugari behin eta berriro errepikatzen ari dira eta baserritarrek ere sinetsi egin dituzte".

Topikoak hausteko, ezjakintasunari aurre egiteko, Santanak, Donostiako Arkitektura Eskolako ehun ikaslerekin batera, oinarritik hasita baserrien azterketa sakona burutu du. Emaitza 500 orrialdeko erreferentzia liburua izango da eta 2001ean argitara emango da Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolakuntza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren eskutik.

Perretxikoak bezala

Baserria eraikuntza naturala da, euskal gizonaren eta lurraren arteko harremanetik espontaneoki sortua. Klimaren eta euskal familiaren beharren erantzun berehalakoa da, lurrak ematen duenarekin, aldameneko zuhaitzen egurrarekin eta pareko harriekin eraikitzen dena. Perretxikoak bezala sortu zirela, alegia, baserritarrak baserriak asmatzen zituela. Hau pentsatzea ingenuitatean erortzea da eta Baeschlin—en belaunaldiak horretan sinetsi zuen. Alberto Santanak urteak eman ditu baserriz baserri eta garbi ikusi du lurrak ematen dionetik bizi den baserritar baten etxea izateko (eta hemen lurrak gutxi ematen du) baserriak kalitate handiko eraikuntzak direla. "Europako etxe onenen mailan dago baserria".

Azterketa ikuspuntu historikotik burutu du Santanak, hots, artxiboetan arakatuz eta ez soilik baserritarrari galdetuz. Eta artxiboetan eraikuntza hauen benetako aurpegia topatu duela dio, "baserria eraikitzaileek eraiki zuten bezala ikusi nuen". Eta topiko bat apurtu nahi du horrela, autoeraikuntzarena. Lehenago etxeak baserritarrak berak eraikitzen zituen eta hain zuzen horregatik ez dute gaur egun arte iraun. Baina duela 500 urte, eraikuntzaren profesionalak sortu zirenean, sortu zen baserria.

Baserriak bestelako arkitektura lan onak bezala daude eginak, elizak eta jauregiak bezala, egileak eta teknikak berberak baitira. "Duela 500 urte Deustuko San Pedro eliza eraikitzen zuen berberak egiten zuen Agerretxe baserria, egurrezko habeak lantzeko teknika berberaz, harria harrobi berdinetik lortuz".

Badirudi arkitektura herrikoi, espontaneo, natural bat dagoela, arkitektorik gabea. Eta beste aldean litzateke arkitektura kultua, akademikoa, ortodoxoa, estiloduna. Santanak bereizketa hori baztertu egiten du baserri gotiko edo barrokoak ere badirela baieztatuz. "Goizean arkitektura kultua egiten zuena ez zen arratsaldean inozo bihurtzen". Baina beharrak desberdinak zirenez ez zuten baserri bat edo jauntxoen jauregi bat berdin eraikitzen. Azken finean baserria nekazariarentzat tresna bat da. "Baserritarrak ez zion arkitektoari eskatzen, 'egidazu baserri oso euskalduna oso gurea'. Ahalik eta hoberen egiteko eskatzen zion, lan erreminta sofistikatua".

Baserria linboan

Gaiaren inguruko argitalpen gehienek baserri gipuzkoarra, bizkaitarra, nafarra... bereizten dituzte. Baina elkarren ondoan dauden bi baserri erabat desberdinak direla ikusten dugu askotan, klima berdina eta harri eta egur errekurtso berberak izanagatik. Garai desberdinetan eraikiak dira, eta beraz, behar ezberdinei erantzun behar diete. Santanak arkitektura ikasleekin burututako azterketan, adibidez, 20—25 bat baserri mota bereizi dituzte.

Baserria linboan kokatu izan da, denboraren joan etorritik kanpo dagoen toki batean, etengabe errepikatzeko joeran —ez du kanpoko eraginik, ez du eboluziorik, historia ez da baserritik pasatu eta horrek markatzen du euskaldunen berezko izaera purua—. Santanaren aburuz, "baserrien mundua egin diren sinplifikazio horiek guztiak baino aberatsagoa da. Baserriak historia aberats eta anitza du, eta baserritarra munduari irekia bizi izan da". Baserrietan erabiltzen zen ensanblajea, adibidez, Alemania hegoaldean (Suabian) du jatorria eta horrek baserritarrek duela 500 urte eraikuntzako teknologia onena eta berriena jasotzen zutela esan nahi du.

200 urtetan akabo

Josu Tellabide donostiarrak urte mordoa darama baserrien inguruan lanean. Beregana hurbildu eta datu kezkagarriak eman dizkigu: 1865ean 743 baserri zeuden Donostian, 1993an 270 baino ez eta ordutik hona beste 41 desagertu dira. Duela ehun bat urte Gipuzkoan 12.000 baserri inguru omen zeuden; gaur ez dira 7.000ra iristen. Joan den mendean 45.000 ziren Euskal Herri osoan eta erritmo honetan jarraituta bi mende barru ez da bat bera ere geratuko. Ez EAEn ez Nafarroan , ez dago baserriak babesten dituen legeria berezirik (Iparraldeko egoera ezberdina da, aurreko orriko koadroan azaldu dugun moduan).

Eusko Jaurlaritzak esaterako Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen barruan lantzen ditu horrelakoak eta behar izanez gero, Kultura Ondasun deklaratzen ditu eta araubide zehatza abian jarri —hala egin zuen, adibidez, Loiuko Bengoetxe baserriarekin 262/1999 Dekretuaren bidez, Sondikako aireportuko zabaltze lanak zirela eta—.

Gipuzkoako Aldundia da Hegoaldean bere aurrekontuaren zatitxo bat baserrien babesari ematen dion bakarra.

Udaletan jarrera ezberdinak topatu daitezke. Jarrera positiboaren adibide gisa Altzoko kasua aipatu digu. Donostiaz hitz egitean, aldiz, ez du iritzi baikorregirik agertzen: "100 urte dituen eraikuntza bat berritzeko dirua jartzen da, baina Donostiako etxe zaharrenak babesteko ez da ezertxo ere egiten". Tellabidek 20 baserri katalogatu ditu ondare gisa, gehienak XVI. mendekoak. "Arazoa kulturala da. Ez dago baserriak babesteko kulturarik ez jabeen artean, ez politikarien artean".

Hala ere, baserriak zaharberritu ere egiten dira tarteka. Hori bai, berrikuntza asko ez da bereziki eredugarria.

Zaharrak berri. Zeberio haranean gara. Baserri eta dorretxeak ezker eskuin. Abandonatuta batzuk, berrituta besteak. Alfredo Baeschlin arkitekto suitzarraren liburu zaharra eskuratu genuenetik ("La arquitectura del caser—o vasco". Villar, 1968), Santa Kurtze auzoko Torrea etxea begiz jota geneukan; dorretxe zaharra, denboran zehar erantsitako egiturei esker baserri bihurtua. Autoa geratu eta hirugarrenez bertakoei galdezka jardun dugu. "Hiru bat kilometro aurrera egin eta bide bazterrean ermita bat topatuko duzue; haren gainean dago". Aurretik ere beste batek gauza bera esan digu, baina han ez dugu Torrearik topatu.

Buelta berriro toki berdinera eta ermita gaineko etxeari argazki zaharraren antza topatu ezinik gabiltza. Hormigoizko eskaileran gora egin, atea jo eta etxekoandrea azaldu zaigu. Argazkia erakutsi eta baietz, huraxe dela Torrea. Eskerrak eman eta sinesgaitz etxeari buelta eta buelta aritu gara, garaje berriaren teilatuaren gainean harrizko puntu erdiko arkuaren arrastoak topatu ditugun arte, dorretxe zaharraren garai bateko ate nagusia.

Geure begiekin ikusitako adibidea da, baina Tellabidek hamaika horrelako kontatu dizkigu. Zahar berritze lanak askotan gaizki egiten dira; baserriak goitik behera bota eta oso—osorik hormigoiz berreraikitzen dira. Arkitektoak mundu urbanoan daude ohituta eta askok ez daki egurrarekin lan egiten (Santanak Arkitektura Eskolarekin burutu duen azterketak ikasleak horretan trebatzea du helburu).

Batzuk aurrekontua aipatzen dute hormigoia aukeratzeko arrazoi modura, hormigoia egurra baino askoz merkeagoa dela esanez. Egia da inguru honetan Europako hormigoirik merkeena dugula, baina egia da, era berean, 100 urte ere bete ez duen hormigoizko eraikuntza ugari pitzaduraz josita dagoela, duela bost mendeko baserrien egurrezko egiturak zutik dauden bitartean.

Etorkizun beltza? Orain arte esandakoa kontuan izanda ezin esan baserriari etrokizun oparoa aurreikusten diogunik. Eta ez da merezi ez duelako. Alberto Santanak garbi du "hormigoizko hilkutxek baino bizi kalitate askoz hobea eskaintzen" duela. Etxe ekologikoa da, arnas hartzen duen etxea. Espazio handia du eta modulagarria gainera. Banaketa oso arrazionala badu ere, aldaketak egin nahi izanez gero erraz erantsi eta ken dakizkioke elementuak egiturari. Kokapen ederretan egon ohi dira, eguzkiarekiko ongi orientatuta. Gainera, egungo komunikabideek zibilizaziora gerturatu dituzte baserriak. Teknologia berriekin bateragarriak dira.

Horregatik, eta datuak ezkor izatera bultzatzen bagaituzte ere, Alberto Santanak ez du zalantzarik baserriak eraikin bezala biziraungo duela. "Etorkizuneko telepolisa, iraganeko baserrian dago".






C2
02-12-2000
  • Irazustabarrena , Nagore
16436111
4148