Ficha del Modelo de examen
Proteinak
Proteinak ezinbestekoak dira gure dietan; janari askotan daude: solomoan, oilasko-paparrean... Alta, Interneten proteinei buruzko kontsulta eginez gero, ez zaizkizu horrelakoak agertuko.
Animalia sinbolikoak ere bagara. Alegia, gauza bati begiratzen diogu eta ezin bere horretan bakarrik ikusi, beste esanahiren bat eman behar: bihotzean, maitasuna ikusten dugu; haritz-hostoan, aberria; eta makina-erremintaren sektorean, aberriaren patua. Eta sinbolizatuz-sinbolizatuz, gauza guztiak beste zerbait esatera iritsi direnean, zer uste duzu, bertan goxo egiten dugula? Bai zera: XXI. mendean gaude, zeinean, zientziaren eta teknologiaren aurrerapenei esker eta instintu predatzaile aseezin batek gidaturik, maila molekularreraino jaitsi gaitezkeen sinbolizatzeko material berrien bila.
Demagun, proteinak. Proteinak alde guztietan: proteina asko duten zereal-barratxoak; proteina gehiago emango dizutela iragartzen duten jogurtak; proteinaz topera dauden edariak... Zer arraio gertatzen ari da proteinekin? Zergatik bihurtu da hain inportantea gure jatenak eduki ditzakeen osagai guztien artean proteina-kopurua nabarmentzea?
Erantzuna politikoa da. Edo kulturala. Aber, bloke hegemoniko berri baten aurrean gaude, hori da kontua: estatu-kolpe isil bat gertatu da kontzientzia kolektiboan, zeinaren ondorioz gutxiengo marjinal batenak ziren praktikak, konturatzerako, edozeinen eguneroko errutinan sartu diren, halako moldez non orain, kalean gurutzatzen duzun jendeari randomkiro erreparatzen hasten zarenean, eskultura greziarren material berberekin eginak diruditenen kopurua harrigarriki altua baita.
Eta orduan hasten zara ulertzen proteinak zergatik bilakatu diren gaur egungo gizartea ulertzeko elementu zentral bat. Giharrak garatzeko lagungarriak direla esango dizute proteinomanoek. Baina alde praktiko horretatik harago, batez ere moralitate berri bat ekarri dute: jan proteinak zure gorputza perfekzionatzeko egiten duzun lanaren osagai gisa, bizimodu bertutetsu, zuzen eta estoiko batera iritsi nahi baduzu; eta batez ere, ez zaitez izan karbohidratoak eta gantzak barra-barra irensten dituzten sedentario dekadente tripaundi epikurear horiek bezalakoa. Esan ezazu: proteina! Ah, mingaina ere dominadak egiten ari dela ematen du hitza ahoskatze hutsarekin. Adora ezazu: proteina! Kartoizko pack beltz batean bilduta, kutxan ordaindu behar duzunean argi gera dadin gorputza zaintzen duzula, gizon izateari utzi gabe –historia honetan dagoen genero-joera ere ez baita despistatzeko moduko auzia–. Proteina santua. Proteina jainkoa. Proteinaz eginak zibilizazio honen zutabeak.
Eta honezkero berdin da nutrizionistek diotena, alegia normalean gure dietan ez dugula proteina eskas; gehiegi kontsumitzeak, epe luzean, osasunari kalte ere egin diezaiokeela. Animalia sinbolikoak baikara eta proteinak gure gorputz-produktua optimizatzeko objektu xamaniko bilakatu ditugu.
Animalia hutsak ere bagara batzuetan. Zehazki, astapotro galantak.
(moldatua)
Irudia: Pixabay
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Aberriaren patua. Aberriak zer izan behar duen adierazten duena, nonbait idatzita balego bezala. |
