Moby Dick
Hasieran, irakurleak pentsa dezake balea-arpoilarien bizitza miserablea dela gaia; gero, Ahab kapitainaren eromena dela, grina gaitzak joa Balea Zuria esetsi eta suntsitu beharrez; gero Balea eta Ahab eta planetako ozeanoa akitzen dituen jazarpena Unibertsoaren sinbolo eza ispiluak direla. Herman Melvilleren lan ezaguna itzuli du Juan Garziak, urte luzeetako lanaren ondoren. Literaturaren klasiko handienetako bat, nobelarik enblematikoenetakoa
EGILEA: Herman Melville
ITZULPENA: Juan Garzia Garmendia
ARGITALETXEA: Balea zuria
ARGITALPEN-URTEA: 2023
Hona pasarte bat (19. or.):
Esadazue Ismael. Duela urte batzuk -ez du axola zehazki zenbat-, diru gutxi edo batere ez neukalarik sakelan, eta gogo-pizgarri apartekorik ez lehorrean, burutan hartu nuen itsasketan abiatzea ea zertan zen munduaren urezko aldea. Horretara jotzen dut nik trenpu txarra uxatu eta zirkulazioa oneratze aldera. Noiz eta ikusten baitut neure burua muzinez zaputz; noiz eta azaro umel, lanbrotsu bat baitzait barrentzen ariman; noiz eta kausitzen baitut neure burua oharkabean gelditzera egiten zerraldotegien aurrean, eta segiziora biltzen parean egokitutako hileta orotan; eta bereziki noiz eta halako moduan baita nigan goibeltasuna nagusitzen ezen bultzagarri moral sendo baten beharra izaten baitut, bertan hasiko ez banaiz kalera irten eta jendeari jo eta kapela burutik kentzen banan-banan: orduan, etsia hartzen dut badela garaia ahalbait lasterren itsasoratzeko.